Autoen muga zergak, markak hausten

Donald Trumpek auto inportazioei ezarritako %25eko muga zergek mundu zabalean izango dute eragina, eta marka gehienetan. AEBetan bertan ere igarriko dira, osagaiak zergapetzearen ondorioz.

Autoak aparkatuta Tilburyko Portuan (Erresuma Batua). NEIL HALL / EFE
Autoak aparkatuta Tilburyko Portuan (Erresuma Batua). NEIL HALL / EFE
Irune Lasa.
2025eko martxoaren 27a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Autoen %40. AEBetan saltzen diren autoen %40 dira inportatutakoak. Mexikotik eta Kanadatik inportatzen dira auto asko, baina baita Europatik, Japoniatik eta Hego Koreatik ere.

Europan, kalte handiena Alemaniari. Alemania da Europatik AEBetara auto gehien esportatzen dituen herrialdea. Iaz 446.566 auto saldu zituen han (23.000 milioi euro). Eslovakia da zerrendan bigarrena. Han ekoitzitako 93.301 auto saldu ziren AEBetan iaz.

Osagai egileei ere kalte. Oraingoan, Trumpek automobilen osagaiak ere zergapetuko ditu mugetan, hala nola motorrak, transmisioak, potentzia treneko piezak eta osagai elektrikoak. Ondorioz, muga zergek osagaien Europako industriari ere egingo diote kalte, bai zeharka, bai zuzenean. Bosch, Continental... hainbat konpainia europarrek igarriko dute egoera berria, eta zer esanik ez Euskal Herrikoek. Izan ere, hemengo industriaren zati oso garrantzitsu bat enpresa inportanteekin aritzen da automobilentzako osagaien sektorean.

Kaltea AEBetako ekoizpenean. Pieza eta osagaien inportazioa zergapetzeko erabakiak eragina izan dezake AEBetan bertan ekoizten diren autoetan ere. Mexikorekin eta Kanadarekin zer gertatzen den argitu artean, Fordek eta General Motorsek ere igarriko dituzte muga zergak.

Volkswagen. Trumpek behin eta berriz dio atzerriko automobilgileek ez dutela zergarik izango ibilgailuak AEBetan ekoizten badituzte. Edonola ere, estatubatuarrak ez diren ekoizleek fabrika asko dituzte herrialdean.

Adibidez, Volkswagenek AEBetan saldutako bost autoetatik bat han bertan ekoizten du, Chattanoogan (Tennessee). Horrez gain, Volkswagenek bi lantegi ditu Mexikoko Puebla estatuan; batean Volkswagenak ekoizten ditu, eta bestean, Audiak. Volkswagenek AEBetan saldutako autoen %43 egiten dira guztira Mexikon eta Kanadan (Ontarion). Volkswagen taldeak AEBetan saltzen dituen autoen %36 ekoizten dira AEB, Mexiko eta Kanadatik kanpo. Horiek leudeke orain zergapetuta.

Stellantis. Ipar Amerikan 31 fabrika ditu guztira Stellantis taldeak: hamazortzi AEBetan, sei Kanadan eta zazpi Mexikon. AEBetan saldutako autoen %57 Estatu Batuetan bertan ekoizten ditu Stellantisek (Chrysler, Dodge, Jeep, Ram eta Fiat markakoak), eta beste %39 Mexikotik edo Kanadatik esportatzen dira merkatu estatubatuarrera. Horrek esan nahi du Stellantisen auto salmenten %4ri soilik eragingo lieketela zergek.

Mercedes. Alemaniako taldeak Tuscaloosan (Alabama) dauka auto fabrika nagusia, eta iaz 324.000 auto saldu zituen AEBetan. Konpainiak behin eta berriz azpimarratu du AEBetan ekoizten dituen autoen %60 esportatu egiten dituela gero.

Luxuzko autoak. Jaguar, Aston Martin, Ferrari eta luxuzko beste autoen ekoizleek ere sumatuko dituzte Trumpen muga zergak, halakorik ez baita ekoizten AEBetan, ezta USMCAren parte diren beste herrialdeetan ere.

Japonia. Mexikoren atzetik, Japoniak esportatzen ditu auto gehien AEBetako merkatura (40.000 milioi dolar iaz).

Toyotak baditu lantegiak AEBetan (11). Kanadan bi lantegi ditu, eta Toyotak eta Lexusak ekoizten ditu han. Mexikon ere bi lantegi dauzka; pick up motako autoak ekoizten ditu Kalifonia Beherean, eta Corolla modelokoak Guanajuaton. Oro har, Toyotak AEBetan saldutako autoen %48 Estatu Batuetan egiten ditu, %27 Kanadan eta Mexikon, eta gainerako laurdena herrialde horietatik kanpo.

Nissanek, berriz, merkatu estatubatuarrean saldutako autoen erdia baino gehiago ekoizten ditu bertan (%52), hiru fabrika dituelako han (bi Tennesseen eta bat Mississippin). Mexikon ere baditu hiru lantegi (bi Aguascalientesen eta bat Morelosen). Hantxe ekoizten dituzte Nissanek AEBetan saltzen dituen autoen %31.

Hego Korea. Hego Koreak eta batez ere Kia konpainiak igarriko dituzte gehien muga zergak. Izan ere, iaz Kiak AEBetan izandako salmenten %59 ekoitzi zituen USMCAren parte diren herrialdeetatik kanpo. Kiak lantegi bakarra du AEBetan (West Pointen, Georgian). Beste fabrika bat du Mexikon, Nuevo Leonen.

Irabazlea, Tesla. Printzipioz, muga zerga horien eragina jasango ez duen bakarra Tesla da, Kalifornian eta Texan dituen itzelezko fabriketan ekoizten baititu autoak. Edonola ere, Elon Muskek X-n esan duenez, «Garrantzitsua da azpimarratzea Tesla ez dela erabat onik atera hemendik. Muga zergek Teslan duten eragina handia da oraindik». Muskek, ordea, ez du zehaztu zeren ondorioz den hain handia eragin hori: osagaien gaineko muga zergen ondorioz ala herrialdeek ezar ditzaketen kontrako neurrien ondorioz.

Ford konpainiarentzat ere kolpea leunagoa izan da, AEBetan saltzen dituen autoen %80 ekoizten dituelako AEBetan. Hori bai, ikusi beharko da zer egiten duen Trumpek Mexikorekin eta Kanadarekin; izan ere, askotan azaldu den bezala, AEBetan ekoitzitako auto batek gutxienez sei alditan gurutzatzen ditu Mexikoko edota Kanadako mugak. Eta horrek esan nahi du bi herrialdeetako autoei edota autoen osagaiei muga zergak ezartzeak zuzen-zuzenean egingo liekeela kalte ekoizle estatubatuarrei ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.