Autoen gaineko muga zergak hilabete atzeratu dizkie Trumpek Kanadari eta Mexikori

Trumpek men egin behar izan die AEBetako automobilgintzaren presioei. Kanadak esan du ez duela AEBei erantzunez ezarritako muga zerga propiorik kenduko, Trumpek Kanadari jarritako muga zerga guztiak kendu ezean.

Autoak Charlestongo portuan (Hego Karolina, AEB). JUSTIN LANE / EFE
Autoak Charlestongo portuan (Hego Karolina, AEB). JUSTIN LANE / EFE
Irune Lasa.
2025eko martxoaren 5a
20:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzerapauso bat eman behar izan du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, eta hilabete atzeratu ditu astelehenean Kanadari eta Mexikori ezarritako muga zerga batzuk: hain zuzen, autoei dagozkienak.

AEBetako presidenteak men egin behar izan die bere herrialdeko automobilgintza industriak egindako eskari edo presioei. Trumpek autoei jarritako %25eko muga zerga orokorrek sektoreari AEBetan ezarritako zama oso handia zen, besteak beste aurreikusten zelako hainbat auto modelo nabarmen garestituko zirela, 12.000 dolarretik gora garestiago batzuk.

AEBetan salerosten diren autoek beren ekoizpenean Kanada eta Mexikoko mugak zazpi edo zortzi aldiz zeharkatzen dituztela kalkulatzen da. Industriako ordezkariak, GM, Ford eta Stellantis konpainietako kideek atzo asteartez bilerak egin zituzten Trumpen administrazioko ordezkariekin, eta buruzagiekin zuzenean hitz egin du gaur Trumpek telefonoz. 

Edonola ere, gaur Trumpek berak azaldutakoaren arabera, muga zerga horien etenaldiaren helburua da AEBetako fabrikatzaileei denbora ematea, beren inbertsioak eta produkzioa AEBetara alda ditzaten. 

AEBetako hedabide nagusiak ostegun osoan aritu dira aipatzen Trump muga zerga batzuk atzeratzeko aukera aztertzen ari zela, eta ildo horretan adierazpenak egin ditu Howard Lutnick Merkataritza idazkariak ere. 

Trumpek gaur Kanadako lehen ministro Justin Trudeaurekin hitz egin du telefonoz. Ez dira deiari buruzko xehetasun asko zabaldu, baina, lerrook idazteko orduan, Kanadak deiaren aurretik erakutsitako jarrerari eusten zion, eta herrialdeak ez du asmorik AEBei erantzunez ezarritako muga zerga propiorik kentzeko, Trumpek Kanadari jarritako muga zerga guztiak kendu ezean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.