Jose Manuel Orcasitas. Irizar taldeko zuzendari nagusia

«Autobus elektrikoa bizkor etorriko da»

Gipuzkoako Enpresa saria jaso du Irizarrek. Elektromugikortasunaren alorra piztear dagoela dio kooperatibako zuzendariak, eta Irizar hor dagoela, prest. CAF aipatuta, guztientzako merkatua egongo dela dio.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Irune Lasa.
Donostia
2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gipuzkoako Bazkundeak ekitaldi berezia egin zuen atzo Donostiako egoitzan, Gipuzkoa Enpresa sariak banatzeko. 25. ekitaldia bete duten sariok, eta enpresen lana goraipatu nahi izaten dute, lurraldean aberastasuna eta lana sortzen dutelako. Coprecik jaso zuen Enpresa Nazioartekotzearen saria; Createch Medicalek eskuratu zuen Enpresa Txiki eta Ertain Industrialaren saria, eta Aita Mennik jaso zuen Zerbitzu Enpresaren saria. Irizar autobus konpainiarentzat izan zen sari nagusia: Gipuzkoako Enpresa saria.

Zorionak. Pozik egongo zarete sariarekin, eta, jakina, joan den urtean lortutako emaitzekin.

Oso pozik gaude. Bide onetik goazela pentsarazten digute aitortzek, eta horregatik etorri gara talde handi bat saria jasotzera, azken finean gure lana guztion artean egiten dugulako. Eta egia da oso pozik gaudela joan den urteko emaitzekin. Aurrekoa baino hobea izan da, azken urteetan hoberantz egin dugula. Gure marka, teknologia, iraunkortasun eta dibertsifikazio estrategia fruituak ematen ari dira eta, praktikoki, sektore guztietan ari gara hazten, hala nola gure jatorrizko garraioan, eta, gero, elektronikan, komunikazioetan... Eta, orain, elektromugikortasunean eta konektibitatean. Uste dugu aurtengoa ere urte ona izango dela, hazi egingo garela iazkoarekin alderatuta. Ibilbide handia dugu aurrean. Hori bai, jauzi handia elektromugikortasuna indarra hartzen hasten denean etorriko da.

Acicae autogintza klusterreko presidenteak esan du auto elektrikoen hazkundea ez dela esaten den bezain handia izango Europan. Porrota ekar dezakeela azkarregi edo beranduegi ibiltzeak. Zuek garai egokia aukeratu duzue?

Nik pentsatzen dut, beharrik, garai egokian toki egokian gaudela. Erabakia 2011. urtean hartu genuen; I+G proiektu oso indartsuak egin genituen hiru urtean kalean egon zedin gure lehen autobus elektrikoa, eta hementxe dago, Donostian. Apustua osatu genuen teknologiako proiektu mordoarekin, eta, gero, elektromugikortasuneko lantegi bat egiteko erabakiarekin.

Adunako lantegia.

Erabat sinesten genuen elektromugikortasunaren alorra puri-purian egongo zela urte batzuen buruan, eta erabakia hartu genuen, ausarta. Eta, gaur egun, lantegia bukatuta daukagu. Oraintxe hasiko gara fabrikatzen, apirilean bertan. Inaugurazioa hurrengo urtean egingo dugu, produkzio betean gaudenean. Ikusten ari garen mugimendu guztiarekin, eskaintzekin, hiri politikek Europan hartu duten bidearekin, ziur gaude alorra oraintxe bertan piztuko dela. Eta hor egongo gara gu, gure lantegia prest dugula, fabrikatzeko eta enplegu asko sortzeko. Izan ere, uste dugu kalitatezko enplegua sortuko dugula, balio erantsi handiko produktuak direlako.

CAF ere apustua egiten ari da alor horretan.

CAFen apustua, zehazki, ez da berbera. Powertrain-eko sinergiak baliatzen ari da; powertrain--a Castejonen egiten du, eta beste lantegi batzuetan karrozatzen ari da, Linaresen eta Castrosua karrozeriako Galiziako konpainiarekin. Egia da sektore honetan sartzea pentsatzen ari dela, baina, lehen esan dizudan bezala, sektorea oso handia izango da, milaka autobus ordezkatu eta elektrifikatu beharko dira; batez ere, Europako hirietan. Eta Txinan ere, han daude auto elektriko gehien. Dena den, hemen, nire ustez, autobusak balio erantsi handiagokoak izaten dira, kalitate eta fidagarritasun handiagoakoak, teknologia handiagoarekin. Eta, bai, merkatua egongo da, oso ona, oso interesgarria eta balio erantsikoa, guztientzat.

Izan ere, Parisen dieselik ez dute nahi 2020rako, Madrilen ere ez...

Hori da. Politikak hortxe daude; aurrekontuak ere hasi dira agertzen, eta hasiak dira lehen tenders-ak [lehiaketak, lizitazioak] zabaltzen. Guk arazo zuriak deitzen diegun horiek izateko oso gertu gaude, hainbeste nola fabrikatu ahalko dugun. Izango ahal ditugu horrelako arazoak!

Beraz, autoak batek daki, baina autobus elektrikoak bai.

Bai, bai. Autobus elektrikoena hartutako erabakia da, nahitaezkoa da kontua; ez du atzerabueltarik, eta oso bizkor joango da, gainera. Auto elektrikoen arazoa azpiegiturak dira.

Beste apustua autobus integralena izan zenuten.

Gure apustu garrantzitsuena izan da, beharbada. Estrategia berriaren abiapuntua izan zen, karrozero izan ondotik autobus osoen fabrikatzaile bihurtzea. 2009an egin genuen apustua, eta autobus integralak arazorik gabe egiteko gaitasuna dugu orain. Dagoeneko, Ormaiztegiko ekoizpenaren herena autobus integralak dira, eta hibridoekin ere hasi gara; Mexikon ere autobus integralak fabrikatzeari ekin diogu aurten. Autobus integral eta hibridoen estrategia izango da Irizarren etorkizuna, autobus elektrikoekin batera. Azkenean, karrozeriaren sektorea desagertzen ari da. Oso karrozero gutxi gelditzen dira, eta, egun, ez duenak teknologiarik, ez duenak autobus eta marka propiorik, zaila du irautea.

Mexikoz ari garela, nola hartu zenuten Donald Trumpen garaipena?

[Irribarrea atera zaio]. Aste honetan bertan izan naiz Mexikon, eta han guztiek uste dute [Trumpek], egin baino gehiago, hitz egin egiten duela. Espero dezagun horrela izatea. Edonola ere, guretzat kaltea ez da Mexikon AEBetara esportatzeko daudenek jasan dezaketenaren adinako larria. Guk Mexikon Mexikorako fabrikatzen dugunez, merkatu hark behera egingo balu, igarriko genioke. Eta han gure bezeroak baikor daudenez, gu ere bai. Beti egongo da kezkatzeko astia, kar-kar...

Baina ez zineten Mexikora joan AEBetara ere saltzeko?

AEBetarako autobusak hemen fabrikatzen ditugu, Ormaiztegin, eta, beraz, Mexikorentzat aipatzen den balizko arantzel hori ez litzaiguke aplikatuko. Gero, protekzionismoa handitzen bada, ikusiko dugu zer gertatzen den.

Eta, Brasil, zer moduz?

Gaizki. Eta uste dut gaizki jarraituko duela. Herrialdea oso gaizki dago, eta gure sektorea ez da inoiz horren apal egon. Fabrika handi ugari daude Brasilen itxita. Eta urteak dira guk Brasilen esportazio estrategia hartu genuela. Brasilen fabrikatzen dugu Txilera eta Perura saltzeko, eta dezente esportatzen dugu Australiara eta Hego Afrikara ere.

Txina uztea erabaki ona izan zen?

Zalantzarik gabe. Agian, bada sektoreren bat analisi desberdinarekin... Baina, gure alorrean, merkatu estrategiarengatik, marka posizionamenduengatik eta halakoengatik, Txinako merkatua txinatarrena da. Haien kalitatea dute, haien bolumentzarrak, eta itzelezko beharrak... Eta ezinezkoa da han lehiatzea. Horren erakusle da gaur egun ez dagoela Europako autobusgilerik Txinan, eta guztiok egon gara han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.