Energia

Autobideetan motelago, eta igandean autorik ez

IEA Nazioarteko Energia Agentziak hamar neurri proposatu ditu epe laburrean petrolio ekoizpena gutxitzeko.

Autobideetan abiadura 10 km/h mugatzea da IEAren proposamenetako bat. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 18a
11:57
Entzun

Zer egin daiteke petrolio kontsumoa gutxitzeko? IEA Nazioarteko Energia Agentziak dekalogo batekin erantzun nahi izan dio galdera horri.

Errusiak Ukraina inbaditu izanak energia krisi bat sortu duela eta, IEAk uste du eguneroko bizitzari lotutako ekintza nahiko xume batzuekin petrolioaren kontsumoan «murrizketa nabarmenak» lor daitezkeela, eta, horrela, eragotzi eskasia zabaltzea eta upelaren prezioa neurrigabe haztea. «Ahalegin horiek gutxitu egingo lituzkete mundu osoan kontsumitzaileak jasaten ari diren prezio mingarriak. Kalte ekonomikoa arinduko litzateke, hidrokarburoen diru sarrerak murriztuko litzaizkioke Errusiari, eta bide jasangarriago batean lagunduko luke».

Osorik betez gero, IEAk kalkulatu du lau hilabeteko epean egunean 2,7 milioi upel gutxiago beharko liratekeela, gutxi gorabehera Txinako auto guztiek egunean kontsumitzen duten petrolioa. Aurrezkia are handiagoa izango litzateke gorabidean dauden herrialdeetan ezarriko balitz, baina, printzipioz, IEAk bere bazkide diren lurraldeetan ezarrita egin ditu kalkuluak, hau da, herrialde industrializatuenetan. Horiek gastatzen dute petrolioaren ia erdia.

Honako hauek dira proposamenak:

1. Autobideetan abiadura mugak gutxienez hamar kilometro orduko gutxitzea. Neurri horrekin 290.000 upel aurrez daitezke autoetan, eta beste 140.000 kamioietan.

2. Etxetik lan egitea astean hiru egunez. Astean egun bat etxetik lan egiteak 170.000 upel aurreztuko lituzke; hiru egunez lantokira ez joateak, 500.000 upel.

3. Igandetan hirietan autorik ez ibiltzea. Hilean egun batean autorik ez izateak 95.000 upel aurreztuko lituzke; lau igandez egitea, 380.000 upel.

4. Garraio publikoa merkatzea. Horrekin batera, oinez ibiltzea eta bizikletaz ibiltzea erraztu eta bultzatu beharko lirateke. Aurrezkia: 330.000 upel egunean.

5. Hiri handietan autoek matrikularen arabera zirkulatzea. Egun batzuetan matrikula bikoitiak dituztenak baimenduko lirateke, eta bakoitia dutenak hurrengoan. 210.000 upel aurrez ditzake neurri horrek, IEAren arabera.

6. Autoa gehiago partekatzea. Batez beste, Europan eta beste lurralde industrializatuetan 1,5 bidaiari doaz autoko. Bidaien hamarren batean autoak %50 beteago egonez gero, eta autoak modu eraginkorrago batean gidatuz gero, 470.000 upel aurrez daitezke.

7. Kamioietan eta furgonetetan gidatze eraginkorragoa bultzatzea. Mantentze lan egokiarekin, pneumatikoen presioa hobetu kontrolatuz eta erregai gutxiago gastatzeko teknikak irakatsiz eta erabiliz, 320.000 upeleko aurrezkia egin daitekeela dio IEAk.

8. Trenek hegazkinak ordezkatzea. Hirien arteko bidaia ez oso luzeetan (mila kilometrotik beherakoak), IEAk uste du abiadura handiko trenak alternatiba egokia direla hegaldi laburrak ordezkatzeko. Gaueko trenak ere hobeto erabilita, hegaldien %2 ordezka ditzakete, eta 40.000 upel aurreztu.

9. Negozio bidaiak mugatzea. Bilerak egiteko beste aukera batzuk baliatuz gero, 260.000 upel ez kontsumitzea ekar dezake.

10. Auto elektrikoak eta eraginkorrak sustatzea. Handitzen ari da auto elektrikoen eta hibridoen salmenta, Europan batez ere. Hurrengo hilabeteetan espero diren salmentekin 100.000 upel aurrez daitezke egunean datozen lau hilabeteetan. Laguntza publikoak handituz gero, aurrezkia handi daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.