Autoaren industriak ez du begi onez ikusi Euro 7 isuriei buruzko arau berria

Ibilgailuen fabrikatzaileek esan dute lor daitekeen hobekuntza baino «handiagoa» izango dela ibilgailuak arau berrietara egokitzeko kostua

Autoak eta kamioiak N1 errepidean, Beasain eta Olabarria artean. GORKA RUBIO / FOKU.
maddi iztueta olano
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Erreketa motorren kutsadura gutxitzeko bidean beste pauso bat eman du Bruselak. Europako Batzordeak atzo aurkeztu zuenEuro 7 isurien inguruko arau berriaren proposamena, eta hartu dituzten erabakiek hautsa harrotu zuten autoaren industrian. Batzordearen esanetan, ibilgailu guztiek aire kutsatzaile gutxiago isuri behar lituzkete, eta, horregatik, Euro 7 proposamenak zuzenean eragingo die autoei, furgonetei, kamioiei, autobusei eta baita auto elektrikoei ere.

Bruselaren arau sortak kezka sortu die autoaren industriako fabrikatzaileei. Acea Ibilgailuen Fabrikazioaren Europako Elkartearen arabera, Batzordeak iragarritako neurriek «geldotu» egin dezakete zero isuriko ibilgailuetarako trantsizioa. Euro 7ak gehiago mugatu ditu ibilgailuen isuriak, baina fabrikatzaileen ustez, egun merkatuan dauden ibilgailuenak «ia neurrigaitzak» dira dagoeneko. Halaber, iritzi diote mugaketek ingurumenean eragin dezaketen hobekuntza baino handiagoa izango dela arau berrietara egokitzeko kostua. Martin Lundstedt (Volvo) ACEAko ibilgailu komertzialen presidentearen arabera, airearen kalitatea hobetzeko, eraginkorragoa litzateke «zero isuriko ibilgailuen inbertsioak lehenestea».

Isuririk ez egotea helburu

Azken kutsadura arauarekin alderatuta, Batzordeak ez ditu aldaketa zorrotzegiak iragarri, baina orain arte indarrean jarritakoak estutu ditu. Nitrogeno oxidoa, karbono monoxidoa, partikulak, hidrokarburoak, metanoa eta amoniakoa dira Euro 6ak 2015az geroztik mugatu zituen kutsatzaileak. Arau berriarekin, kamioiek eta autobusek isurtzen dituzten gas kantzerigenoak eta oxido nitrosoa ere erregulatuko dituzte.

Are, ibilgailuen isuriak erregulatzeko orokortasunera jo duteproposamen berrian. Euro 6 arauak autoaren araberako mugak ezarri zituen. Esaterako, gasolinazko autoek ezin zezaketen 60 mg/km nitrogeno oxidoaren muga gainditu, eta gasolio bidezko autoek, berriz, 80 mg/km-ko muga zuten. Euro 7ak, ordea, 60 mg/km-ra mugatzen du era guztietako autoen nitrogeno oxidoaren isuria. Kamioiei eta autobusei dagokienez, estutu egin dituzte orain arte ezarritako isurien mugak.

Horiez gain, arau berriak mugatu egingo ditu auto elektrikoen isuriak, eta pneumatikoek eta balaztek eragindako kutsadura mugatuko dute. Ibilgailuen barruan egongo diren sentsoreen bitartez kalkulatuko dituzte isuriak. Batzordearen esanetan, horrek «aldizkako kontrol teknikoak erraztuko ditu».

Auto arinen eta furgoneten kasuan, 2025eko uztailean jarriko da indarrean Euro 7 araua, eta ibilgailu astunen kasuan, berriz, bi urte beranduago, 2027ko uztailean. Fabrikatzaileen ustez, baina, araua betetzeko egokitu beharko dituzten ibilgailu kopurua kontuan hartuta, Batzordeak proposatutako datak «ez dira errealak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.