Autoaren giltza ez da autoaren jabetza

Ibilgailuen 'renting'-a indartzen ari da Euskal Herrian ere, autoen etorkizuneko teknologiaren inguruko zalantzak hauspotuta.

Autoen salmenta gune bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Autoen salmenta gune bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
asier gonzalez de san pedro
2024ko ekainaren 16a
05:05
Entzun

Autogintzaren deskarbonizazio prozesuak duda asko eragiten ditu auto bat behar dutenen artean. Erosle posible askok ez dakite etorkizunean zein auto mota erabili ahal izango duten —elektrikoak, gasolina autoak, dieselak...—, eta beste asko zain daude auto elektrikoak noiz merkatuko. Eta horregatik autoa erosi beharrean, gero eta herritar gehiagok jotzen dute autoa alokatzera, renting kontratuen bidez.

Baina zer da zehazki renting-a? Erabiltzaile batek epe batez auto bat alokatzeko egiten duen kontratua da. Horren bidez, erabiltzaileak hilabetean kuota bat ordainduko du auto hori erabiltzeagatik, baina beste hainbat gastu alokairua eskaintzen duen enpresaren menpe geldituko dira: asegurua, gurpilen aldaketa, autoa edukitzeagatik ordaindu beharreko zergak, besteak beste. 

AER renting ibilgailuen Espainiako elkartearen datuen arabera, martxoaren amaieran alokairu mota horretako 38.212 ibilgailu zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, urtebete lehenago baino 3.338 gehiago (+%9,6). Erabiltzaileak 291 gehiago dira (+%3,1). Nafarroako daturik ez dauka AER elkarteak.

Bizkaian daude renting-eko ibilgailu gehien (%55), baina han eta Gipuzkoan baino nabarmen gehiago hazten ari da parkea Araban (%18,5, azken urtean).

«Renting-ak goranzko joera mantentzen du Euskadiko biztanleen mugikortasunerako konponbidea gisa».JOSE MARTIN CASTRO ACEBESAER elkarteko presidentea

AER elkarteko presidente Jose Martin Castro Acebesen arabera, datu horiek «onak» dira. «Renting-ak goranzko joera mantentzen du Euskadiko biztanleen mugikortasunerako konponbidea gisa», esan du Castrok, eta azaldu du hazkunderik handiena enpresetan dutela. Izan ere, enpresek erabiltzen dute nagusiki kontratu mota hori —hamar ibilgailutik bederatzi—, eta, haien artean, bereziki enpresa handiek: 24 ibilgailu baino gehiago behar dituzten enpresek dituzte hamar renting ibilgailutik lau, eta haien erabilera ia %17 handitu da azken urtean.

Baina autonomoen eta partikularren artean ere ugaritzen ari dira renting-era jotzen dutenak. %4,1 igo da haien kopurua, eta dagoeneko 3.650 dira.

Kopuru osoetan baino, renting-ak matrikulazioetan duen pisua handitu dela nabarmendu du Juan Maria Lopez Osak, AEGA Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkarteko idazkari nagusiak. Renting-a «kontuan hartzeko aukera bat» iruditzen zaio, eta hiru arrazoi eman ditu horretarako: «Ibilgailuen garestitzea, ingurumenari buruzko arauen nahasmena, eta autoak erosteko Espainiako laguntzen konplexutasuna». Azken horiekin kexu da Lopez Osa. Batetik, auto elektrikoen erosketa soilik lagunduta ez duelako «mix energetiko jasangarri, orekatu eta misto bat» bultzatzen, eta, bestetik, konplikatuak direlako. «Zuzeneko laguntzak, sinpleak eta ipso facto bezeroarengana iristen direnak» eskatu ditu, «adibidez, Portugalen egin duten moduan».

AEGAko buruak uste du ibilgailu elektrikoen prezioek eta autonomiak «izugarrizko zalantzak» eragiten dituztela partikularren artean, eta horrek bultzatzen dituela autoak alokatzera. «Hibridoak ere ez dira merkeak, batez ere entxufagarriak. Horregatik, renting-aren hileroko kuotak aukera ematen dizu auto berriak eta modernoak gidatzeko, hasieratik diru asko jarri gabe, eta denbora ematen dizu hurrengo urteetan zer egin behar duzun ongi pentsatzeko».

Enpresei dagokienez, beste abantaila batzuk ikusten dizkio kontratu horiei: bezeroari malgutasuna eskaintzen diote, eta autoak eta furgonetak erosteak enpresen kontabilitatean eragiten du.

«Salmentak handitzea, beharrak asetzea eta helburuak lortzea ekar dezakeen aukera bat ezin da alde batera utzi».

JUAN MARIA LOPEZ OSAAEGAko idazkari nagusia

Renting-a auto saltzaileak kontuan hartzen ari diren aukera bat ere badela dio Lopezek, «salmentak handitzea, beharrak asetzea eta helburuak lortzea ekar dezakeen aukera bat ezin delako alde batera utzi». Hala ere, saltzaileari aholkua eskatzea gomendatzen dio autoa alokatzea pentsatzen ari den erabiltzaileari, norbere beharren arabera aukerarik onena alokatzeko.

leasing-a ez da renting-a

Autoa alokatzeko beste aukeretako bat leasing-a da. Renting-arekin lotzen den kontzeptua izan ohi da, baina ez dira gauza bera. Biak epe baterako autoa alokatzeko erabiltzen diren kontratu motak dira. Baina, leasing-ak kontratua bukatzen denean alokatutako autoa erosteko aukera ematen du; renting-ak, aldiz, ez.

Leasing-ak bi motatakoak izan daitezke: irekia edo itxia. Leasing irekia sinatzen bada, alokatutako ibilgailua erosteko betebeharra dago kontratuan adostutako prezioaren arabera. Itxian, berriz, hiru aukera daude: autoa erostekoa, kontratua luzatzekoa eta kontratua amaitzekoa. Ibilgailua zigorrik gabe itzultzeko aukera dago, betiere kontratuan adostutako arauak betetzen badira, hau da, kontratuan adostutako kilometro kopurua ez bada gainditu, edo hausturarik edo higadurarik ez badu. Aurreko horietako bat ez bada betetzen, zigorra izango du.

Alokairuko autoak bigarren eskuko merkatuan bukatu ohi dute, baina gaur egun ez dago halakorik auto elektrikoen kasuan. Arazo horrekin bukatzen lagundu dezakete renting-ak eta leasing-ak, ekarriko baitu auto elektrikoak ere iristea, berriak baino merkeago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.