Autoak: zauri bat Bilboko portuan

Iaz 130.000 ibilgailu atera ziren Bilboko portutik, Pasaiatik atera zirenen erdiak baino gutxiago, eta Santandertik atera zirenen %30. Iruñeko VW prest legoke Bilbora autoz beteriko bi tren bidaltzeko astero, trenbideak hobetuko balituzte.

Pasaiako portuko auto lautada. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Pasaiako portuko auto lautada. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko abuztuaren 10a
05:00
Entzun

Rikardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako (BPA) presidenteak kexa bera plazaratzen du parean mikrofono bat jartzen dioten aldiro: portuaren tren lotura eskasak. Aurtengo lehen sei hilekoaren balantzearen aurkezpenean, bere kexa gordindu zuen, eta salatu tren azpiegitura eskasek kalte egiten diotela portuaren lehiakortasunari. Edukiontzien garraioan duen eraginaz mintzatu zen —%29 iristen dira trenez portura—, baina zeharka beste zama mota bati ere begiratu zion: autoena. Autoak tren luze eta zabaletan garraiatzen dira, eta txikiagoak diren inguruko portu batzuek Bilbokoak baino askoz auto gehiago mugitzen dituzte.

Bilboko portuak iaz 33 milioi tona zama mugitu zituen guztira, ia Pasaiakoak baino hamar aldiz gehiago (3,5 milioi) eta Santanderkoak (Espainia, Bilbotik 85 kilometrora, mendebaldera) baino ia bost aldiz gehiago (7 milioi). Azpiegitura askoz handiagoa da, baita trafikoa ere; mugituriko auto kopurua, aldiz, askoz txikiagoa izan zen. Bilbotik 130.000 ibilgailu atera ziren iaz; Pasaiatik, 287.000, eta Santandertik, 380.000. Baionako portuan ez da autorik kargatzen edo deskargatzen.

-13.000

Portuen auto defizita Iaz Euskal Herriko autogintza planta handietan 430.000 auto ekoitzi zituzten. 157.000 Mercedes Gasteizen, eta 273.000 Iruñeko VWen. Euskal portuetatik, berriz, 417.000 atera ziren: 287.000 Pasaiatik, 130.000 Bilbotik, eta bat ere ez Baionatik. Bi datuak alderatuta, Euskal Herrian guztira ekoitzi baino 13.000 auto gutxiago atera ziren portuetatik.

Barkalak esana du bere helburua ez dela bizilagunei auto trafikoa kentzea, kamioi bidezko garraioari alternatiba bat aurkitzea baizik. Izan ere, Bilboko portura iristen diren auto gehienak kamioiz iristen dira —zortzi auto kamioi bakoitzeko—, eta Toro y Betolaza zamaketa enpresaren A-6 kaitik kargatzen dituzte ontzietan. Gehienak Seatek Martorellen (Katalunia) duen plantatik iristen dira, eta Finnlines Grimaldi familiaren konpainiaren kargaontzi edo ferryetan garraiatzen dituzte.

BPAn, normalean, ez dituzte aipatzen autoak, eta esan ohi dute portuan diru gutxi uzten duen salgai mota bat dela. Hala ere, onartzen dute haien bila datozen itsasontzi erraldoiek balio erantsia dutela, ez direlako hutsik etortzen. Garraio enpresa multinazionalek ondo kalkulatzen dituzte itsasontzi mugimendu guztiak, ez da ezer alferrik galtzen, eta BPAk negozio iturri handi bat ikusten du autoen bila datozen ontzien bodegetan.

Auto lantegi asko inguruan

Eta nondik irteten dira auto horiek guztiak? Euskal Herrian bi auto fabrika handi daude: Nafarroako VW eta Gasteizko Mercedes. Iaz 273.000 eta 157.000 auto ekoitzi zituzten, hurrenez hurren. Iberiar penintsulako iparraldean, baina, antzeko lantegi gehiago daude: Renaultek 303.000 auto ekoitzi zituen Valladolideko (Espainia) eta Palentziako (Espainia) lantegietan; Stellantisek, 365.000 Zaragozan (Espainia); eta Seatek, 440.000 Martorellen.

Pasaiako auto hornitzaile nagusiak Stellantis (Opel, Citroen...) eta Mercedes dira, eta Volkswegenek ere garraiatzen ditu batzuk handik. Pasaiara iritsi ziren autoen %47,5 trenez iritsi ziren, eta gainerakoak, errepidez. Beste planta guztiek, berriz, Santander eta Bartzelonaren artean banatzen dituzte. Landabenek ere bai? Bai. Iruñeko lantegiak iaz ekoitzitako autoen erdiak trenbidez garraiatu zituen. 75.129 ibilgailu Bartzelonako portura joan ziren trenez (%53); 12.960 zuzenean Alemaniara (%9), eta 42.672 Santanderrera (%30).

Kamioi bat ferry batean sartzen, Bilboko portuan. 'Ro-ro' garraioa %11 igo da. BILBOKO PORTUA
Kamioi bat ferry batean sartzen, Bilboko portuan. BILBOKO PORTUA

Erraza da ulertzen Bilboko portuko agintariei min egiten diela ikusteak nola 42.000 autok Euskal Herria ekialdetik mendebaldera gurutzatzen duten, haien azpiegitura atzean utzirik. Are gehiago, jakinda Landabenek Bilboko portutik atera nahiko lituzkeela autoak. Hori susmoa baino gehiago da, Landabengo zuzendaritzak esana baitu jendaurrean ezen, trenbide sareak modua emango balu, astero bi edo hiru tren bidaliko lituzkeela Bilbora. 30.000 auto inguru lirateke urtean.

Landabenen eskariak

Iazko azaroan esan zuen zuen hori VWek, Gasteizen eginiko logistika foro batean. Are gehiago, Transfersa Adifekin harremanetan jarria da dagoeneko Bilboko porturako tren sarrerak dituen «gabeziak» konpontzea eskatzeko. Transfersa autoen tren bidezko garraioa kudeatzen duen enpresa bat da. Haren kapitalaren %84 Deutsche Bahnek du, Alemaniako tren enpresa publikoak, eta %11 Renfek, Espainiako haren homologoak. VW da haren bezero handiena, baina Mercedes eta Fordentzat ere egiten du lan.

Tranfersak dagoeneko arazoaren diagnostiko bat egina du, eta esan izan du Bilbora iristeko, gutxienez, beste portu batzuetan dauden trenbide luzera eta galibo berak beharko lituzketela. Halaber, beharrezko ikusten du azpiegituraren bat eraikitzea eta, batez ere, trenak albora egiteko bazterbideren bat eraikitzea. Azken horrek merkantzia eta pertsona garraiorako trenen arteko harremana erraztuko luke. Konponbide horiek Bilbo hegoaldeko tren saihesbideak baino errazagoak dirudite, eta batez ere bizkorragoak. Portuko agintaritzaren desira den obra, ondo bidean, urte amaieran lizitatuko dute, eta bost urte inguru beharko ditu amaitzeko.

portuan bada lekua

Trenbidea da Bilboko portuko agintarien nahigabea pizten duen faktorea, portua auto gehiago hartzeko prestatua dagoelako. Toro y Betolazaren kaiko lautadan, 1.500 autorentzako tokia dago, eta iaz, 51.562 ibilgailu igo ziren ferryetan. Horiek, baina, ez dira zama, gidaridun autoak eta atoidun kamioiak baizik, eta errepidez sartzen dira portuan, eta Irlanda eta Ingalaterrantz doaz normalean. Garraio mota horri 'ro-ro' deitzen zaio; iaz %16 handitu zen Bilbon, eta aurtengo lehen seihilekoan, %11.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.