Faconautok EAEn duen ordezkaria

Jon Lekue: «Auto zaharrak txatar bihurtzea lehenetsiko duen plan bat behar dugu»

Lau urtez behera egin ondoren, auto salmentek gora egin zuten iaz, eta Lekuek espero du aurten joera bera izatea, baina leunago. Uste du errekuntza motorrak baztertu gabe egin daitekeela trantsizioa.

Jon Lekue
Jon Lekue, berak zuzentzen duen Autonervion auto dendan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Matrikulazio datuak ondo ezagutzen ditu Jon Lekuek, eta zuhurtziaz begiratzen die, Faconauto auto saltzaile elkarteko karguaz gain bere negozioa ere bai baitu: Autonervioneko zuzendari nagusia da, eta barrutik ezagutzen du sektorea. Haren iritziz, auto zaharrak dira arazo nagusia, eta zail ikusten du Europak ezarri dituen epeak betetzea.

Nolakoa izan zen 2023a sektorearentzat? Matrikulazioek gora egin zuten (%11) lau urteko beherakadaren ondoren. Ilusioa da, edo joera aldaketa bat?

Uste dugu ez dela ilusio bat, baina oso hazkunde txikia da.

2018ko eta 2019ko matrikulazio datuak, dena den, urrun daude. Errealista al da datu horietara itzul daitekeela pentsatzea?

2023ko salmenta datuak 2018koekin alderatuz gero, %41 beherago gaude oraindik. 2024rako %5 inguruko hazkundea da, eta hori ere ez nahikoa.

«Auto elektrikoen hedapena zailtzen duen aldagai nagusia prezioa da oraindik».

Zer estimulu neurri har daitezke sektorea berpizteko? Zer nahiko zenukete erakundeengandik?

Gure ustez, oso egokia litzateke Euskal Renove plan berri bat abiaraztea, teknologia guztiak onartuko dituena eta ibilgailu zaharrenak txatar bihurtzeari lehentasuna emango diona. Urtarrilean Galizian indarrean sartu denaren bidetik.

Hego Euskal Herriko auto elektrikoen salmenten datuak Europatik urrun daude. Zure ustez, zer dela eta?

Aldagai nagusia prezioa da oraindik. Dagoeneko guztiz elektrikoak diren prezio oneko elektrikoak daude; esaterako, Moves planarekin, Dacia Spring bat 12.450 euroan eros dezakezu. Baina ibilgailu elektrikoen batez besteko prezioa beste teknologia batzuena baino handiagoa da oraindik.

Erosleak ez daki errekuntza autoa edo elektrikoa erosi.

Zalantzak argitzen ari dira, baina, informazioan kontraesanak daudenez, zalantzak dituzten bezeroak daude oraindik, eta hori ez da ona.

«Gaur egun erosten den ia edozein auto berri emisio gutxiko eremuetan sartu ahal izango da, errekuntza motordunak barne».

Konpondu al dira hornidura katearen arazoak, eskariaren araberako modelo bat lortzea asko atzeratzen zutenak?

Duela pare bat egun, Teslak eta Volvok iragarri dute lanuzteak egingo dituztela euren ekoizpenean, Itsaso Gorrian izandako erasoengatik. Baina, ondo bidean, hornidura arazoak ia konponduta daude.

Bruselak errekuntza autoak baztertu nahi ditu 2035erako. Posible al da?

Nire ustez, neutraltasun teknologikoa aplikatu beharko litzateke, eta, ondoren, bezeroak merkatuan dituen teknologia guztiak azter ditzala. Egungo diesel ibilgailu berri batek edozein zaharrek baino askoz emisio gutxiago igortzen ditu. Alde horretatik, auto parkearen antzinatasunari eraso egin behar zaio. Galderara itzuliz, elektrikoen gaur egungo salmenta erritmoarekin ezinezkoa da ibilgailuen egungo parke osoa berritzea. Ziur gaude EBk moratoria gehiago erabakiko dituela.

Ibilgailuen parke pribatua murrizteko politikak iristen ari dira Europatik —emisio gutxiko eremuak, garraio publikoaren beherapenak, telelana...—. Autogintza sektorea murriztera behartuta al dago?

Aipatu dituzun neurri guztiek eragina izan dute gure sektorean azken urteotan, baina kontuan izan behar da neurri asko ez direla egiturazkoak. Garraio publikoa merkatzeak dezente eragin digu, baina orain dela gutxi ikusi dugu neurri horri ezin zaiola eutsi. Emisio gutxiko eremuen (EGE) aplikazioari dagokionez, zalaparta handia dago, baina errealitatea da soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sei udalerriri eragingo diela, eta, guk dakigunez, hasieran zirudien baino askoz ere murrizketa gutxiago egongo dira. Bezeroei esaten diegu gaur erosten duten ia edozein auto berri EGEtan sartu ahal izango dela, errekuntza motordunak barne.

Azken urteotan aldaketa kultural bat gertatzen ari al da garraioan? Badirudi gazteak autoa jabetzan izatearen asmotik urruntzen ari direla. Sumatzen al duzue?

Bai, baina eremuka doan kontu bat da. Madril eta Bartzelona bezalako hiri handietan, gehiago nabaritzen da. Nire ustez, kontua ez da gazteek ez dutela ibilgailu baten jabe izan nahi; arazoa, zoritxarrez, gazteen langabezia tasarekin dago lotuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.