Auto salmentak gora egin du, lau urtez behera egin ondoren

Dieselaren gainbeherak ez du etenik, baina auto elektrikoen salerosketa gutxi handitu da: aurten saldutako auto guztien %7,4.

autoak
Auto saltokiak Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko urtarrilaren 2a
13:00
Entzun

Auto berrien merkatuak behera egiteari utzi dio. 2023an, 31.581 auto matrikulatu ziren Hego Euskal Herrian, aurreko urtean baino 3.303 gehiago (+%11,7). Edonola ere, matrikulazioak oso urrun daude pandemiaren aurreko kopuruetatik: 2018an, esaterako, 54.944 matrikulatu ziren, eta 2019an, 51.212. 

2020an eta 2021ean koronabirusaren pandemiaren harira mugikortasuna mugatzeko hartutako neurriek trabatu egin zuten salerosketa, eta 2022an, auto ekoizleen logistika arazoak galga izan ziren. Hornidura kateek hobeto funtzionatu dute amaitu berri den urtean, eta, horri esker, auto gehiago izan dira eskuragarri.

Inflazio handia ere traba da auto berriak saltzeko, baina bada beste faktore bat: trantsizio betean dago errepide bidezko garraioa, errekuntza motorrean oinarritutako eredu batetik eredu elektrikorako bidean. Horrek zalantza batzuk eragiten ditu autoa berritu nahi edo behar dutenen artean. Zer motatako autoa erosiko dute? Elektrikoa erosteko garaia iritsi al da?

Galdera horren erantzuna, Hego Euskal Herrian bederen, nahiko garbia da: erabiltzaile gehienentzat, goizegi da. Dela auto elektriko gehienak oraindik oso garestiak direlako, dela kargatzeko lekuak nahikoa ez direlako, edo dela autonomia errekuntza autoena baino apalagoa delako, motel doa autoen elektrifikazio prozesua. Aurten, lau lurraldeetan 2324 auto guztiz elektriko matrikulatu dira, iaz baino %69,2 gehiago. Haien merkatu kuota, ordea, bi puntu eta hiru hamarren baizik ez da hazi, %5,1etik %7,4ra.

Europako Batasuneko batezbestekotik urrun dago oraindik elektrifikazioa. Bi aste barru emango du urte osoko datua ACEA autogileen patronalak, baina azarora arte %14,2ko kuota zuten auto elektrikoek. Hortik oso gora Eskandinavian, baina hortik behera hegoaldeko eta ekialdeko herrialde gehienetan.

Hibridoen arrakasta

Auto guztiz elektrikoa erosi aurretik, urratsez urrats elektrifikatzea erabaki dute erabiltzaile askok, motor hibridoen bitartez. Hibridoek %32,6ko kuota lortu dute aurten. Hibrido entxufagarriak, berriz, %6,2 ziren —modu elektrikoan 50-100 kilometro egiteko bateria dute, eta hortik aurrera erregaia erabiltzen dute—.

Motor hibridoen arrakasta ikusten da marken araberako salmenten datuetan ere. Historikoki Europako autogileek saldu izan dute ibilgailu gehien, baina, azken urteetan podiumean bere lekua egin dute Asiako markek, haiek baitute auto hibridoen eskaintza zabalena, eta haien noranahiko itxurako autoek (SUV eta halakoek) erosle asko izan baitituzte beti. Iaz Hego Koreako Kia eta Hyundai izan ziren lehen biak, eta Japoniako Toyota hirugarrena, baina aurten Peugeotek berreskuratu du lehen lekua, eta atzetik geratu dira, hurrenez hurren, Hyundai, Toyota, Kia eta Dacia.

Zifrak

688

Teslak laukoiztu egin ditu bere salmentak Hego Euskal Herrian. 2022an 175 auto saldu zituen, eta 2023an 688 izan ziren. Indar handiz sartu da MG txinatarra ere (275etik 1.247ra igaro da), eta BYDk bere lehen zortzi auto elektrikoak saldu ditu.

Gasolina erretzen dutenak saltzen dira gehien oraindik, baina haien kuota apaltzen ari da: goia jo zuten 2019an, %65,6ko merkatu kuotarekin, baina aurten %39,4ra baizik ez dira iritsi, 2023an ez baita handitu haien salerosketa —hamabost gutxiago matrikulatu dira—.

Are nabarmenagoa da dieselaren gainbehera: hamarretik zazpi ere izan ziren XXI. mendearen hasieran, baina iaz %10,8 izan ziren. Edonola ere, diesel motorrak oraindik nagusi dira ibilgailu astunetan eta furgonetetan.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.