Jakina zen konfinamenduak eta auto saltokien itxierak amildu egingo zutela auto berrien salmenta. Uste hori baieztatzen duen datua zabaldu du gaur goizean sektoreak: %75,6 jaitsi dira matrikulazioak.
Iazko martxoan 5.207 auto berri saldu ziren, eta 1.268 baizik ez aurtengoan. Horrenbestez, urtarrilaren hasieratik 8.250 saldu dituzte, %37,5 gutxiago.
Motor mota guztietan jaitsi dira salmentak, baina batez ere gasolina eta gasolioa erretzen dutenetan: -%79, batean zein bestean. Hibridoetan, elektrikoetan eta gasa darabiltenen artean, berriz, erdira jaitsi da merkatua. Horren ondorioz, motor alternatiboak dituzten autoek inoizko merkatu kuota handiena lortu dute martxoan, %24,5ekoa, hain zuzen ere. Iazko martxoan halako bi da. Gasolina bidezkoen kuota %65etik %55,6ra jaitsi da, eta %23tik %19,8ra, berriz, dieselena.