Auto salmenta handitu egin da Hegoaldean, baina elektrikoena ez

Elektrikoen kuota apur bat jaitsi da Hegoaldean, baina baita Europako Batasunean ere. VWek bi lantegi itxi nahi ditu Alemanian, eta soldatak jaitsi.

Bi langile VW ID-3 elektriko bat muntatzeko lanetan, Zwickaun (Alemania). MARTIN DIVISEK / EFE
Bi langile VW ID-3 elektriko bat muntatzeko lanetan, Zwickaun (Alemania). MARTIN DIVISEK / EFE
Iker Aranburu.
2024ko irailaren 2a
17:00
Entzun

Urteko lehen zortzi hilabeteetan 20.764 auto matrikulatu dira Hego Euskal Herrian, iaz tarte horretan baino 480 gehiago (%2,4). Auto hibridoak dira arrakastatsuenak. 2023an, uztailera arte, %31,7ko merkatu kuota zuten, baina %41,4ra igaro dira aurten. Horien artean daude mini hibridoak deitzen direnak, hau da, zeregin batzuetarako motor elektriko bat darabiltenak.

Errekuntza hutseko motorren gainbehera ere nabarmena da: %34,2ra jaitsi da gasolinaren merkatu kuota, eta %7,6ra, berriz, dieselarena. Lehen aldia da merkatuaren erdia baino gutxiago betetzen dutela bi motor mota horiek.

Baina, aldi berean, eten egin da auto elektrikoen gorakada. Aurtengo urtarriletik abuztura 1.435 auto elektriko matrikulatu dira Hegoaldean, iaz baino bi gehiago. Merkatu kuota pixka bat galdu du, %7,1etik %6,9ra igaro baita. Nafarroan dute arrakasta handiena auto elektrikoek (%12,1eko kuota), Moves planeko laguntzaz gain errenta zergan kenkariak ematen dituelako horrelako bat erosteak.

EBn, elektrikoak pattal

Europako Batasunean ere eten egin da auto elektrikoen salmenten gorakada. Aurtengo lehen zazpi hilabeteetan matrikulatuetako %12,5 izan dira elektrikoak, eta iaz %12,8 izan ziren. Baina jaitsiera hori, neurri handi batean, Alemaniako jaitsieraren ondorio da, 2023ko abenduan eten zirelako auto elektrikoak erosteko laguntza publikoak. Italian, Espainian eta Polonian ez aurrera ez atzera dago auto elektrikoen kuota, baina handitzen ari da beste batzuetan: %15,2tik %16,9ra igaro da Frantzian, %16,8tik %25,1era Belgikan, %28,6tik %31era Herbehereetan...

Hurrengo hilabeteetarako, auto elektriko merkeago gehiago agindu dituzte autogileek, baina ikusi beharko da zer gertatuko den Txinako ekoizleen eskaintzarekin, uztailaz geroztik muga zerga handiagoak ordaintzen dituzte eta.

VW-ek bi lantegi itxi nahi ditu alemanian

Volkswageneko zuzendaritzak onartu du hautsi egin nahi duela 2029. urte arte gutxienez enpleguari eusteko Alemaniako sindikatuekin egindako akordioa. Autogileak VW markaren ekoizpen kostuak gutxitu nahi ditu kosta ahala kosta, eta aztertzen ari da Alemanian muntatze fabrika handi bat eta osagaien beste bat ixtea, eta soldatak txikitzea. Egoera ekonomikoa zaila dela-eta lehiakide berriak —txinatarrak— merkatua kentzen ari direla argudiatu du Oliver Blume VWeko buruak berregituraketa justifikatzeko. VWek 650.000 langile ditu, eta horietatik 300.000 inguru daude Alemanian.

 Ikusteko dago Blumek bere asmoak bete ahal izango dituen, zeren langileek, sindikatuen bitartez, ordezkaritza handia baitute enpresaren botereguneetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.