Autogintza babesteko neurri protekzionistak proposatu ditu Bruselak

Hiru urte eman nahi dizkiete CO2 emisioen helburuak betetzen ez dituzten enpresei. 'Europan egina' zigilua kendu nahi diete osagai gehienak EBtik kanpoko herrialdeetan ekoizten dituzten enpresei. 4.600 milioi euro pasatxoren laguntzak bildu ditu planak.

Apostolos Tzitzikostas Europako Batzordeko Garraio Iraunkorreko komisarioa, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Apostolos Tzitzikostas Europako Batzordeko Garraio Iraunkorreko komisarioa, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
joxerra senar
2025eko martxoaren 5a
18:15
Entzun

Protekzionismoaren haizeak Europara ere ailegatu dira. Fabrikatzaileek eta hornitzaileek hizki gorriz markatuta zeukaten gaurko eguna. Ursula von der Leyen presidenteak astelehenean aurreratu bezala, Europako Batzordeak autogintzaren ekintza plana aurkeztu du. Txinako auto elektrikoen lehia eta AEBetako muga zergen mehatxua ikusita, Europak bere auto industria babestu nahi du. Horrez gain, CO2 emisioen helburuak betetzen ez dituzten enpresei beste hiru urte emateko araua malgutu nahi du Bruselak.

Apostolos Tzitzikostas Garraio Iraunkorreko komisarioak aurkeztu du plana. «Autogintza gure historiaren parte ere bada, eta horregatik harro bagaude ere, mehatxupean dago gaur» ohartarazi du. Langile faltak, energiaren kostuak, beste herrialdeen protekzionismoak eta inportazioekiko gehiegizko mendekotasunak arriskuan jarri du sektorea: «Enpresak atzean geratzen ari dira».

Azken hilabeteetan fabrikatzaileek, hornitzaileek eta sektoreko beste enpresek egindako ekarpenak eta proposamenak bildu dituzte. EBko Kontseiluari eta Europako Parlamentuari helaraziko diote egitasmoa. Finantzaketari dagokionez, 4.600 milioi euro pasatxoren laguntzak daude bilduta.

1

Lehiakortasuna eta hornidura katea

Bruselak uste du arriskua dagoela Europako autogintzak mundu mailan duen merkatu kuota nabarmen jaisteko, batik bat ibilgailu elektrikoen ondorioz. Auto elektriko baten balio erantsiaren %30-40 inguru baterian datza, eta, gaur egun, produkzio kate hori Txinak kontrolatzen du munduan. Hain justu, Txinarekiko mendekotasuna gutxitu nahi du Bruselak. Batetik, urrian %35eko muga zergak ezarri zizkien Txinako auto enpresa elektrikoei, eta Bruselak Pekini ohartarazi dio baterien hornidura kateko praktika desleialak ikertzen jarraituko duela.

Bestetik, bateria eta haren osagaiak batik bat Europan egin daitezela nahi du Europako Batzordeak: 2030erako katearen balio erantsiaren erdia baino gehiago bertan ekoiztea nahi luke. Hori errazteko, 3.000 milioi euroko funtsa sortu du. Bruselaren arabera, EBren laguntza hori «estatu laguntzekin konbinatu daiteke», eta inbertsio pribatua sustatzeko zerga kenkariak ezartzera dei egin die estatu kideei.

EBtik kanpoko enpresek onura horiek jaso ditzakete, «betiere Europako enpresekin elkartuta badaude». Izan ere, zera lortu nahi du Europako Batzordeak: atzerriko inbertsioek «ekarpen sendo bat egitea Europako industriaren lehiakortasunari luzera begira». Hala, enpresen arteko jakintza eta teknologia trukeak ziurtatzeko formulak lehenetsiko dira, Txinak urteetan egin duen bezala. «Baterien hornidura katea lehentasunezko esparruetako bat izango da». 

Halaber, atzerriko konpainiek EBtik gertu diren herrialdeetan osagai katea sortzeko «praktika desleialak» eragotzi nahi ditu Bruselak. Hau da, ibilgailu batek Made in Europe —Europan egina ziurtagiria izan dezan, osagai gehienek Europan ekoitziak izan beharko dute. Neurri horrek Turkiari eta Marokori eragin diezaieke.

Gainera, baterien ekoizpenerako behar diren lehengaiak ustiatzeko proiektuen zerrenda aurkeztuko du hilabete honetan. Egun, hamalau proiektu dituzte estrategikoki hitzartuta munduan —Txilen eta Kongoko Errepublika Demokratikoan, besteak beste—. 

2

Garraio iraunkorra

2025etik aurrera, CO2 emisioak murriztera behartuta zegoen industria: kilometroko 93,6 gramo CO2 emititu beharko lukete autoek gehienez; 2021ean baimendutakoaren aldean, %15 gutxiago, alegia. Muga hori bete ezean, isunak ordaintzera behartuta zeuden autogileak, eta industria kexu zen horregatik. Jada konplikatua den nazioarteko testuinguruan isunek euren lehiakortasunari kalte handia eragingo lieketela ohartarazi zuten.

«Pragmatikoak izan behar dugu», adierazi du Apostolos Tzitzikostasek. Hala, muga hori bete ez duten enpresek beste bi urte izango dituzte helburu horretara heltzeko. «Helburua bete duten enpresek, berriz, presio gutxiago izango dute». Izan ere, kontuan hartu behar da CO2 emisioen murrizketa mailakatua proposatzen duela Europako Batasunak, eta kilometroko 49,5 gramora iritsi beharko dutela 2029rako.

Gaur egun, Europan saltzen diren ibilgailuen %15 dira elektrikoak, eta ehuneko hori handitzeko «eskaria handitu egin behar da». Ibilgailu elektrikoa duten profesionalei —taxilariei eta partekatzeko ibilgailuen erabiltzaileei— zerga onurak ezartzea proposatuko diete EBko kideei. Baliabide gutxiko herritarrei baldintza oneko maileguak egitea erraztuko dute. Gainera, karga azpiegiturak azkartzeko neurriak ere aurreikusi dituzte —570 milioi euroren laguntzak aipatu dituzte—.

3

Berrikuntza eta digitalizazioa

Europako Batzordeak ondorioztatu du teknologikoki atzean geratzeko arriskua duela Europako autogintzak: gidatze autonomoari, ibilgailuen softwareari eta baterien garapenari dagokienez, hain zuzen ere. «Lidergoa berreskuratu behar dugu», dio Tzitzikostasek. Bruselaren arabera, Txinan eta AEBetan ibilgailu autonomoak merkaturatzeko prozedurak azkarragoak dira. «Gure indarguneetako bat baliatu behar dugu: merkatu bateratua». Hala, Bruselak aparkatze sistema automatikoa duten ibilgailu guztiak baimendu nahi ditu aurten, eta gidatze autonomoa duten ibilgailuen azterketak errepide publikoetan egiteko baldintzak erraztu eta harmonizatu nahi ditu.

Gainera, Europako Ibilgailu Autonomoen Aliantza eratuko du «berandu baino lehen», eta bertan bildu nahi ditu teknologia hori garatzen ari diren enpresa guztiak —txiki zein handi—. «Aliantza erreminta boteretsu bat izango da Europako industrian mugen arteko proiektuak garatzeko». 

 

%7

Autogintza Europan. Autogintzak bilioi bat euro inguruko pisua du Europako ekonomian; barne produktu gordinaren %7, alegia. Zuzenean eta zeharka, 13 milioi europarri ematen die lana. Euskal Herrian ere sektore ekonomiko garrantzitsuenetako bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.