Urte hasieran auto elektrikoen salerosketak izan zuen beherakada ez zen une bateko kontua izan. Europako Batasuneko lehen lau hilabeteetako datuak bildu ditu ACEA Automobil Ekoizleen Europako Elkarteak, eta baieztatu du ez direla betetzen ari hazkunde etengabearen espektatibak.
ACEAren arabera, aurtengo apirilean 108.552 auto elektriko berri matrikulatu ziren EBn, iazkoan baino %14,8 gehiago. Merkatu osoak, ordea, antzeko hazkundea izan du (+%13,7), eta horrek eragin du auto elektrikoen kuotan ia ez dela aldaketarik izan: %11,8 iazko apirilean, eta %12 aurtengoan —hori da urtarriletik apirilerako kuota ere—.
2023an azpitik hasi ziren salmentak, eta, urteak aurrera egin ahala, gora egin zuten. Horrela, 2023ko urtarrilean %9,5 izan ziren auto elektrikoak, eta %18raino iritsi ziren abenduan. Baina azken datu horretan bada faktore bat kontuan hartu behar dena: Alemanian orduan amaitu ziren auto elektrikoak erosteko laguntzak, eta horrek erosle asko erakarri zituen. Laguntzak amaituta, jaitsi egin da auto elektrikoen salmenta Alemanian: iazko lehen lau hilabeteetan %14,3 izan ziren, eta %11,8 aurten.
Antzeko zerbait gertatzen ari da beste merkatu nagusi batean, Italian: %3,7 izan ziren iaz apirilera arte, eta %2,8 aurten. Espainian ere ez da erritmoa hartzen ari: %6,1 izan ziren iaz, eta %6,2 aurten. Antzeko zerbait gertatzen da Hego Euskal Herrian, Nafarroari esker kuota pixka bat handiagoa den arren.
%6,6Hegoaldeko kuota. Hego Euskal Herrian 686 auto elektriko matrikulatu dira urtarriletik apirilera, iaz baino sei gehiago baino ez. Merkatu kuota %6,8tik %6,6ra jaitsi da, baina askoz txikiagoa zatekeen Nafarroarengatik izan ez balitz. Lurralde horretan, zerga kenkariak tarteko, kuota %9,1etik %10,6ra handitzen ari da.
Baina herrialde guztietan ez da gauza bera gertatzen ari. Auto elektrikoen salmentak bultzada handia izan du Frantzian (+%45,2) eta Belgikan (+%41,6), eta kontinenteko iparraldean auto elektrikoak dira gehien salduak: %41,7 Danimarkan, %30,9 Suedian eta %30 Herbehereetan.
Bruselaren erabakia
Auto elektrikoen arrakasta apalaren faktoreetako bat da errekuntzakoak baino garestiagoak direla. Arazo hori konpon dezake Txinako auto merkeagoen inportazioak, baina irtenbide horrek beste problema bat sortuko luke: EBko auto industria, kontinenteko industriarik garrantzitsuena, ahuldu egingo luke, gaur egun ezin delako preziotan lehiatu Txinatik iristen hasi diren autoekin.
Bi aukeren artean, Bruselak Joe Biden AEBetako presidentearen bidea har dezake, eta muga zergak handitu Txinako auto inportazioei —%15eko tarifa dute gaur egun—. Joan den irailean, inportazio horiei buruzko ikerketa bat ireki zuen Batzordeak, diru laguntza publiko «handiegiak» jaso ote zituzten jakin nahian, eta ekainaren 5ean da ixtekoa.
%48,9Errekuntzako motorren kuota. Auto guztiz elektrikoen salmentak goranzko joerari utzi izanak ez du esan nahi ibilgailuen elektrifikazioa eten denik. Kontsumitzaileak tarteko motorrak hautatzen ari dira, eta errekuntza motorrekoen kuota jada erditik behera jaitsi da: %48,5 urteko lehen lau hilabeteetan. Gasolina autoak dira oraindik gehien salduak (%35,6), baina gertu dituzte auto hibridoak (%29).
Alemaniako autogile handiak (VW, Mercedes eta BMW) muga zergak handitzearen aurka azaldu dira, beldur direlako Txinak antzeko neurriekin erantzungo duela, eta, hortaz, kalte egingo diela herrialde hartan dituzten negozio oparoei —VW taldeak han saltzen ditu hiru autotik bat—. Talde horretara batu da Europako talderik handienetan bigarrena, Stellantis. Peugeot, Citroen, Fiat, Opel, Jeep eta beste hainbat biltzen dituen enpresako kontseilari ordezkariak, Carlos Tavaresek, «tranpatzat» jo du Txinako autogileei muga zergen bitartez aurre egiteko aukera. Reutersek antolatutako ekitaldi batean, Tavaresek ziurtatu du tarifek inflazioa handituko dutela, eta horrek kalte egingo diela EBko eta AEBetako autogileei ere.
Ikusi gehiago
Tavaresek onartu du Txinako autogileek «oso lehia gogorra» egingo dietela europarrei, batez beste %30 merkeago ekoizteko gai direlako, eta merkatuaren zati handi bat jango dietela, %10ekoa edo. Horrek «kostu sozialak» izango dituela ohartarazi du, hau da, fabrika batzuk itxiko direla eta autogintzako lan baldintzak kaskartuko direla. «Europako gobernuek ez diote errealitate horri aurre egin nahi», gaineratu du. «Une darwinista batean gaude».