Garraioaren elektrifikazioa zalantza sintomak agertzen ari da. Aurtengo lehen hiruhilekoan, guztiz elektrikoak diren autoen salmentak gora egiten jarraitu du, baina iaz eta aurreko urteetan baino motelago. Gertatzen ari denaren daturik argigarriena halako ibilgailuen munduko bi fabrikatzaile nagusiek eman dute: Tesla eta BYD. Urte hasieratik, asko jaitsi dira haien salmentak. Sektorean lehiakide gehiago agertu izanak zerikusia izan dezake horretan, baina baita erosleen eszeptizismoak ere, auto elektriko gehienak oraindik oso garestiak direlako, kargatzeko lekuak nahikoa ez direlako, edo autonomia errekuntza autoena baino apalagoa delako.
Teslak aste honetan jakinarazi du urtarriletik martxora 386.810 auto elektriko saldu dituela, urritik abendura bitartean baino bosten bat gutxiago, eta aurreko urteko hiruhileko berean baino %8 gutxiago. Hiruhileko honetan 450.000 ale saltzeko asmoa zuen.
Urte hasiera kaskarra izan arren, AEBetako ekoizleak munduko auto elektrikoen saltzaile handienaren koroa berreskuratu du. Iazko azken hiruhilekoan BYDek lortu zuen lehen postua, lehen aldiz. Aurtengo lehen hiru hilabeteetan, baina, Txinako konpainiaren salmentak %42 jaitsi dira, eta 300.114 ibilgailu elektriko saldu ditu guztira.
Ibilgailu elektrikoen munduko bi saltzaile nagusiek beren autoen prezioak jaitsi dituzte, eskaria suspertzeko, bereziki Txinan, mota horretako autoen merkaturik handienean. Han ere nabaritzen ari dira salmenten dezelerazioa. Bloomberg agentziak egindako kalkuluen arabera, aurten %25 igoko dira, baina iaz %36 igo ziren, eta 2022an, %96.
520Hego Euskal Herrian, 520 auto guztiz elektriko matrikulatu dira urteko lehen hiruhilekoan, iaz epe berean baino bat gutxiago (-%0,19). Aurten, orain arte, %6,6 da mota horretako ibilgailuen merkatu kuota. 2023an, 2.324 auto elektriko matrikulatu ziren, aurreko urtean baino %69,2 gehiago, eta %7,4ko merkatu kuota izan zuten.
Europan, herrialdeen araberakoa da egoera. Oro har, %18,6 handitu dira auto elektrikoen salmentak urteko lehen bi hilabeteetan, Acea auto fabrikatzaileen Europako patronalaren datuen arabera. Baina nabarmentzekoa da Alemaniaren kasua, hura baita Europako auto industriaren termometro nagusia. Han, salamentak %15,3 apaldu dira otsailean, eta %1,3 urtea hasi zenetik. Analisten arabera, hori gertatu da, neurri handi batean, Berlinek auto elektrikoak erosteko ematen zituen laguntzak kendu dituelako, baina baita erosleen zalantzengatik ere.
Konpetentzia handia
Autoen merkatuan iraultza handia gertatu da azken urteetan, jokalari berri asko agertu baitira Volkswagen, Ford, General Motors eta Stellantisen moduko fabrikatzaile tradizionalekin lehiatu nahian; Txinako fabrikatzaileak nagusiki, hala nola BYD eta SAIC Motor —Erresuma Batuko MGren jabea—. Marka horiek Txinatik kanpo hedatzen hasi dira, eta merkatu kuota irabazten ari dira.
Horiei beste lehiakide bat batu zaie aste honetan: Xiaomi. Sakelako telefonoen fabrikatzaile hori bere auto elektrikoa merkaturatzen hasi da Txinan: SU7. Publizitate kanpaina indartsu batekin ekin dio. «Tesla txinatarra» izatea da haren helburua, auto «merkeago eta bizkorragoekin».
Bitartean, Europako betiko ekoizleen artean zalantzak handitzen ari dira. Adibidez, Renaultek eta Volkswagenek atzera egitea erabaki dute auto elektrikoen dibisioak burtsara ateratzeko asmoan. Era berean, bi konpainiak bat egitea aztertzen ari dira, 20.000 euro inguruko ibilgailu elektriko bat batera ekoizteko, Txinako marken lehia gogorrari aurre egiteko. Horrekin lotuta, Europako Batzordeak ikerketa bat abiatu du, ustez Pekingo gobernuak herrialdeko auto ekoizleei ematen dizkien estatu laguntzengatik.
Europatik kanpo, auto elektrikoen merkatuan gertatzen ari dena ikusita, AEBetako eta Asiako fabrikatzaileak ekoizpena murrizten hasi dira. General Motorsek eta Toyotak, adibidez, ibilgailu hibrido gehiago saltzea aurreikusi dute datozen urteetarako.
Teslak, berriz, ez du uste ibilgailu elektrikoen merkatua moteltzen ari denik, eta urte hasierako salmenta txarrak beste faktore batzuei egotzi dizkie: Itsaso Gorriko gatazkek banaketa kateetan eragindako arazoen ondorioz zenbait lantegitan izan dituen produkzio geldialdiei eta murrizketei, eta martxoaren hasieran Berlingo fabrikan izandako suteari —«sabotaje» hori talde ekologista ezezagun batek hartu zuen bere gain—. Nolanahi ere, aste honetan kaleratutako oharrean, Teslak gogorarazi du aurretik esana zuela 2024a urte zaila izango zela, «lehia handitzen ari delako». Teslaren akzioek 2021ean zuten balioaren erdia dute gaur egun.