Teresa Madariaga. Ingeteameko presidentea

«Auto elektrikoa bost minutuan kargatzea da helburua»

50. urteurrena du aurten Ingeteamek, eta Madariagak onartu du hau ez dela urte erraza, hornikuntza arazoengatik. Hala ere, epe laburrerako oso baikorra da, bere ustez gizartearen elektrifikazioa geldiezina delako.

AITOR LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Zamudio
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ezin da argindarraz hitz egin Ingeteam aipatu gabe. Haren sormenean, pilaketan, garraioan eta banaketan ezinbestekoak diren osagaiak ekoizten ditu. Konpainiaren fundatzaileetako baten alaba da Teresa Madariaga (Bilbo, 1974), etaduela sei urte hartu zuen presidente kargua. Lanik ez zaio falta egunotan: urte zaila izaten ari dela onartu du, eta enpresaren 50. urteurrenari loturiko konpromisoak batu zaizkio horri. EHUn ekonomia ikasketak bukatu ondoren, Belgikako Unibertsitate Katolikoan ekonomia aplikatuko masterra egin zuen. Euskaraz bikain moldatzen da, baina nahiago izan du galderei gaztelaniaz erantzun: «Hiztegi teknikoa erabiltzean, hobeto moldatzen naiz ingelesez edo gaztelaniaz. Bide bat dut hor egiteko».

Mende erdi bete berri du Ingeteamek. Tarte horretan Deustuko pabiloi batetik munduan barrena zabalduriko enpresa bat izatera igaro da. Bada zerbait.

Enpresa asko aldatu da. Lau ameslariren egitasmo bat zen hau, esan duzun bezala Olabeagan jaio zena. Lau familia izatetik 4.000 familia izatera igaro gara tarte horretan, 24 herrialdetan banatuta. Aldaketak handiak izan dira, baina muina bera da: teknologia, sustraiak, gure produktuen alde apustu egitea...

Anbizio handiko plan estrategiko bat diseinatu zenuten 2022-2024 hiru urtekorako: 1.000 milioi euroko fakturazioa, 5.000 langile ere izatea... Zertan da?

Langa altu jarri genuen, baina baikorra naiz. Otsailean aurkeztu genuen, eta krisi handi batek astindu gintuen berehala: energia, hornitzaileak, logistika... Arazoak konpontzen saiatzen ari gara lan asko eginez. Erosketa arloko lankideak zoratzen ari dira osagai bila mundu osoan. Espero baino gehiago kostatzen ari da, baina nik uste dut plana ez badugu %100 betetzen ez garela urrun ibiliko.

Hornikuntza arazoak hainbesterainokoak izan al dira? Zer falta zaizue?

Bai, bai, zalantzarik gabe. Erdieroaleena jakina da dagoeneko, eta badirudi apurka ekoizpena handitzen ari dela, baina uste dut oraindik arazoak izango ditugula urtebetez edo urte eta erdiz. Beste pieza asko falta dira, guk egiten ditugun argindar armairuetan behar ditugun piezen gabezia dago. Baina tira: mundu osoko gabezia bat da. Bazter guztietan gabiltza hornitzaile berrien bila, besteei saldu beharrean guri sal diezaguten saiatzen.

Ingeteamek asko dibertsifikatu du ekoizpena azken hamarkadetan. Orain zein da zuen merkatu nagusia?

Geografikoki, mundu osoa. Arloka, gure eremu nagusia energia da: hidroelektrikoa, eguzki energia, haize energia... Baina trengintza trakzioan ere bagaude, motor elektrikodun itsasontzietan, meatzeetako makinarian...

Entxufatu daitekeen ia guztia.

Bai, oinarrian bai. Potentzia konbertsio bat behar duen eremu guztietan gaude.

Nola nabarmendu zaitezkete eremu horretan?

Gure arloan lehia handia oso handia da. Jokaleku horretan guk beti kalitate handiko produktuen alde egin dugu apustu, potentzia handikoen alde. Potentzia txikiko produktuak egin beharrean—lehiakideak bizkor sar daitezke ekoizpen kateak muntatuz—, guk beste joera bat izan dugu. Pixka bat gorago iritsi gara potentzian, eta pixka bat urrunago beharrak asetzeko garaian. Aurretik joaten saiatzen gara, puntako teknologiari esker. Ez da erraza, dena den.

Zeintzuk dira zuen lehiakideak? Halakoetan arriskua beti Asiatik datorrela dirudi.

Sektorearen araberakoa da hori. Txinakoak, adibidez, enpresa erraldoiak dira, baina haien merkatuan gelditu dira orain arte.

Ingeteamen 50. urteurreneko ekitaldian, Adolfo Rebollo enpresako zuzendari nagusiak adierazi zuen dena elektrifikatu daitekeela. Dena?

Egia dio. Dena elektrifikatu daiteke. Gizartearen elektrifikazioa eman beharreko pauso oso garrantzitsua da planetaren garapen jasangarriaren bidean. Baina, noski, ez dugu ahaztu behar argindar horren sorrerak berriztagarria eta berdea izan behar duela. Ez du ezertarako balio gizartea elektrifikatzeak gero argindarra ikatza errez sortu baduzu.

Rebollo, era berean, kritikoa izan zen erakundeekin, trantsizio energetiko prozesuan elektrifikazioaren aldeko apustu nahikoa ez dutelako egin, bere iritziz. Bat al zatoz?

Ados nago, bizkorrago joan gintezkeen. Duela hamarkada batzuk diseinatu ziren plan batzuk daude, baina astiro doaz. Orain bizkortzen ari direla dirudi, baina lehenago edo geroago iritsi beharko dugu bakarrik argindar berriztagarria ekoiztera. Puntu horretara iritsiko gara; gure esku dago astiro edo bizkor joan.

Krisi honekin, azeleragailua zapaldu da. Agian bizkorregi?

Agian bai, epe oso laburrean kaosa eragin du energiaren merkatuan. Prezioak igo dira, eta industria asko geldirik daude, ezin dutelako ordaindu. Epe laburrean kaotikoa izaten ari da, baina ziur nago epe ertainean trantsizio energetikoaren prozesuari lagunduko diola.

Elektrifikatzeak garesti itxura du beti.

Zergatik garesti? Ez nago ados. Are gehiago: merkatzen ari dela esango nuke. Esaterako, fotovoltaikoa oso merkea da. Ez da garestia, eta, edozein teknologia bezala, gero eta gehiago garatzen ari denez, gero eta merkeagoa da. Hasieran prototipo batzuk zeuden, ez oso eraginkorrak, baina garapenari esker gero eta bideragarriagoak dira.

Elektrifikazio garai batek, ondo bidean, oparoa beharko luke Ingeteamentzat.

Oraintxe bertan ez, lehen esan dizudan bezala anabasa garai batean gaudelako, logistikarekin, osagarrien eskasiarekin... Ez da urte erraza hau. Baina ziur nago epe ertainean gure merkatua handitu ahal izatea ahalbidetuko digula. Ez dizut hurrengo urterako esango, edo bi urte barrurako, baina etorkizunean gure negoziorako mesedegarria izango da.

Euskal Herrian energia eolikoaren egitasmo asko daude mahai gainean. Zer iritzi duzu?

Gu ez gara sustatzaileak, guk sustatzaileari gure teknologia eskaintzen diogu. Zer esango dizut, bada? Ona dela. Energia berriztagarriak sustatzea ona da. Lehen esan dizut: gure aspirazioak izan beharko luke erabiltzen dugun argindarraren %100 berriztagarria izatea. Eta hori lortzeko bidea eolikoa eta fotovoltaikoa da.

Energia berriztagarrien alorra Nafarroan lantzen duzue bereziki. Hegoaldean parke fotovoltaiko gehiago jarri beharko liratekeela uste duzue?

Egitasmoak toki egokietan jarri behar dira. Ez duzu parke fotovoltaiko bat jarriko mendi lainotsu batean. Hemen, Caceresen edo Abu Dhabin izan, toki aproposa aurkitzea da garrantzitsuena. Eta berdin eolikoarekin; ez da berdin mendi hau edo bestea. Ikerketa bereziak egiten dira: haizeak nola jotzen duen, zenbat, jarraitua den ala ez... Eta ea errentagarria den. Parke bat jartzen denean, zentzua izan behar du, eta itzulera ekonomikoa eragin, noski.

Ingeteamen asko nabarmendu zarete auto elektrikoentzako kaleko kargagailuak ekoizteagatik. Zuen 'Rapid 120/180' modeloa saritua izan da berriki. Halako gailuen eskaria handitzen ari al da?

Bai, gero eta gehiago. Gu duela hamabost urte hasi ginen autoentzako lehen argindar kargagailuak garatzen. Produktua garatua genuen, baina garai hartan eskaria txikia zen. Kontua zen prest egotea eskari kopurua handitzen zenerako. Asko berandutu da, merkatu horrek nik uste baino askoz denbora gehiago behar izan du loratzeko; baina, tira, orain asko ari da hazten. Auto elektrikoen kopuruari lotuta doan eskari mota bat da. Zenbat eta auto elektriko gehiago egon, orduan eta kargagailu gehiago beharko dira. Baina kargatzeko puntu gehiago egon ezean, jendeak ez du auto elektrikoaren alde egingo. Bi aldagaiak eskutik doaz.

Zer bezerok enkargatzen du kargagailu bat?

Gasolindegiek batez ere, agian elektrolindegi deitu beharko diegu aurrerantzean. Gureak kargagailu oso bizkorrak dira, hamar-hogei minutuan autoa kargatzeko gai direnak. Bestela, udalak, enpresak, merkataritza gune handiak... parkinak dituzten bezeroak.

Eta norbanakoak?

Momentuz, ez; hauek ez dira etxeetarako. Etxeetarako ere baditugu, baina orain ez dira gure lehentasuna, potentzia handietara begira gabiltza. Gainera, sarearen arabera, etxe batzuetan ez duzu behar kargagailurik. Guk auto hibrido bat dugu etxean, eta ez du behar. Astiroago doa, baina horrekin aski du.

Kargagailuak zenbat denbora behar du auto bat betetzeko?

Elektriko petoa bada, hamar-hamabost minutu. Autoaren bateriaren autonomia ere kontuan hartu behar da: batzuek 120 kilometrokoa dute, eta beste batzuek, 300 kilometrokoa. Berriek 300-400 kilometroko bateriak dituzte. Karga bizkorren eremuan hainbat mugarri lortu ditugu Ingeteamen. 2019an, esaterako, Ugaldebietan [Bizkaia] jarri genuen garai hartan Europako hegoaldeko kargagailu indartsuena zena.

Kargatzeko behar den denboran jokatzen da lehia?

Orain hogei minutuan autoa kargatuta dago, edo lehenago, baina helburua da autoa bost minutuan kargatzea. Kargatzeko hamabost-hogei minutu horietatik gora behar bada, kostako da jendea auto elektrikoarekin animatzea. Helburua denbora murriztea da, baina hogeitik hamabostera pasatzea lan handia da, eta hortik hamarrera beste hainbeste. Gero ere autoaren ezaugarriak ere garrantzitsuak dira.

Hidrogeno berdea ekoizteko aldagailuak komertzializatzen hasi zarete. Merkaturik ba al du teknologia horrek?

Bai. Elektrolisia laguntzen duten eta hidrogeno berdea ekoizten duten bihurgailuak dira. Batez ere gasolindegi, elektrolindegi eta halakoetarako. Orain hidrolindegiak ere izango dira. Hidrogeno bidezko ibilgailu astuna errealitate bat da dagoeneko, eta nonbaiten kargatu behar du erregaia. Hidrogenoa aspalditik ekoizten da, baina energia berriztagarrien edo ez berriztagarrien bitartez ekoitzi daiteke.

Nazioartean asko zabaldu den enpresa bat da Ingeteam, baina sustraiak Euskal Herrian ditu oraindik ere.

Guk argi dugu hemengoak garela. Guk gauzak egiteko modu bat dugu, eta nazioartean zabaltzen zarenean, erronka bat da zure lan egiteko modu hori zabaltzea. Norabait lanera zoazenean, dena den, bertako moduak ere kontuan hartu behar dira.

Egoitza, Euskal Herrian?

Noski, ez dugu inolako planik egoitza aldatzeko.

Jende askok Ingeteam Iberdrolarekin lotzen du. Nolako harreman duzue zehazki?

Gure bezero handietako bat da. Iberdrolarekin harreman berezia dugu; ia-ia bazkide harremana da hornitzaile bezero harremana baino gehiago. Elkarlan estuadugu, hasieratik. Iberdrolak rol garrantzitsua jokatu du sektoreak Euskal Herrian dituen enpresa askorentzat, eta tartean dago Ingeteam. Gugan fede handia izan du, eta, kanpoan egina dagoen zerbait erosi beharrean, guri eskatu izan digu: «Hau egin dezakezu? Bada, sei hilabete ematen dizkizut». Hori bai, gero epeen barruan eskatzen du; Iberdrola bezero oso zorrotza da.

Langileak lortzeko arazorik ba al duzue? Zer langile mota behar duzue?

Bai. Jende bila gabiltza, batez ere bi motatakoak: batetik, ingeniaritza graduatuak: informatika, fisika... STEM ikasketak eginikoak; bestetik, langile heziketakoak, elektronikakoak-eta. Azkenean aurkitzen ditugu, baina nahiko genukeen baino motelago. Mondragon Unibertsitatean ikasgela propio bat dugu, harrobia lantzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.