Eusko Jaurlaritzak 3.500 eurorainoko laguntzak emango ditu auto berriak erosteko

Bost milioi euroko aurrekontua izango du planak, eta emisio gutxikoak lehenetsiko ditu, baina diesel eta gasolina autoak ere sartuko dira.

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua. LUIS TEJIDO / EFE
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua. LUIS TEJIDO EFE
Jokin Sagarzazu- Aitor Biain
2025eko martxoaren 27a
13:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak auto berriak erosteko beste plan batekin erantzun nahi die Donald Trumpek iragarritako muga zergei. 3.500 eurorainoko laguntzak emango ditu, auto zaharra bota eta berria erosteko. Datorren asteartean sartuko da indarrean, eta, emisio gutxiko autoak lehenetsiko badira ere, laguntzak ez dizkiete soilik auto elektrikoak eta hibridoak erostegatik emango.

Planak bost milioi euroko aurrekontua du, baina eskari gehiago egonez gero handitzeko aukera egongo da. Dena den, laguntza jaso ahal izateko, auto zaharra txatartegira bidali beharko du erosleak nahitaez, eta bi baldintza hauek bete beharko ditu: hogei urte baino gehiago izatea, edo autoak 175 gramo CO2 baino gehiago isurtzea; furgoneten kasuan, 200 gramotik gora.

Laguntzak motor mota guztietarako izango dira, baina baldintza izango da auto berriak kilometroko 125 gramo CO2 baino gutxiago isurtzea; furgonetentzat, kilometroko 150 gramo. Gehienezko prezio bat ere izango da auto berrientzat: 40.000 euro auto elektrikoentzat, eta 75.000 euro hidrogenozkoentzat. Apirilaren 1etik aurrera eskatu ahalko dira laguntzak, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez.

Plan honekin 2.000 ibilgailu ordezkatzea espero du, aurreko aldietako Renove planetan ere antzeko kopurua ordezkatzea lortu baitzuen. Errepideko garraioaren CO2 isuriak batez beste %30 murriztea ere aurreikusten du. Halaber, Jaurlaritzak zehaztu du laguntzak bateragarriak dira Espainiako Gobernuak ematen dituenekin. Madrilek 7.000 eurorainoko laguntzak ematen zituen auto elektrikoak erosteko. Plana etenda dago, ordea, Espainiako Kongresuak ez zuelako onartu hura luzatzea jasotzen zuen omnibus legea.

Trantsizioa erraztea xede

Trumpen gerra komertzialari nola aurre egin aztertzeko Jaurlaritzak sortutako Industriaren Defentsarako Taldearen bigarren bileraren aurretik egin du iragarpena Mikel Jauregi Industria sailburuak, Zornotzan (Bizkaia). Sailburuak azaldu duenez, auto elektrikoaren aldeko aldaketa erraztea eta, aldi berean, euskal ekonomiarentzat «funtsezkoa» den autogintza sektorea «babestea» da planaren helburua: «Sofatik altxatu eta gure industria defendatzeko lanean hasi behar dugu».

Izan ere, Jauregik azpimarratu du ibilgailu elektrikoa hedatzeko Europaren apustua ez dela espero bezala funtzionatzen ari, jendeak bigarren eskuko autoak erosten dituelako. Horri ikusirik, «formula berriak» bilatu behar direla adierazi du, «zero emisio helburuari uko egin gabe». Sailburuaren ustez, «emisio gutxiago sortzen dituzten ibilgailu berrien» erosketan lagundu behar da. «Teknologia konbinazio baten alde egin behar dugu: hibridoak, elektrikoak, baina baita emisio murriztuak dituzten errekuntzakoak ere, edo hidrogenoa eta erregai berriztagarriak erabiltzen dituztenak».

+% 1,3

Fakturazioa 

Acicae autogintzaren klusterrak ostegunean argitaratutako urteko balantzearen arabera, sektoreko euskal enpresen salmentak 25.349 milioirenak izan ziren 2024an, aurreko urtean baino %1,3 handiagoak. Pandemiaz geroztik izan den hazkunderik apalena da. 2021ean, 2022an eta 2023an %10, %22 eta %11 izan ziren, hurrenez hurren.

 

Ines Anitua Acicaeko zuzendari nagusiaren arabera, 300 euskal enpresa baino gehiago ditu sektoreak, eta, 32 herrialdetan dituen 740 lantegi produktiboak kontuan hartuta, 140.000 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu, 38.700 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan —Acicaek ez ditu kontuan hartzen Mercedesek Gasteizen duen plantako 5.000 langileak—. Enpresa horiek esportatu egiten dute beren produkzioaren %90, eta erdia baino gehiago Europatik kanpo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.