Auto asko konpontzeko, eta gazte gutxi lanerako

Lanez gainezka ari direla, mekaniko gazteen faltak kezkatzen ditu automozio tailerren jabeak. Langileen batez besteko adina gora egiten ari da, eta auto berriek konponketa modernoagoak eskatzen dituzte.

Tailer mekanikoa
Mekanikari bat auto bat konpontzen, artxiboko irudi batean. BIEL ALIÑO / EFE
marcos tedin
2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

«Arazo larri bat daukagu: ez dugu langilerik aurkitzen», esan du Jose Luis Arrazola Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkarteko (AEGA) presidenteak. Pertsonala kontratatu ezinean dabiltza Euskal Herriko automozio tailer txiki eta ertainak, eta egoera honi konponbiderik ez diote topatu oraindik sektoreko buruek. «Odolustea gerarazten saiatzen ari gara», onartu du Arrazolak.

Tailerretan lan egiten dutenak zahartzen diren bitartean, berritzen ari dira iristen zaizkien autoak. Gero eta ohikoagoak diren automobil elektrikoek beste mota batzuetako konponketak eta ezaguerak eskatzen dituzte, alegia, modernoagoak. Aldi berean, tailerretan ez dituzte aurkitzen auto berri horiekin lan egiteko heziketa gaurkotua duten mekaniko gazteak.

Arrazolaren arabera, tailer batean lan egiteko, «gaur egun ez da lehen bezainbeste jakinduriarik behar izaten». Izan ere, presidenteak ziurtatu du edonorentzako ofizioa izan daitekeela: «Lan baldintzak dexente hobetu dira, gaur edonork egin dezake lan hau, emakumeek ere bai: ez du lehen bezainbeste ahalegin fisikoa eskatzen».

«Lan asko dago»

Nahiz eta ahalegin fisiko txikiagoa izan, Elicio Ceballos Bizkaiko Automozio Tailerrak (BAT) elkarteko presidente ohiak azaldu du gaur egungo langileak bai mekanikan bai elektronikan trebeak izan behar direla, auto berriekin lan egin ahal izateko: «Teknikari elektromekanikoak falta dira». Gaineratu duenez, tailerretako langileen batez besteko adina nahiko handia da dagoeneko, eta haiek ordezkatzeko mekanikoak falta dira. Haren hitzetan, egun, tailer batean sartzen direnek «trebe aritu behar dute bai torlojuekin eta bai teklekin».

«Tailer txikiak ez gara erakargarriak. Enpresa handia da erakargarria, ziurtasun handiagoa ematen die gazteei»

. JOSE LUIS ARRAZOLA Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkarteko presidentea

«Lan asko» egon arren, pertsonala aurkitzeko arazoak dituzte tailerrek. Arrazolaren arabera, lan baldintzak eta ordutegiak aldatzen saiatu dira, «jendeak aisialdiari garrantzi handia ematen diolako». Hala ere, oraindik ez dute langile nahikorik topatzen, lanorduak gazteen nahietara egokitu arren. «Badirudi orain jende askok kirola egin nahi duela», arrazoitu du AEGAko buruak.

Arrazolak azaldu du langile berriek ez dutela zertan heziketa bereziturik izan, behar dutena tailerretan irakatsiko zaielako: «Mekanikaren mundua gustuko baduzu, azkar moldatuko zara». Ostera, esperientzia dutenei edo Lanbide Heziketa ikasi dutenei «gehiago ordainduko zaie». Ceballosen ustez, hala ere, «Lanbide Heziketatik irteten direnekin, askotan, zerotik hasi behar da».

Handietara, ehunka

Gaur, mekanikoak kontratatzeko, tailerrek Lanbide Heziketara jotzen dute. Lehen, aldiz, «kontaktuagatik» kontratatzen zituztela langileak kontatu du Ceballosek. Alegia, ezagun baten semea edo iloba gomendatzen zieten, etxeko konponketetan iaioa zena, eta hutsetik irakasten zieten. Gaur egun, hori galdu egin da, BATeko presidente ohiaren ustez.

«Egun, tailer batean sartzen direnek trebe aritu behar dute bai torlojuekin eta bai teklekin».ELICIO CEBALLOS Bizkaiko Automozio Taillerretako arduradun ohia

«Ez gara erakargarriak», ondorioztatu du Arrazolak, etsita: «Erakargarria dena enpresa handia da. Zergatik? Badirudi ziurtasun handiagoa ematen diela». Berak azaltzen duenez, lanbide heziketan automozioa ikasten dutenek nahiago dute tailer handietara joan, eta horrek aukera gutxi uzten die tailer txikiei. Aipatu duenez, Gipuzkoan Irizar, CAF, Ampo, eta Indar eta halako enpresa handiek ehunka langile kontratatzen dituzte urtero, eta horrek gazteak hartzeko aukerak murrizten dizkie autoen konponketan ari direnei.

«Tailer batzuk itxiko direla espero da», aitortu du Ceballosek. Hala ere, ez du ezkor azaldu nahi: «Ez dago dena galduta». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.