Muturreko austeritatea ezartzeko ahaleginak dituen ondorioei buruzko kezka globala geroz eta handiagoa da. Atzo, enpleguaren ikuspuntutik beste ekarpen bat egin zuen Lanaren Nazioarteko Erakundeak (OIT). Austeritatearen «tranpa» enplegua hondoratzen ari dela ondorioztatu duMaiatzaren Lehenaren bezperan argitaratu duen txostenean.
Dagoeneko lau urte iraun dituen krisi ekonomiko honen ondotik, lan merkatuaren desorekak egiturazko bihurtzen ari direla uste du OITk, «eta zuzentzeko geroz eta zailagoak dira». Kolektibo jakin batzuk — denbora luzeko langabeak, esaterako—, lan merkatutik kanpo geratzeko arriskuan daude. «Susperraldi indartsu bat izanda ere ez dutela lanposturik lortuko esan nahi du horrek», azaldu du txostenak.
Krisiaren aurretik zegoen egoerara itzultzeko, gutxienez 50 milioi lanpostu falta dira mundu osoan. OITk ez du uste datozen bi urteetan ekonomia galera hori arintzeko bezainbeste haziko denik. Gainera, tarte horretan beste 80 milioi lanpostu gehiago beharko dira, lan merkatuan sartuko den jendea kontuan hartuta.
Egoera «bereziki kezkagarria» da Europan. 2010 .urtetik langabeziak gora egin du kontinentearen bi herenetan. Gainera, enpleguaren susperraldia gelditu egin da Japonian eta AEBetan. Beste herrialde batzuetan, hobekuntza ahulak nabarmendu ditu OITk;besteak beste, Txinan, «lan egiteko adinean geroz eta populazio handiagoa eta prestatuagoa duelako».
Beharra duten pertsonen kasuan ere enpleguaren kalitateak behera egin du. Ekonomia aurreratuetan, hain zuzen ere, %50 handitu da gogoz kontra lanpostu partzialak edo aldi batekoak dituztenen kopurua. Langabezia eta prekarietatea gehiago handitu da gazteen eta emakumeen kasuan. Ekonomia aurreratuetan gazteen langabezia tasak %80 handitu dira, eta garatzeko bidean dauden herrialdeetan, %66.
Enplegu falta inbertsioen murrizketarekin lotzen du zuzenean Lanaren Nazioarteko Erakundeak. «Enpresa handienen kontuetan inbertitu gabe geratu den dirua sekula baino gehiago da». Inbertsioak munduko BPGaren %19 dira, krisiaren aurretik zegoen batez bestekoa baino lau puntu gutxiago. Halaber, enpresa txiki eta ertainek oraindik ere zaila dute inbertitzeko eta lanpostuak sortzeko behar duten kreditua lortzea.
Estrategia aldaketa
2010. urtetik aurrera estrategia politikoaren lehentasunak aldatu ziren. Defizita murriztea zen helburua, baita arazorik ez zuten herrialdeetan ere, finantza merkatuen kontrako erreakzio posible bati aurrea hartzeko aitzakiarekin. Porrot egin du estrategiak, OITren ustez. «Austeritatea eta liberalizazioa gehien ezarri zuten herrialdeetan okerrera egin du enpleguak eta hazkundeak. Kasu askotan neurri horiek ez zuten egoera fiskala orekatzea lortu».
Enplegua eta hazkundea sustatzeko exijitu die OITk gobernuei. Gomendio zehatz batzuk ere egin dizkie. Lehenik eta behin, soldatak produktibitatea bezainbeste igo behar direla esan du, eta, halaber, gutxieneko soldataren igoera «zorrotza eta koordinatua» beharko litzateke. Kreditua bermatzeko neurriak ere eskatu ditu.
Azkenik, enplegua eta defizit helburuak bateratzeko bideak proposatu ditu. Gastuen eta diru sarreren arteko aldaketa neutral bati esker, bi milioi lanpostu sortzea posible ikusten du.
Austeritatearen «tranpa» enplegua hondoratzen ari dela ondorioztatu du OITk
Estrategia aldatzeko eskatu du, lehentasuna berriro ere hazkundeak eta lanpostuen sorrerak izan dezaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu