Jaurlaritzak apaldu egin du aurtengo hazkunde iragarpena, %2raino

Europako industriaren egoerak euskal ekonomia zamatuko duela uste du, eta hamarren bat apaldu du iragarpena. Hala ere, langabezia tasa %6,9ra jaistea espero du.

Mercedes-Benzek Gasteizen duen fabrikako bi langile. RAUL BOGAJO / FOKU.
Mercedes-Benzek Gasteizen duen fabrikako bi langile. RAUL BOGAJO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urtarrilaren 8a
14:10
Entzun

EAEko BPGaren 2025eko iragarpena pixka bat apaldu du Mikel Torres Jaurlaritzako Ekonomia, Enplegu eta Lan sailburuak. Udazkenean %2,1eko aurreikuspena egin zuen, eta gaur, berriz, %2ra jaitsi du. Zenbaki aldaketaren zergatia euskal industriaren bezero nagusi diren herrialdeen egoera dela argitu du, «Alemaniarena bereziki». Dena den, aurreratu du enplegu sorrera ez dela etengo. 

«Europako egoera politikoa ez da batere itxaropentsua. Ikusi beharko da Alemaniako hauteskundeekin zer gertatzen den», aitortu du Torresek. Europako industria ez dago garai onean, eta horrek eraman du Jaurlaritza bere hazkunde iragarpenak berrikustera. Izan ere, oraindik Europa da euskal industriaren merkatu nagusia, haren bezero poltsa asko dibertsifikatzen ari bada ere, eta zehaztu du aurten handitu egin direla Txinarako esportazioak.

«Europako egoera politikoa ez da batere itxaropentsua. Ikusi beharko da zer gertatzen den Alemaniako hauteskundeetan»

MIKEL TORRESEusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua

Alemaniaren hotzikara asko nabaritu da salmentetan, eta 2024an EAEko industria ekoizpenaren lehen bezero izateari utzi diola diote Eustaten azken datuek. Urrira arte, Frantziak hartu dio gaina, esportazioen %16,1ekin; Alemaniak, berriz, %14,3 erosi du. Zerrendan hirugarrena Erresuma Batua da: %7,1. Europako motor handiak bere onenean ez egon arren, hiru lurraldeetako ekonomia %2 handituko da aurten, «Euroguneak izango duen hazkundea halako bi ia» —%1,3ko hazkundea espero da—-.

Sektorekako galbahea eginda, industria %1,4 haziko da aurten, zerbitzuen sektorea %2,1, eta eraikuntzarena %2,2. Azken bi datu horien atzean barne kontsumoaren indarra dagoela azaldu du sailburuak, eta erantsi du haien eskutik enplegu sorrera %1,6koa izango dela. Horiek horrela, aurten langabezia tasa %7,1etik %6,9ra jaitsiko dela uste du Jaurlaritzak. 

Torresek, dena den, argitu du gizarte baten ongizatea ez dela neurtzen «BPGaren arabera bakarrik», eta beste faktore asko hartu behar direla kontuan pertsonak zenbateraino gogobeteta dauden aztertzeko. Horren adibide, 2024ko enplegu bilakaera. Gizarte Segurantzan izena emaniko langileen kopurua inoizko handiena da, eta 1.613 afiliatu berri irabazi zituen iaz, baina sinaturiko kontratuen %20 baino ez ziren izan mugagabeak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.