«2023. urtea ona izan dela esan dezakegu», azaldu du Begoña San Miguel FVEM Bizkaiko metalgintza sektoreko patronaleko presidenteak gaur Bilbon. FVEM osatzen duten 209 enpresei egindako galderetan oinarrituta, metaleko industriaren iazko datuak eman ditu, eta adierazi du enpresek «balantze positiboa» izan dutela, eta aurrera begira ere baikor azaldu direla: pandemiatik hona izaniko daturik onenak aurreikusten dituzte 2024rako.
Enpresen %74,3k 2023a aurreikusi baino datu hobeekin itxi dute. «Urteko lehenengo partea ona izan dela esan dezakegu, baina bigarren seihilekoan joera hau eten egin da; besteak beste, gure nazioarteko bazkide nagusien egoera ekonomiko ahulagatik eta egoera geopolitiko konplexuagatik», arrazoitu du San Miguelek. Itsaso Gorriko krisiari egotzi diote prezioen igotzea, horrek materialak garraiatzea garestitu duelako.
Bigarren seihilekoan geldialdia izanda ere, hainbat datu positibo aipatu ditu San Miguelek. Presidenteak azaldu du salmenten errentagarritasunak sendotzen jarraitzen duela, baina oraindik pandemiaren aurreko mailara ez dela heldu. Horrez gain, inbertsioak areagotu egin dira aurten, eta espero dute industriak 2023an baino gehiago jasoko dituela 2024an. Enpresa esportatzaileak ugaritu egin dira: iaz, enpresen %61 ziren. Hala ere, esportazioak behera egin du: fakturazioaren %43tik %34ra jaitsi da.
Eskabide zorroei dagokienez, 2017an bezalako datuak izan dituzte, nahiz eta bigarren seihilekoa apalagoa izan. San Miguelek uste du 2024an ere eskariak antzera jarraituko duela.
2024. urterako espektatibak «pandemiaz geroztik onenak» dira. Enpresen erdiek ziurtatu dute 2023an jarduerari berriro ekin diotela, eta %55ek aurreikusten dute datorren urtean pandemia aurreko jardueraren %75 eta %100 artean izango dutela. Inkesta erantzun dutenen %38k uste dute merkatua bizkortu egingo dela. Hala ere, gehiago dira begirada ezkorra dutenak: %48k aurreikusten dute merkatuak berdin jarraituko duela.
Ikerketaren arabera, enpresen kezka nagusia «ekonomia nazionalaren eta nazioartekoaren ahultasuna» da. Kezken zerrendan, lan kostuak eta ekoizpen kostuak daude bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Hornidura kostuetan normalizatzeko joera antzeman dute: %6 hazi ziren 2023an, eta aurreko urteetan %21. Enpresariek, baina, arduraz begiratzen diete nazioarteko gatazkei: «Ikusten ari gara Itsaso Gorriko krisiak eragina izango duela garraio kostuetan, eta baita hornigaien entregetan ere».
Talentua
Lanpostuei dagokienez, Bizkaiko metalgintzak 1.400 lanpostu berri sortu ditu 2023an, 2022an baino %2,7 gehiago. 2024rako beste 1.000 lanpostu sortuko dituztela aurreikusten du FVEMek. Gaur egun, 13.000 langilek egiten dute lan FVEM osatzen duten enpresetan. Plantilla handituko dutela aurreikusten dute enpresen %24k.
San Miguelek adierazi du langileen faltak ere sortzen diela kezka enpresei; adierazitako kezken artean, zerrendako laugarrena da, hain zuzen ere. Presidenteak azaldu du zehazki goi mailako ikasketak behar ez dituzten langileak falta direla, eta atzerrira —Hego Amerikara, zehazki, «hizkuntzaren kontua dela eta»— jotzeko beharra dutela enpresek.
San Miguelen hitzetan, datozen urteetan «belaunaldi aldaketa gogor bati» aurre egin beharko diote, eta adierazi du federazioa buru-belarri ari dela gazteen bila eta haiek fidelizatzeko lanean: «Gure proiektu izarra Industria Erronka da, eta, haren bitartez, saiatzen gara gazteak industriara hurbiltzen, ezagutu eta gure enpresekiko interesa pizteko». Horrez gain, 50 urtetik gorako langileentzako egitasmoak ere antolatu dituzte.