Euskal Sagardoa sor-markaren barneko sagardogileek iaz baino uzta kaskarragoa espero dute aurtengo. Aurki dira sagar bilketari ekin eta sagardoa egiten hastekoak, eta, haien iragarpenen arabera, bi eta hiru milioi kilo artean bilduko dituzte. Urrun geldituko dira, beraz, 2023ko ia sei milioi kiloak, baina orduan nabarmendu zuten sagar uzta oso oparoa izan zela.
Eta zenbat sagardo da hori? Ekoizleen kalkuluen arabera, 1,5 eta bi milioi litro artean ekoitziko dituzte, iazkoaren erdia. Jaitsiera handia da, baina, aurreko datuei erreparatuta, 2022ko uzta baino hobea izango da. Orduan, 1,2 milioi litro ekoitzi ziren, eta bi milioi kilo sagar bildu. Urte hartan ekoizleek nabarmendu zuten uzta urria izan zela. 2021ekoa, berriz, iazkoaren oso antzekoa izan zen: sei milioi kilo eta 3,5 milioi litro.
Uzta iazkoa baino urriagoa izan arren, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak aurreratu du sagardoa kalitate «oso onekoa» izango dela, besteak beste, euria eta beroa izan direlako. 50 sagardotegik egiten dute Euskal Sagardoa jatorri izena duen sagardoa: bik Araban, hiruk Bizkaian eta 45ek Gipuzkoan. Guztira, 250 ekoizpen gune dituzte, 500 hektarea.
Donostiako 37. Sagardo Egunean egin dituzte iragarpen horiek, eta aukera baliatu dute ibilbide luzeko lau sagardogile omentzeko: Arantza Eguzkiza, Iparragirre sagardotegikoa (Hernani); Iñaki Bengoetxea, Ola sagardotegikoa (Irun); Joxe Angel Goñi, Gurutzeta sagardotegikoa (Astigarraga), eta Maria Jose Arregi, Olagi sagardotegikoa (Altzaga).
500Hektarea Euskal Sagardoa sor-markarekin lan egiten duten 250 sagar ekoizle daude Euskal Herrian, eta guztien artean 500 hektarea sagasti dituzte.