Ontzi berri bat itsasoratzea beti izaten da ikuskizun bat, dituen zailtasun teknikoengatik eta, bereziki, Euskal Herrian zutik jarraitzen duten ontzioletan gutxitan egiten direlako halakoak. Asteazken honetan, aurtengo bigarren ontzia itsasoratu dute, Erandion (Bizkaia), Murueta ontziolaren plataformatik. Barkua erabiliko da erregai likidoak garraiatzeko eta itsaso zabalean dauden ontziak hornitzeko: Bahia de Levante du izena, eta 92,5 metro luze eta 18 metro zabal da, eta 7.800 metro kubikoko edukiera du. Muruetak Mureloil enpresarentzat egin du; Mureloilek Bilbon du egoitza soziala, baina Algecirasko portutik (Espainia) aritzen da.
Itsasontzi berriak berezitasun bat dauka: propultsio sistema hibridoa erabiltzen du, gasoliokoa eta elektrikoa, eta baterien bidez energia biltegiratzeko sistema bat erabiltzen du. Muruetak azpimarratu duenez, erregaiak garraiatzeko Europan eraikitako lehen ontzi hibridoa litzateke.
Ontzi berria aurtengo abenduan jasoko du armadoreak. Gaurko ekitaldian parte hartu dute Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak eta Repsol, Cepsa, Trafigura, Nyala eta Stenaoil enpresetako arduradun batzuek, besteak beste.
Euskal ontziolek urtarrilean itsasoratu zuten aurtengo lehen barkua, hori ere Muruetarena: Groenlandiako armadore batentzat, ganba arrantzarako. Ontziolek dozena bat barku dituzte zorroan; kontratu gehienak pandemia garaian sinatu zituzten.
Garai onean
Azken 40 urteetan euskal ontziolek eraldaketa sakona izan dute, eta egun nagusi direnek —Murueta, Zamakona eta Balenciaga— beste neurri bateko helburuak dituzte. Arrantza industriarako ontzietan espezializatuta daude, baina barkurik ez dute egiten ia bertako armadoreentzat, Bizkaiko golkoko ontzidia azken urteetan berritu egin delako ia osorik. Europa iparralderako egiten dituzte bereziki; izokina, bakailaoa eta atuna itsasoan bertan prozesatu eta garraiatzeko, batez beste 70 bat metro luze eta 20 metro zabal direnak. Azken urteetan offshore-aren merkatuaren atea ere zabaldu dute: itsasoko haize erroten plataformak egiteko, eta horiek instalatzeko barkuak egiteko.
Euskal Herriko ontzigintza sektorearen ekoizpen ahalmena ez da beste garai batekoa; Bizkaiko ontziola handiek frankismoan bizi izan zuten urrezko aroa. Egun, Erresuma Batukoen pare daude, Portugalgoen eta Greziakoen gainetik, baina oso urruti dago Europako ekoizle nagusietatik —Italia, Alemania, Finlandia eta Herbehereak—. Euskal ontziolen lehiakide nagusiak Europan daude, eta, bereziki, Turkian. Baina ontziolen sektoreak nonbaiten pisua baldin badu, hori Asian da: Txina da, alde handiz, munduko ekoizlerik handiena. Haren eraginpean egotearen ondorioz, Vietnamek eta Bangladeshek jauzi handia egin dute azken urteetan, bereziki Euskal Herrian egiten diren moduko ontzietan.
Horri beste arazo batzuk gehitu behar zaizkio. Euskal ontziolak aspalditik ari dira ohartarazten lana badagoela, baina eskulana kanpotik ekarri behar dutela, behargin kualifikaturik ez dagoelako, maila guztietan, ez ingeniaririk, ez peoirik.