Europak bidali du mezua: energia aurreztu behar da. Katastrofismoaren eta zuhurtziaren arteko oreka zail horretan dabil. Industria da energia kontsumitzailerik handiena, baina erdi aholku erdi agindu den hori etxeetara ere zabal daiteke. Aurrezteak, gainera, ez du zertan beti erosotasuna murriztu, «eraginkortasuna» bilatzea da bertutea, hala uste du behintzat Iñaki Garcia Euskal Energia Erakundeko (EEE) jasangarritasun arloko teknikariak: «Erronka handiena oinarrizko neurri horiek ohituretan txertatzea da».
1.200-1.300 EURO ETXEKO
%25 gutxiago
«Etxe batean, gutxi gorabehera, 1.200 eta 1.300 euro artean gastatzen da urtean energian», azaldu du Garciak. Kalkulu orokor bat da, etxearen tamainaren eta, batez ere, bizi diren pertsonen arabera aldatu daitekeena. Eta zenbat aurreztu daiteke eraginkortasuna hobetuz? Bada, %20 inguru. «Oso zehatza bazara, %25-%30 ere izan daiteke. 240 bat euro dira urtean. Etxe baterako, agian, ez dirudi hainbeste, baina pentsa Euskal Herri osoko etxe guztiak kontuan hartuta». Garciak, dena den, nabarmendu du kopuruak kontu handiz hartu behar direla, etxe batzuetan dagoeneko aplikatzen direlako hainbat neurri eta haietan asko murriztea zailagoa delako.
25 GRADU UDAN - 19 NEGUAN
«Eramangarria»
Europako Batzordeak bi tenperatura datu zehaztu ditu bere aholkuan: 25 gradu udan eta hemeretzi neguan. Areto eta egongelak epeldu edo freskatzeko erreferentziak dira. «Zuzena eta eramangarria da. Beti egongo dira salbuespenak: jende nagusia, gaixoak... Baina baldintza horietan jendearen gehiengoak ez du erosotasun faltarik sumatuko», nabarmendu du Garciak.
Azken egunetan bero sapa egin du Euskal Herrian, eta Garciak azaldu du EEEko bulegoetan 26-27 gradu artean izan dutela aire girotua, eta inork ez duela berorik sumatu. «Tenperatura parametro oso pertsonala da, eta baita psikologikoa ere. Probak egin izan dira: termostatoak trukatu benetakoa ez den tenperatura bat erakuts dezaten, eta jendearen pertzepzioa aldatu egiten da».
LEIHOAK
Burletak
Hozberoari lotuta, leihoak funtsezkoak dira etxearen errendimendu energetikoa hobetzeko, baina, era berean, inbertsio handia eskatzen dute. Teknikariak, alde horretatik, konponbide erraz bat gomendatu du: «Burletak jartzea oso eraginkorra da, edo isolatzeko gomak. Konponbide merkea dira, eta berehala nabaritzen da».
GALDARA ETA BEROGAILUA
Gradu bat: %7
Galdarei dagokienez, EEEren lehen aholkua argia da: aldatzean kondentsazio galdara jartzea, energia gutxiago behar dutelako. «Ura 50-70 gradura berotzearekin aski dute berogailuaren eragina atzemateko; zaharragoek, berriz, 80-90 gradura igo behar izaten dute». Eta berogailua ondo doitzea gomendatzen du: «Berogailuko tenperatura gradu bat igotzeak gas kontsumoa %7 handitzen du. Beraz merezi du zehatzak izateak».
Ur beroari dagokionez, 38-39 gradutan izatea aski dela iritzi dio, «gorputzeko tenperatua baino pixka bat gehiago». Txorrota termostatikoak jartzea inbertsio ona da, halaber: «Tira, logikoa da hau. Gustuko tenperatura aurkitu eta finko mantentzen da. Ur hotza eta beroa tartekatzen ibili behar izanez gero, gas eta ur asko galtzen du alferrik».
SUKALDEA
Ur hotza garbigailuan
Sukaldeak kontsumitzen du etxeko energia gehien, eta argindar gehien xurgatzen duten etxetresnak bi dira: hozkailua (etxeko kontsumo osoaren %18) eta garbigailua (%8). Azken hori beti ur hotzarekin jartzea aholkatu du, ura berotzen kontsumitzen duelako argindar gehien: «Gure egunerokoan zikintzen dugun arropak ez du ur berorik behar garbitzeko, ez dugu koipeedo antzekorik erabiltzen. Era berean, kontuan hartu behar da xaboiak gero eta hobeakdirela».
Dena den, hozkailuak behar du energia gehien, eta izozkailua handia bada, are gehiago. Aurrezteko modurik onena etxetresna eraginkorra erostea da, baina Garciak gomendatu du tenperatura erabilerara egokitzea: 4-5 gradu hozkailuan eta -17 edo -18 izozkailuan. Suari dagokionez, indukziozkoak dira eraginkorrenak, zartagin edo eltzea gainean jarri ezean ez dutelako lan egiten. Beste aholku bat ere badu: «Eltze azkarrak asko aurrezten du».
ARGIA
LEDak, zalantzarik gabe
Argia etxeko energia kontsumoaren %18 ere izan daiteke, baina batezbesteko hori asko jaisten ari da. «LED argiak askoz eraginkorragoak dira». Garciak oso argi du. Dioenez, argi gori batek 1.000 ordu irauten badu, LED batek 25.000 ordu iraun dezake. Argindarrarekin lotuta, gomendatu du tresnak stand by egoeran ez uztea eta, batez ere, zentzuz erabiltzea: «Ikusten ari ez garenean, ez da telebista alferrik piztuta izan behar».
Energiaren krisia. Gasa aurrezteko gomendioak
Aurrezkia xehetasunetan dago
Energia modu «eraginkorrean» erabiliz gero, etxeko kontsumoa %20 murriztu daiteke. Energiaren Euskal Erakundearen arabera, erosotasun maila galdu gabe bete daitezke EBren gomendioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu