Jarrerak urrun daude oraindik Arabako metalgintzan. Patronala eta sindikatuak hirugarren aldiz elkartu ziren atzo, Gasteizen, hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi zituztenetik, baina saioak huts egin zuen ostera. Sindikatuen esanetan, aurrerapen txiki batzuk izan badira ere, patronalak oraindik ez die erantzun eskaera nagusiei. Hori dela eta, aurreratu dute mobilizazioei eutsi egingo dietela datozen asteetan ere. Hilaren 25ean elkartuko dira berriro bi aldeak.
ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek protesta bateratua egin zuten goizean, Lan Harremanetarako Kontseiluaren egoitzaren aurrean. Dozena bat manifestari elkartu ziren, metalgintzako sektorearentzat «hitzarmen duin bat» eskatzeko. Sindikatuak batera ari dira urte hasieraz geroztik, ituna berritzeko negoziazioei berriz ekin zietenetik. Izan ere, mahaia bildu gabe egon da ia urtebetez. Sindikatuek SEA patronalari egozten diote aldi baterako lan enpresen erabilera ez mugatzea, azpikontraten subrogazioa itunean sartu nahi ez izatea eta lanordu kopurua ez doitzea, besteak beste. Baita soldatak KPIaren arabera ez eguneratzea ere.
Bada, diru kontuetan ez, baina eskaera batzuetan «aurrerapen txikiak» egon direla aitortu dute sindikatuek. Esaterako, patronala prest azaldu da subrogazioaren inguruan negoziatzeko, aurreko bileretan ez bezala, eta sindikatuei eskatu die proposamen jakin bat egiteko. CCOOren arabera, «joera aldaketa bat» ekar lezake horrek, betiere aldaketa hori negoziazioan mamitzen bada, eta keinu hutsa ez bada.
Alde horretatik, ELA ere baikor azaldu da, eta «benetako negoziazio bat izateko jarrera» aitortu dio SEAri. Ohartarazi dio, baina, sektorearen erronkei erantzutea eta prekaritatea amaitzea dutela helburu, eta, bide horretan, ez duela aurrerapausorik eman gairik garrantzitsuenetan: «Ez dago lanaldi murrizketarik, ez dago KPIaren igoerarik, ez dago hobekuntzarik gaixo agirietan, ez dago hobekuntzarik malgutasunean», salatu du. Hala, iragarri du protestei eutsiko dietela. CCOOk ere hori bera jakinarazi du.
Greba eskaria
LABek bat egin du gainerako sindikatuen analisiarekin, eta aitortu du «mugimendu txikiak» egon direla patronalaren partetik. Sindikatuaren iritziz, orain arteko mobilizazioen ondorio izan dira, ordea. «SEAk, mobilizazioen ondorioz, aldaketa txiki batzuk egin behar izan ditu, halabeharrez, baina oraindik ez die erantzun sektoreko arazo nagusiei», salatu du.
Hori dela eta, LABek uste du patronalaren negoziatzeko borondatea «ziurtatu gabe» dagoela. Eta protestak gogortzeko garaia dela iritzi dio. Hain zuzen, esan du grebarako garaia dela, eta horrela jakinarazi die plataforma bateratua osatzen duten gainerako sindikatuei: «Garairik egokiena da sei sindikatuok mobilizazioak indartzeko».
Aurrerapen batzuk aitortu arren, protestei eutsiko diete Arabako metalean
SEA prest azaldu da subrogazioaz negoziatzeko, eta sindikatuei eskatu die proposamen bat egiteko. LABen ustez, grebari ekiteko garaia da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu