Lan gatazkak

Aurrerapausorik ez Arabako metalgintzako ituna berritzeko bileran

Sindikatuek aitortu dute «mugimenduak» egon arren «txikiak» izan direla. Greba deialdiei eustea erabaki dute horrenbestez. Hilaren 19an elkartuko dira berriro bi aldeak.

Sindikatuek deitutako manifestazioa, Gasteizen. RAUL BOGAJO/FOKU
aitor biain
2022ko irailaren 8a
16:54
Entzun

Arabako metalgintzako ituna berritzeko bilera orain artekoen moduan amaitu da, akordiorik gabe. Eta beraz, sindikatuek hilaren 21erako 22rako eta 23rako egindako greba deialdiak bere horretan segitzen du. ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek osatutako plataforma bateratuak gaitzetsi du SEA patronalak akordioa ahalbidetuko lukeen proposamen bat aurkeztu gabe segitzen duela. Hala ere, hilaren 19an berriz ere elkartuko dira, jarrerak hurbiltzeko asmoz.

LAB sindikatuak ohar bidez aitortu du «mugimenduak» egon direla, baina «txikiak» izan direla, eta patronalari ohartarazi dio sektorean lanuzteak hedatzea eragotzi nahi badu, «edukiak» aurkeztu beharko dituela negoziazio mahaian. «Gaur gaurkoz, eta bileretan 4 urte badaramazkigu ere, lan orduen jaitsiera ez dago mahai gainean oraindik, Hego Euskal Herriko altuena izan arren. KPIa ere ez dago bermatuta hitzarmenaren indarraldiaren bitartean». 

ELA sindikatuak ere argi utzi du «aurrerapauso txiki» horiek ez dira greba deialdia bertan behera uzteko nahikoa arrazoi. Eta salatu du SEAk lanaldi jaitsieraz edota KPIa bermatzeaz hitz egin badu ere, proposamenak ahoz baino ez dituela egin. Hori dela eta, idatziz eta «era serio batean» egiteko eskatu diote. 

CCOOk ere salatu du patronalak ez duela lanaldi jaitsieraren inguruko proposamenik egin, eta gaitzetsi du soldaten inguruan «marra gorriari» eusten diola. Sindikatuek elkarretaratzera deitu dute astelehen eguerdirako, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, instituzioen inplikazioa eskatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.