Ekonomia

Aurreikuspenak hobetu ditu NDFk, baina arriskuei aurre egiteko prestatzeko eskatu die herrialdeei

Nahiz eta munduko ekonomia espero baino gehiago haziko den, hazkundea maila historikoen azpitik dagoela adierazi du Nazioarteko Diru Funtsak.

Itsasontzi bat Cartagenako portuan, Kolonbian. RICARDO MALDONADO ROZO / EFE
inaut matauko rada
2023ko uztailaren 25a
17:10
Entzun

Apirilean 2023 eta 2024rako egindako aurreikuspenak berritu ditu NDF Nazioarteko Diru Funtsak, eta adierazi du orduan aurreikusitako ekonomiaren geldialdia motelagoa izango dela, eta inflazioa, berriz, espero baino azkarrago jaitsiko dela. Hala, 2023an munduko BPG barne produktu gordina %2,8 haztea espero zuten, baina Pierre-Olivier Gourinchas NDFko ikerketa alorraren zuzendariak adierazi du %3 haziko dela. Hala ere, finantza sektorearen ezegonkortasunari aurre egiteko prestatzeko eskatu die herrialdeei, eta likidezia azkar handitu dezaketen tresnak garatzeko.

Gourinchasen arabera, apirilean aurreikusitakoa gehien hobetu dutenak ekonomikoki garatuta dauden herrialdeak dira, %1,3tik %1,5era igo baitute horien hazkundearen aurreikuspena. Garabidean diren ekonomien hazkundea, berriz, espero baino %0,1 handiagoa izango da, %4. Hala ere, herrialde horien 2024ko hazkunde aurreikuspenak okertu dituzte, %4,2tik %4,1era.

Euroguneko ekonomia 2023an %0,9 haztea espero du NDFk, baina 2024an hazkundea azeleratu egingo da, %1,5era. AEB Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, alderantzizkoa izango da joera: aurten %1,8 haztea espero du, baina 2024an %1era jaitsiko da.

Gourinchasek adierazi du herrialde garatuen hazkunde ekonomikoa ohiko mailaren azpitik egotea inflazioaren aurkako neurrien gogortasunagatik gertatu dela, interes tasen igoera azkarra batez ere; uste du hori dela motelaldiaren arrazoirik handienetako bat.

Garabidean diren herrialdeen artean, Txinako ekonomia da nagusia, eta, aurten, BPGa %5,2 haztea espero dute; 2024an, ordea, %4,5. NDFk uste du Txinak pandemiaren ostean ekonomia ireki izanak hazkundea bultzatu duela, baina adierazi du hainbat arazo direla-eta erritmoa jaisten ari dela.

Arazorik handienetako bat etxebizitzen merkatuaren «etengabeko ahultasuna» dela uste du. Horrez gain, kanpoko eskaria oraindik ere ahul dagoela adierazi du NDFk, eta gazteen langabeziak (%20,8 maiatzean) lan merkatuaren «makaltasuna» erakusten duela.

Inflazioaren bilakaera

Gourinchasen arabera, energiaren eta jakien prezioek «espero baino azkarrago» egin dute behera, eta hori ari da bultzatzen batez ere inflazioa jaistea. Hala, 2022ko %8,7ko inflazioa aurten %6,8ra jaitsiko dela uste du, eta 2024an, berriz, %5,2ra. Hala ere, inflazioaren aurkako borroka oraindik irabazi gabe dagoela adierazi du Gourinchasek.

NDFren beste buruhausteetako bat azpiko inflazioa da —energiaren eta elikagaien prezioak kontuan hartu gabe kalkulatzen da adierazle hori—. Izan ere, inflazio orokorrarekin alderatuta, azpiko inflazioak «motelago» egingo du behera: 2022an %6,5, 2023an %6 eta 2024an %4,7. Azpiko inflazioa oraindik oso goian duten ekonomietako banku zentralei gomendatu die politika murriztaileekin jarraitzeko, interes tasak goian mantenduz.

Bankuak eta interes tasak

Silicon Valley eta Credit Suisse bankuen krisiak 2008tik piztu gabe zeuden alarmak piztu zituen, eta lerroburuak beste finantza krisi baten hipotesiekin bete ziren. Erreskate azkarren bidez, AEBek eta Suitzak gutxi gorabehera konpondu zuten egoera, baina NDFk adierazi du antzeko gertakariak berriro gertatzeko aukera dagoela, eta herrialdeei eta ekonomiei prestatzeko gomendatu die.

Antzeko gauzak gertatuz gero inflazioak gora egin dezakeela ohartarazi du NDFk, eta likidezia azkar handitu dezaketen tresnak garatzeko eskatu die herrialdeei. Bestalde, finantza erakundeen ikuskapena bankuen arrisku mailaren eta tamainaren arabera moldatzeko gomendatu die.

NDF eta Europa

Nazioarteko Diru Funtsa gogorra izaten ari da eurogunearekin eta Europako Batasunarekin, joan den astean diru politika gogortzeko eta defizit publikoak jaisteko eskatu baitzien. Bestalde, EBZ Europako Banku Zentralari ere beste eskari bat egin zion: interes tasak gehiago igotzea.

Hain zuzen ere, etzi, ostegunean, Frankfurten (Alemania) bilduko da berriro ere EBZ, eta ziurrenik interes tasak beste %0,25 igoko ditu, %4,25era. Maiatzean, interes tasak %3,75era igo zituztenean, Christine Lagarde EBZko presidenteak adierazi zuen igoerak ez zirela amaitu oraindik; beraz, aurreikustekoa da datozen hilabeteetan tasek berriro gora egitea.

Etziko bileraren ostean, irailean elkartuko dira berriro ere, hilaren 14an, eta hurrengoa urriaren 26an izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.