Aurreikusi baino sendoago hazi da Nafarroa hirugarren hiruhilekoan

Uztailetik irailera %3,1 hazi da BPGa, urrian aurreratutako datua hamarren bat hobetuz. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, %0,7 handitu da jarduera.

Nafarco kooperatibaren instalazioak. VILLAR LOPEZ
Nafarco kooperatibaren instalazioak. VILLAR LOPEZ
joxerra senar
2024ko abenduaren 23a
12:48
Entzun

Nafarroako ekonomiak sendo hazten jarraitzen du. Urrian, Nastat estatistika erakundeak aurreratu zuen hirugarren hiruhilekoan %3ko urte arteko hazkundea izan zuela eta bigarren hiruhilekoarekin alderatuta %0,6 handitu zela. Behin datua berrikusita, hamarren bat hobetu dira hazkundearen datuak bi adierazletan: urtebetean %3,1, eta hirugarren hiruhilekoan %0,7.

Urtea amaitzeko hiru hilabeteren faltan, barne produktu gordinari dagozkion aurreikuspenak hobetuz doaz. Ikusi beharko da nola amaitzen den urtea, baina Laboral Kutxak aurreko astean iragartzen zuen %2,5eko hazkundea izango duela, eta 2025ean, %2,1ekoa

Eskaintzaren ikuspegitik, industria eta zerbitzuak ekonomia bera baino sendoago hazten ari dira, %3,3ko eta %3,2ko erritmoan. Eraikuntza, berriz, %2,3 handitu zen urtebetean, eta lehen sektorea, motelago, %0,4. Enpleguari dagokionez, industrian eta zerbitzuetan %2,6 eta %2,8 handitu da enplegua hurrenez hurren; kasik BPGaren erritmo berean. 

Eskariaren ikuspegitik, berriz, sendien barne kontsumoak irmo egiten dio tira ekonomiari, hirugarren hiruhilekoan %3,7 handitu baitzen iazko epe bereko datuekin alderatuta. Administrazio publikoen kontsumoa, berriz, motelago handitu zen, baina, era berean, sendo: %2,5eko erritmoan. Enpresen artean, inbertsioa %2,7 handitu da urtebetean: ekipo ondasunen eta beste produktuen inbertsioa, %3,2 eta, eraikuntzaren kasuan, %2,1.

Errentei begira, soldatapekoen errenta %6,6 handitu da batez beste; enpresaburuen eta autonomoen errenta, berriz, %4,4 handitu da epe berean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.