Amaia Zarrabeitia. Interinok Taldea sindikatuko bozeramailea

«Aulki jokoa da hau»»

Hamar urtetik gora administrazioan aritu ondoren, milaka langile berriz ere elkarren lehian arituko dira lanpostuei eusteko. Interinok Taldearen ustez, probarik gabe egin beharko lituzkete finko, urteetako «abusuagatik».

BERRIA.
jokin sagarzazu
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Bere etorkizunarekin kezkatuta dago Amaia Zarrabeitia (Bilbo, 1971). 24 urte daramatza Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoetan, eta ez daki bere lanpostua lehiaketara aterako duten ala ez. Bere mailan 2000. urtean egin zen azkenengo deialdi publikoa. Behin-behinekoen eskubideak babesteko Interinok Taldea sortu zuten duela hiru urte, eta horko bozeramailea da Zarrabeitia.

Ikusi gehiago:LEHIAN BEREN POSTUENGATIK

Azaldu duenez, Jaurlaritzako administrazio orokorrean dauden behin-behinekoek 30 eta 10 urte bitartean daramatzate egoera horretan. «Oro har, 40 urte baino gehiago ditugu, eta gehien-gehienak emakumeak gara». Gaineratu du beste arlo batzuetan, hezkuntzan eta Osakidetzan esaterako, lan eskaintza publikoko deialdi gehiago egin direla, baina ez direla «behar beste» lanpostu atera eta «milaka langile» daudela antzeko egoeran.

Kezka horrek bultzatuta, sindikatua sortzea erabaki zuten duela hiru urte; Lakuako egoitzako hauteskundeetan aurkeztu ziren, eta lehen indarra izan ziren. Mahai Orokorrean, baina, ez dute ordezkaririk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk ez bezala. «Beste sindikatuen babesik sentitzen ez genuelako sortu genuen gurea. Ulertzen dugu haiek langile guztien interesak defendatu behar dituztela, ez bakarrik behin-behinekoenak, eta zailtasun gehiago dituztela batzuenak eta besteenak uztartzeko». Berriki, hezkuntza arloan ere eratu dute taldea, «hango langileek eskatuta».

Oso kritikoak dira administrazioek berriki egin dituzten lan eskaintza publikoekin. Uste dute ez dutela «berme juridikorik». «Ez dira betetzen ari Iceta legeak esaten duena. Behin-behinekook okupatutako guztiak eskaini beharko lituzkete. Egoera horretan gauden guztiok izan beharko genuke aukera egonkortzeko, baina aulki jokoa da hau: milaka langile, lanpostu gutxi batzuetarako». Salbuespeneko deialdiak diren heinean, eta behin bakarrik egingo direnez, gutxienez lanpostu guztiak ateratzea exijitzen dute, eta hautaketarako irizpide nagusia antzinatasuna izatea.

Bi bide dituzte zabalik. Batetik, Europako Batzordea: legea aztertuko duela esan zuen, eta horren zain daude. Bestetik, auzitara jo dute, probarik ez luketela pasatu behar uste dutelako. «1999ko Europako zuzentarau batek dio ezin dela behin-behinekotasun kontratuez abusatu, baina egin da. Administrazioek ez dute beren betebeharra bete: urtero deialdi publikoak egitea. Eta ez dute legerik egin abusua eragozteko. Gu aspaldi ari gara horrek zigor bat dakarrela, eta hori izan behar dela lanpostu hauetan egon garenok finko egitea, gu egon garelako abusu egoeran».

«Probak gainditu ditugu»

Euren jarrera dela eta, kritikak ere entzun behar izan dituzte, lehiatu nahiko luketen beste hautagaien aldetik, adibidez; lanpostu horiek behin-behinekoei zuzenean emanez gero, lan eskaintza publikoen oinarri den berdintasun printzipioa urratuko litzatekeelako. Zarrabeitiak, baina, gogoratu du behin-behinekoek probak gainditu dituztela. «Gu barruan gaude, administrazioek zehaztu zituzten prozeduren bidez. Bazuten aukera oposizioen bidez egiteko, baina beren beharrak direla-eta beste era batera egitea erabaki zuten, adibidez, behin-behineko enplegurako azterketen bidez, eta horiek bermatzen zituzten berdintasun, gaitasun eta publizitate printzipioak. Administrazioek beren lana behar den moduan egin izan balute, lanpostu hauek finkoak izango lirateke».

Badakite, baina, auzitegietako erabakiak iristerako lehiaketa publikoak amaituta egon daitezkeela eta lanpostuak banatuta. Hori oztopatzen saiatuko direla dio Zarrabeitiak. «Lanpostu denak eskaintzen ez badituzte, deialdiak auzitara eramango ditugu. Eta batek daki zer gerta daitekeen». Grebarako aukera ere ez dute baztertzen. «Aukera hori beti dago. Beste arlo batzuetan —Osakidetzan, adibidez— egun batzuk egingo dituzte aurki». Elkarlanerako deia egin diete beste sindikatuei. «Zain gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.