Atzerritarren Legeari moldaketa batzuk egiteko atea ireki du Espainiako Gobernuak, eta aukera hori baliatu nahi dute nekazaritza sektorean beren arazo nagusietako bati heltzeko: langile faltari. Uste zabaldua da sektorean langile atzerritarrak ezinbestekoak direla belaunaldi aldaketarik ezaren problemari erantzuteko, eta, horregatik, Espainiako herritartasuna ez duten langileak kontratatzeko erraztasunak eskatzen ari dira.
Astearte arteko epea dago Atzerritarren Legearen araudi berriaren kontsulta publikoan parte hartzeko. Hala, COAG Abeltzain eta Nekazari Erakundeen Koordinakundeak hiru puntuko aldaketa eskatu du Atzerritarren Legean: finkatze soziala, eskatzen diren kontratuen luzapena eta nazioarteko babes txartelak. COAGeko kide da EHNE konfederazioa —Nafarroako eta Gipuzkoako EHNE, eta UAGA—.
Atzerritarren Legearen arabera, lan egiteko baimena lortzeko aukera bat zera da, gutxienez hiru urteko finkatze soziala erakutsi ahal izatea. Hori eskuratzeko, hiru modu daude: urtebete baino gehiagoko lan kontratu bat erakustea, atzerriko egoiliar batekin familiako harremana izatea eta finkatze soziala egiaztatzen duen dokumentu bat aurkeztea. Lehen sektorean, ordea, ez dira hain ohikoak urtebeteko lan kontratuak, denboraldikoak baizik, eta beste bi aukerak egiaztatzea oso zaila egiten zaie atzerritarrei. Horregatik, COAGek nahi du finkatze sozialaren baldintza lanaren bidezko finkatzearekin parekatzea. Horrekin, bi urtekoa izango da Hego Euskal Herrian edo Espainian bizi beharreko gutxieneko tartea, betiere gutxienez sei hilabetez modu erregularrean lan egin izana erakutsiz gero.
Kontratuen luzapenari dagokionez, lehen sektorean, orokorrean, denboraldiko lanaldiak sinatzen dira, eta horrek ez die uzten atzerritarrei finkatze soziala eskatzen. Horregatik, kontratuen luzapenera egokitu daitekeen lege bat eskatzen dute; hau da, bederatzi edo hamar hilabeteko kontratuak nahikoa izatea finkatze soziala eskatzeko —horiek dira kontratuen luzapen ohikoenak—.
Nazioarteko babes txartelak, berriz, giza eskubideen bortxaketak jasaten dituztenei ematen dizkiete. Eskaera egin eta sei hilabetera lan egiteko baimena ematen dute txartel horiek, errefuxiatu eskaera oraindik tramitean egon arren. Azken hiru urteetan bide hori erabili du Espainiako Gobernuak Ukrainaren inbasiotik ihesi iritsitakoei lanerako baimena emateko, eta COAGek eskatu du haiei ez ezik beste herrialde batzuetakoei ere emateko.
Eskulan falta
Atzerritarrei nekazaritzako lanpostuetarako bidea errazteko eskatu du UAGN Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Batasunak ere. Sindikatu hori da nagusi Nafarroako Erriberan, uzta bilketarako atzerritar gehien eskatzen dituen lurraldean. Felix Bariain UAGNko buruak ziurtatu du Atzerritarren Legea malgutzea onuragarria izango litzatekeela, «eskulana falta baita».
«Migrazioarekin dagoen arazoa kontuan izanda, gauzak erraztu beharko litzaizkieke atzerritarrei, etorkizun baten bila eta lan egitera baitatoz»FELIX BARIAINUAGNko presidentea
Bariainen iritziz, «ez du zentzurik finkatze soziala eskatzeko hiru urteko egonaldia egin dela frogatu behar izateak», horrek zaildu egiten baitie nekazariei langile berriak erakartzea.
Gainera, Bariainentzat, migrazioarekin dagoen «arazoa» kontuan izanda, «gauzak erraztu beharko litzaizkieke atzerritarrei, etorkizun baten bila eta lan egitera baitatoz».
«Atzerritarren Legearen aurka gaude ez kapitala asetzeagatik, klase elkartasunagatik baizik»
RAMON LACALZADALABeko Erriberako kidea
LABeko Erriberako kide Ramon Lacalzadak ere eskatu du legea aldatzeko, baina beste arrazoi batzuengatik: «Atzerritarren Legearen aurka gaude ez kapitala asetzeagatik, klase elkartasunagatik baizik». Izan ere, haren ustez, nekazaritzan aritzeko baldintzak biguntzea eskatzen duten askok «ez dute lehen sektorearen etorkizuna bermatu nahi, eskulan merkea lortu baizik», eta hori errazago lortzen da bertakoek baldintza kaskarrengatik nahi ez dituzten enpleguekin. Edonola ere, LABeko kideak uste du Erriberan «arazo larriena» ez dela kontratazioarena, baizik eta lan hitzarmenak askotan ez direla betetzen.
Arrantza
Nekazaritza ez da langile atzerritarren behar handia duen bakarra. Lehen sektoreko beste arloan, arrantzan, belaunaldien errelebo falta ere arazo dela aitortu du Miren Garmendia Gipuzkoako eta Bizkaiko Kofradien konfederazioko bozeramaileak, eta horregatik «zilegi eta onuragarri» iruditzen zaio kanpoko langileek betetzea bertakoek nahi ez dituzten lanak.
Gaur egun, arrantza sektoreak dagoeneko jotzen du beste herrialdeetara langileak kontratatzeko, baina Garmendia kexu da, «tramite luzeak» jasan behar dituztelako beharrezkoak dituzten baimenak lortzeko. Horietako bat itsasontzietan aritzeko ezinbesteko titulazioa da, eta horregatik eskatu du bertako eskoletan aukera emateko titulu hori ateratzeko.
Goranzko joera
Hego Euskal Herrian lanean ari diren atzerritarren kopurua urtez urte gora egiten ari da. Uztail bukaeran, Espainiako herritartasuna ez zuten 114.442 lagun ari ziren kotizatzen Gizarte Segurantzan, eta horietatik %73,7 EB Europako Batasunetik kanpokoak ziren. 2012az geroztik ia halako bi da lanean ari diren atzerritarren kopurua, urte hartan 56.650 baitzeuden.
Antzera gertatu da lehen sektorean ere. Aurtengo uztailean, arrantzak eta nekazaritzak 1.240 langile atzerritar enplegatzen zituen —horietatik 828, EBtik kanpokoak—. 2012. urtean 681 ziren, eta horietatik 287 ziren EBtik kanpokoak.
Nekazaritzan, EBko herrialdeetatik etorriak diren langile gehienak Errumaniakoak dira, eta EBtik kanpokoen artean, berriz, Marokokoak. Arrantzan, berriz, senegaldarrak dira talderik handiena, eta errumaniarrak ondoren.