Atzerapen ugari eta maletarik gabeko hegaldiak Loiun, lurreko langileen grebarengatik

Hamar hegaldi gelditu dira bertan behera, aurreikusitakoak baino bat gehiago. Greba astelehenera arte luzatuko da.

Loiuko aireportuko langileen greba
Maletak jasotzeke Loiuko aireportuan. Miguel Loitxate
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko urtarrilaren 5a
18:00
Entzun

Egun zaila izaten ari da Loiuko (Bizkaia) aireportuan, eta lurreko langileen greba deialdiak ia hegaldi guztiei eragin die. Hamar hegaldi bertan behera gelditu dira, eta ia guztiak atzerapenarekin irten dira. Iberia hegazkin konpainiak bidaiarien maletekin beteriko kamioi bat bidali du Madrilera, handik hainbat aireportutara banatzeko. Iberiak lurreko lanen adjudikazio lehiaketa galdu duelako egiten ari dira greba 300 langileak.

Iberiaren arabera, Loiuko aireportuko lurreko zerbitzuetako langileen %75ek egin dute greba; sindikatuen arabera, aldiz, gutxieneko zerbitzuetara deituriko langile guztiek egin dute greba. Gutxieneko zerbitzuak %90ekoak izan arren, ezin izan da kaosa eragotzi. Guztira hamar hegaldi gelditu dira bertan behera: aurreikusitako bederatziak —lau Madrilera zihoazen, bi Bartzelonara, bat Londresera, bat Munichera (Alemania) eta bat Frankfurtera (Alemania)— eta Valentziara (Katalunia) zihoan beste bat. Hegaldi horretako bidaiariek autobusez egin dute bidaia.

CCOO, UGT eta USO sindikatuek egin dute deialdia, eta 8ra arte luzatuko da. Bertan behera gelditu diren hegaldiak alde batera utzita, beste ia guztiak atzerapenarekin edo maletarik gabe irten dira, eta asteburu osoan 70 hegaldiri eragingo die lanuzteak. Maletak kargatzea eta deskargatzea da lurreko langileen zereginetako bat, eta jardun horretan nabaritu da gehien greba. Haien ardura dira halaber, besteak beste, maletak fakturatzea eta bidaiariak hegazkinetara garraiatzea. Loiuko aireportuko lurreko 300 langileek Groundforce enpresarentzat egiten zuten lan orain arte, eta aurrerantzean Aviapartnerrentzat aritu beharko dute, hark irabazi baitu AENAk eginiko lehiaketa publikoa.

Hondarribian (Gipuzkoa), Forondan eta Noainen ez da aldaketarik egongo, baina aireportu horietan ere protesta egiten ari dira. Iberiaren arabera, grebak ez du eragin handia izan gaur. Hori bai, aurretik jakinarazia zuten hainbat hegaldi bertan behera geldituko zirela, ezin baitzen zerbitzu egokirik bermatu aireportu horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.