Atzeraldia ofiziala da jada

Hegoaldekoen krisia iparrera ere hedatuta, euroguneko ekonomiak atzera egin du bigarren hiruhilekoz jarraianUrteko azken hiruhilekoan, Frantziako eta Alemaniako ekonomiek atzera egingo dute

Iker Aranburu.
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Krisia hasi zenetik bigarren aldiz, euroguneko ekonomia atzeraldi teknikoan dago. Urteko hirugarren hiruhilekoan %0,1 uzkurtu da euro eremuaren barne produktu gordina, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero. Aurreko hiruhilekoan, %0,2 egin zuen atzera. Europako Batasunak oso-osorik eusten dio hazkunde nimiño bati (%0,1), batez ere Olinpiar Jokoen bultzadari esker Erresuma Batuak hazkunde handia izan zuelako (%1). Horrelakorik ez du izango orain.

Eurostatek atzo zabaldutako datuek baieztatu dute datu partzialek iragarri zutena: atzeraldia hegoaldeko Europatik iparraldera hedatu da. Kinka larrian dauden herrialdeetara gutxiago saltzeak sekulako motelaldia eman die Europa iparraldeko potentzia esportatzaileei. Adibide garbiena Herbehereak dira: %1,1 txikitu da han BPGa azken hiruhilekoan. Urte arteko tasaren okertzea ere nabaria da: %0,4eko erritmoan ari zen uzkurtzen 2011ko azken hiruhilekoan, eta %1,4koan 2012ko hirugarrenean. Erlatiboki, Herbehereek Alemaniak baino gehiago esportatzen dute.

Atzera egin du Austriak ere(-%1,1), eta zulo beltzean sartuta jarraitzen dute Europa hegoaldeko gaixoek. Greziak ez du hiruhileko arteko daturik eman aspaldi, baina urte artekoak edonor beldurtzekoak dira: %7,2 egin du atzera azken hamabi hilabeteotan. Bosgarren urtea du honako hau atzeraldian, eta gauzek hobera egin beharrean, austeritate gogorrak atzeraldia bizkortu egin du: 2008an, -%0,2; 2009an, -%3,1; 2010ean, -%4,9; eta 2011an, -%7,1. Oro har, ia BPGaren laurdena galdu du Greziak krisian.

Greziaren mailara ez da heldu, baina Portugalen bilakaera ere oso txarra da. Pedro Passos Coelhoren gobernuak hitzez hitz bete nahi izan ditu Bruselaren murrizketa aginduak, eta %3,4ko erritmoan ari da uzkurtzen. Langabezia %15,8ra igo da urrian. Anibal Cavaco Silva Portugalgo presidenteak eskatu zien atzo euroguneko buruei bere herrialdearen eta hegoaldeko besteen egoera «aintzat hartzeko». Austeritate neurrietan galga jartzeko eskaera gisa uler daiteke Cavacoren deialdia.

Atzeraldia handia da Italian(-%2,4) eta Zipren (-%2,3) ere, baina herrialde horiek kezka gutxiago sortzen dute nazioartean Espainiak baino (-%1,6). Atzo INEk baieztatu zuenez, azken hiruhilekoan %0,3 uzkurtu da Espainiaren BPGa. Aurreko hiruhileko jaitsiera (-%0,4) baino txikiagoa izan da, herritar askok erosketak aurreratu zituztelako BEZaren iraileko igoerari izkin egiteko. Fernando Jimenez Latorre Espainiako Ekonomia Estatu idazkaria saiatu zen atzo egoera ilunari argiuneak bilatzen. Ziurtatu zuen sektore pribatuan enpleguaren «doikuntza» amaitu dela, eta produktibitatea handitu eta lan kostuak mantendu direnez, enpresek lehiakortasuna handitu dutela. Madrilek espero du datorren urtearen bigarren erdian itzuliko dela hazkundea, eta aurreikuspen hori bera egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere. Espainiak baino bilakaera txarragoa du Nafarroak(-%1,8), eta hobea Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak (-%1,3).

Positiboan oraindik ere

Zenbaki negatiboak artean ez dira iritsi euroguneko bi motor nagusietara. Are gehiago, INSEEk iragarri du Frantziaren ekonomiak uste baino emaitza hobea izan zuela uztailetik irailera: iragarri zuen ez zela haziko, eta %0,2ko hazkundea izan du. Urteko bigarren hiruhileko datua ere zuzendu du INSEEk, okerrera oraingoan: %0tik -%0,1era.

Aurreko hiruhilekoan hazkundeari eutsi dion arren, azken honetan Frantziak atzera egingo duela uste dute aditu gehientsuenek. Eta iragarpen hori bera egiten ari dira Alemaniarako ere. Esportazioak jaisten ari dira —hegoalderakoak, batez ere— eta krisi giroak inbertsioak nabarmen moteldu ditu. Gainera, enpresa asko atzerriko adarrak ixten ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.