Atzeraldia gaindituta, jarduera bizkortzea espero du Bruselak

«Egoerari buelta eman diogula uste dugu», ziurtatu du Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak.

Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Iker Aranburu.
2024ko maiatzaren 15a
17:00
Entzun

Udaberri metereologikoarekin batera, udaberri ekonomikoa ere hasiko den itxaropena azaldu du Europako Batzordeak. Eurostatek gaur baieztatu du urteko lehen hiruhilekoan euroguneak gainditu egin zuela 2023aren bigarren erdiko atzeraldi teknikoa, barne produktu gordina %0,3 hazi zelako, esportazioen, turismoaren eta kontsumoaren eskutik. Aurrerantzean joera hori sendotuko dela ziurtatu du Europako Batzordeak, bere udaberriko iragarpenetan.

«Egoerari buelta eman diogula uste dugu». Hitz horrekin laburbildu du egoera Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak. «Aurten hazkundeak pixka bat gora egitea espero dugu, eta bizkortze handiagoa 2025erako. Aldi berean, inflazioa gehiago jaitsiko da, eta EBZren helburua lortuko du datorren urtean».

Mezu baikor horren atzean, ordea, datu nahiko apalak daude. Iaz, urte osoan, %0,4 hazi ziren Europako Batasuna eta eurogunea; aurten, %1 eta %0,8 izango dira, hurrenez hurren. 2025erako, %1,6 eta %1,4 izango dira, AEBetan eta Txinan baino nabarmen gutxiago.

Alemania motel, Espainia bizkor

Alemania izango da berriro ere galga nagusietako bat. Ez aurrera ez atzera dabil EBko motor ekonomikoa azkenaldian, eta 2024an egoera ez da asko hobetuko, Bruselak %0,1eko hazkundea iragarri baitio. EBko kide handien artean, emaitza hobeak izango dituzte Italiak (%0,9), Frantziak (%0,7) eta, batez ere, Espainiak (%1,7).

Jarduera ekonomiko bizkorrago baten arrazoia interes tasen jaitsiera izango delakoan dago Batzordea. Ekainaren 6an bilduko da berriro Europako Banku Zentrala, eta ia ziurtzat jo daiteke puntu laurden bat apalduko dituela interes tasak. Urtea amaitu aurretik gutxienez beste behin egingo du, inflazioa gehiago txikituko delako. Bruselak uste du aurten %2,5era jaitsiko dela, eta %2ra datorren urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.