David Udakiola Gasteizko Michelin enpresako zuzendariak iragarri du Europako automobilgintzarako garai zaila izango dela. «Asiako merkatuaren ondorioz, lehiakortasuna galtzen ari gara», esan du gaur, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak lantegira egindako bisita baliatuz. «Euskadiko Michelin lantegiak ez gaude salbu», ohartarazi du Udakiolak, baina ez du iragarri multinazionalak Frantzian eta Bretainian hartutakoen pareko neurri drastikorik. «Guztion lankidetzarekin, Euskadiko industriarentzat etorkizun sendoa» eraikitzeko aukera dagoela azpimarratu du.
«Bake soziala ezinbesteko zutabea da aurrean dauzkagun erronkei erantzuteko», esan du. «Etorkizuna elkarrizketa sozial zintzo eta eraikitzaile batean oinarritzen da». Absentismoari egin dio aipua, eta kontatu du konpainiaren irudia «zikintzen» duela, eta ohartarazi du arriskuan jartzen duela «Michelin taldeak Euskadiko lantegietan duen konfiantza». Halaber, Udakiolaren ustez, erregulazio «gehiegi» daude, eta horrek zaildu egiten du jarduera.
Pradalesek onartu du Ameriketako eta Asiako merkatuek estu hartu dutela Europa, eta esan du Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren industria gaitasunak sustatzeko garaia dela.
Elkarrizketan, negoziazioan eta adostasunean oinarritutako lan harremanak goraipatu ditu lehendakariak. «Etengabe galdetu behar diogu geure buruari enpresak eta langileak nola konektatu ditzakegun hobeto. Gure etorkizuna eta ongizatea ditugu jokoan».
Industriaren deskarbonizazioari eta trantsizio energetikoari dagokienez, «ordenatua eta konstantea» izan behar dela azaldu du, «atzera-bueltarik gabekoa». Gaineratu du lanpostuak eta lehiakortasuna ezin direla galdu.
Entzun, gauzatzera
Michelin enpresako langile talde batek Entzun proiektuaren berri eman dio Pradalesi. Lanerako ahalik eta toki atseginena bihurtzeko asmoarekin, martxoan fabrikako langile guztiei galdetu zieten ea zein kezka zituzten. Honako gai hauek aipatu zituzten: lidergoa, absentismoa, kontziliazioa, talde lana eta komunikazioa. Gai horiei erantzuna emateko zenbait konponbide eta jarduera garatu dituzte, urte guztian aurrera eramango dituztenak. Esaterako, gidaritza eskola bat sortuko dute, taldeak gidatzeko beste modu batzuk barneratu ditzaten arduradunek. Harrobia ere sortu nahi dute, ohartu direlako langileek uko egiten diotela ardura postuak hartzeari.
Pradalesek zoriondu egin ditu langileak, eta Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak aholkatu die luze gabe martxan jartzeko gai horiei konponbidea emateko pentsaturiko neurriak. Langileek erantzun diote 2025a horretarako urtea izango dela.