Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza liberalizatzeko akordioa kolokan dagoela dirudi. Urtebete igaro da historikotzat jo zuten ituna iragarri zutenetik, baina luzatzen ari da hura ezartzeko prozesua, eta ordutik handitu egin da itunaren aurkako jarrera hartu duten herrialdeen zerrenda.
Ituna berrikuste fasean dago orain, baina bitartean negoziatzen jarraitzen dute. Haren bidez, EBko eta Mercosurreko herrialdeen arteko muga zerga gehienak desagertu edo txikitu egingo dira, eta Atlantikoaren alde bateko zein besteko enpresek sarbide errazagoa izango dute beste aldean. Negoziazioak 1999. urtean hasi ziren, eta bazirudien akordio bat egiteko beharrezkoak ziren aldagai guztiek bat egin zutelajoan den urtean.
Horrenbeste denboraren ostean, ordea, presaka itxi ote zuten akordioa? Gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu dute Bruselak ez zituela egin akordioaren eraginak eta jasangarritasuna neurtzeko behar adina azterketa, eta Europako Batasuneko Arartekoak ikerketa bat hasi zuen joan den astean, kasua aztertzeko.
ALDAKETAK
Joan den udatik aldaketak izan dira jokalekuan: une hartan, Mercosurren, bat egin zuten merkatuen liberalizazioaren aldeko eskuineko bi agintarik: Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak eta Mauricio Macri Argentinakoak.
Hegoaldeko Merkatu Komuna da Mercosur, eta Brasilek, Argentinak, Uruguaik eta Paraguaik osatzen dute. Argentinakoa da azken urtean bloke horretan izan den aldaketa politiko nagusia: Macrik hauteskundeak galdu zituen, eta Alberto Fernandez peronista da egungo presidentea.
Printzipioz, negoziazioak itxita daude, eta gobernu aldaketak ez luke eragin beharko, baina ez du bidea errazten. Fernandezen gobernuak apirilaren amaieran iragarri zuen Mercosurrek zabalik zituen negoziazioak albo batera utziko zituela; besteak beste, Kanadarekin eta Singapurrekin ari ziren hitz egiten. Felipe Sola Argentinako Atzerri ministroak, berriz, esan zuen EBrekin adostutako akordioa «akats bat» zela, eta gaineratu zuen ikusteko dagoela Europako Parlamentuak onartzen duen. Akordioak aurrera egiteko EBko 27 herrialdeek bozkatu behar dute baiezkoa.
EZEZKOAK
Europako Batzordeak urtea amaitu baino lehen itxi nahi du tratua. Mercosurreko herrialdeek goi bilera telematiko bat egin zuten uztailaren hasieran, eta Josep Borrell Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariak han eman zuen Bruselaren asmo horren berri.
Ez da erraza izango, 27en artean badirelako itunarekin eszeptikoak diren gobernuak. Frantziak eta Irlandak agertu zuten hasieratik zalantza gehien, eta haiekin bat egin dute Belgikak, Austriak eta Poloniak ere. Herbehereetako Parlamentuak joan den hilean gaitzetsi zuen merkataritza liberalizatzeko akordioaren egungo testua.
BERME EKOLOGIKOAK
Akordioaren aurkako jarrerak bi arrazoi nagusi ditu: nekazarien presioa eta larrialdi klimatikoarekiko kezka. Itunaren ondorioz, Hego Amerikako elikagai gehiago iritsiko dira Europara, eta nekazariak kezkatuta daude osasun estandarrak ez betetzearekin —hori lehia bidegabea dela diote— eta inportazioek sor dezaketen konpetentzia gogorrarekin; besteak beste, Argentinako haragiak eta Brasilgo azukreak sortuko luketena.
Bestalde, Amazoniaren deforestazioa gaitzetsi dute. Bolsonaroren deforestazio politikari egotzi dizkiote joan den udan han izan ziren suteak, eta Frantziak eta Irlandak hitzeman dute akordioa ez dutela sinatuko hura aldatu ezean. Brasil behartu nahi dute «dituen nazioarteko betebeharrak» betetzera, eta EB-Mercosur akordioan txertatu Amazonia babesteko neurri lotesleak.
INTERES KONTRAJARRIAK
Alemaniak du interes gehien ituna gauzatzeko, eta urtea amaitu bitartean hura da Europako Batzordeko presidente. Hango autogintza eta industria farmazeutikoa izan daitezke onuradun nagusiak.
Akordioaren alde dago Espainia buru duen zazpi herrialdeko beste multzo bat ere. Europako enpresek urtean 4.000 milioi euroren muga zergak aurreztuko dituzte akordioari esker.
Atlantikoan itotzeko arriskuan
Europako Batasunak eta Mercosurrek joan den udan iragarri zuten merkataritza liberalizatzeko akordioa, baina oraindik ez dute jarri indarrean. EBk urtea amaitu baino lehen itxi nahi ditu negoziazioak, baina geroz eta gehiago dira itunarekin eszeptikoak diren herrialdeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu