Atez ateko bilketa

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Burtsa ez da Usurbil, baina oso hurbil dago zenbait gauzetan: atez ate zaborra biltzea edo alez ale igoera txikiak batzea lan nekeza izan liteke. Baina emaitzak onak izan litezke: bost saiotan %12 irabazi dute gure indizeek; %2,82, atzo bertan, Ibex-35 indizeak. Zenbaitek zaborra ikusten duen tokian inbertsio aukera ikusi dute txerritxo ehiztari ausartenek, eta berrikuntzen aurrean, ausart jokatu beharra dago, gogotsu. Bernankeren hitzak eta Barclaysen emaitzen hobekuntza dira, oraingoz, errebotea luzatu dutenak. Obamak enpresa txikiei abalak emateko plana zabaldu du, Geithnerrekin eta esperantza hedatu da Wall Streeten: zenbaiten ustez zabor edukiontziak diren bankuak garbitzeko aukera da. Iberdrola, Popular, Telecinco eta Accionak %5na pasa irabazi zuten. %4,5 egin zuen gora BBVAk eta %4,06 Santanderrek. Galerak gutxi izan ziren: %1na pasakoak Bankinterren eta Red Electrican eta %0,85ekoak Enagasen.



Endesak (-%28) itzelezko dibidendua banatu zuen atzo, ia 5,9 euro gordin akzioko. Akzioaren balioaren laurdena pasa galdu zuen horrenbestez (+%0,96 dibidendua baztertuz). Akziodunen patrikak berotua hartu du, nagusiki Enelenak.



CAM edo Caja de Ahorros del Mediterraneok 3 urterako zorra jaulki du Espainiako estatuaren abala baliatuz. %0,9k gainsaria ordaindu beharko du. Espainiako lauzpabost kutxa nagusiek erabili dute jada aukera hori; euskal kutxek, oraingoz, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.