Astelehenean hasiko da makina-erremintaren biurtekoa

1.558 enpresak hartuko dute parte Euskal Herriko industria azokarik garrantzitsuenean.

Makina-erremintaren biurtekoaren aurkezpena, Barakaldon. MIGUEL TOÑA / EFE
Makina-erremintaren biurtekoaren aurkezpena, Barakaldon. MIGUEL TOÑA / EFE
Iker Aranburu.
2024ko maiatzaren 28a
16:50
Entzun

Euskal Herrian egiten den industria azokarik garrantzitsuena datorren astean izango da, astelehenetik ostiralera. Makina-erremintaren 32. aldiak Barakaldoko BEC erakustazokaren sei pabiloiak beteko ditu, eta «oso indartsua» izango dela uste dute antolatzaileek, BECek berak eta AFM makina-erremintaren klusterrak.

«Makinak martxan erakusten dituen benetako ikuskizun teknologiko bat izango da», ziurtatu du Xabier Basañez BECeko zuzendariak, erakustazokan egindako agerraldian. Zenbakiak, behinik behin, handiak dira: 1.558 enpresak parte hartuko dute, 3.593 produktu erakutsiko dituzte, 400 berritasun izango dira, 1.910 makina eta 105 robot.

Lehen aldiz, robotikari, automatizazioari eta digitalizazioari eskainitako eremu bat izango da. Beste batean, Robot Demo izenekoan, robotak martxan erakutsiko dituzte.

Mexiko eta AEBak

Urtero herrialde bat gonbidatzen dute bere produktuak erakustera, eta aurten Mexikoren txanda izango da. Hango 70 enpresa izango dira erosle posibleen artean.

Mexikoren iparraldeko bizilagunak ere egun bat izango du beretzat. Izan ere, AEBetakoa oso merkatu garrantzitsua da Euskal Herriko makina egileentzat: iaz hara joan ziren esportazioen %14, eta bezerorik handiena bilakatu zen, Italiaren (%13) eta Alemaniaren (%9) aurretik.

Xabier Ortueta AFMko zuzendariak nabarmendu du iaz oso urte ona izan zuela sektoreak, baina aurten pattalago hasi dela, %4 jaitsi baitira salmentak. Ez da bereziki arduratuta azaldu Txinako enpresen lehiarekin, Euskal Herrian «kopiatzeko zailak diren neurri handiko makinak» egiten dituztelako, eta hori delako haien lehiakortasunaren gakoetako bat. «Nolabaiteko babesa ematen digu Txinako enpresen aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.