Erretretaren erreforma

Astelehenean aztertuko dituzte Macronen kontrako zentsura mozioak

Bart ere istilu larriak izan dira Frantziako hainbat hiritan. 12:00etan Intersindikalak deituta protesta hasi dute Baionan. Ostegunerako grebara deitu dute Ipar Euskal Herrian eta Frantzian.

Erretretaren erreformaren kontrako protesta bat, ostegunean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
jon ordonez garmendia
2023ko martxoaren 18a
10:28
Entzun 00:00:0000:00:00

Frantziako Gobernuak erretretaren erreforma 49.3 artikularen bidez onartu ostean, Asanblea Nazionalak astelehenean aztertuko ditu Emmanuel Macron presidentearen kontra aurkeztu dituzten bi zentsura mozioak. LIOT zentristak aurkeztu du horietako bat; Bertrand Pancherrek eta beste 90 legebiltzarkidek sinatu dute. Marine le Penek beste bat aurkeztu du eskuin muturraren izenean, baina esan du LIOTena babesteko prest daudela. Astelehenean 16:00etan aztertuko dituzte.

Ostegunean bezala, bart ere istilu larriak izan dira erretretaren erreformaren kontra. Bigarren protesta eguna izan zen atzokoa. Milaka pertsona atera ziren kalera, eta Parisen soilik 61 pertsona atxilotu ditu Poliziak. Manifestari batzuek sua piztu dute kalean eta poliziek negarra eragiteko gasarekin erantzun die. Lyonen protestak are eta gogorragoak izan dira, eta manifestariak barrutiaren batzarraren egoitza batean sartzen saiatu dira.

Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikularekin, bozketarik gabe, erretreta 62 urtetik 64ra atzeratu du Macronen gobernuak. Gaur beste protesta egun bat espero da, larunbata izanik. Baionan 12:00etara deitu du protesta egitera Intersindikalak. Hainbat greba daude deituta, gainera, eta tren zerbitzuan hainbat bidaia bertan behera geratu dira. Astelehenean hegaldi batzuetan ere espero da eragitea greba deialdiak. Ostegunerako protesta egun handi batera deitu dute Frantziako sindikatuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.