Iraitz Perez de Goldarazena: «Askotan erabakirik egokiena ez du pertsona batek hartzen»

Azken urteetan, Euskal Herriko enpresak urrats garrantzitsuak egiten ari dira lan prozesuen digitalizazioan, baina Oreka aholkularitzako buruaren ustez, haietako askok lehenagotik egin behar zuten.

Iraitz Perez de Goldarazena
Iraitz Perez de Goldarazena Oreka ITko zuzendaria, Donostiako bulegoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jokin sagarzazu
Donostia
2023ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

Donostian ireki berri duen egoitzarekin, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan bulegoak ditu Oreka IT aholkularitza informatikoak. «Euskal Herria da gure espazio naturala», azaldu du Iraitz Perez de Goldarazena zuzendariak (Gasteiz, 1979). Duela hamabost urte Gasteizen enpresa sortu zuten hiru kideetako bat da bera. Gaur egun Oreka ITk ehun langile ditu, eta aurten bost milioi euro inguru fakturatzea aurreikusten du. Bezeroen artean enpresa handiak ditu —Mercedes, Volkswagen...—, baina, bereziki, ertainak ditu begiz jota, industria sektorekoak. Hazkunde eta hedatze prozesu betean dago.

Zuen produktua ez da ukigarria: «eraldaketa digitala» aipatzen duzuenean zehazki zer esan nahi duzue?

Guk teknologiak ematen dizkigun aukerak baliatzen ditugu enpresak lehiakorragoak bihurtzeko. Adibidez, enpresa baten erosketetan. Nori erosi, zer prezioetan... Pandemiak agerian utzi zuen irizpideak aldatzeko beharra. Hornitzaile eta bezeroekin informazioa trukatzeko, informatizatuago zeuden enpresek hobeto eutsi zioten. Beste adibide bat: produkzioa. Ezustekoak egoten dira maiz, hornitzaile bat ez delako garaiz iritsi, langile bat falta delako... Kasu horietan askotan erabakirik egokiena ez du pertsona batek hartzen. Konturatzen hasiak gara teknologia batek lagun gaitzakeela erabaki optimoagoak hartzen.

Zein da zuen lehengaia?

Datuak. Enpresetan informazio asko galtzen da. Adibidez, enpresa kimiko batean lantegiko klima baldintzak faktore garrantzitsua izan daitezke produkzioan. Hori monitorizatzen hasi gara, eta emaitza oso interesgarriak ateratzen ari gara. Beste adibide bat: bulegoetako kafe makinak. Banatzaileek askotan alferrik egiten dituzte bidaiak, beteta daudelako. Makinan sentsore bat jartzea aski izango litzateke. Barrura begirako datuez gain, kanpokoak ere badaude. Ezinbestekoa da hornitzaileekin eta bezeroekin konektatuta egotea, edo Internetera ateratzea, adibidez, zure produktuz zer esaten ari diren entzutera.

Adimen artifizialaren gurdira igo den beste enpresa bat zaretela esango du baten batek.

Guk adimen artifiziala erabiltzen dugu, baina aitortzen dut marketin asko dagoela etiketa horren atzean. Adimen artifizial ez da pentsatzen den bezain berria, eta ez da sortzaile bat ere, baina gizaki batek prozesatu ahal dituen datuak baino askoz ere gehiago erabiltzen ditu, eta, modelo egokiekin, erabaki hobeak har ditzake.

«Euskal Herriko enpresa txiki eta ertain asko berandu ohartu dira digitalizazioaren abantailez»

Zertan erabiltzen duzue?

Industrian, adibidez, soldaduretan. Irudien prozesamenduaren bitartez adimen artifizialak giza begiak baino hobeto detekta ditzake kalitate arazoak. Edo bezero arretarako, lengoaiaren interpretazio tresnekin. Aplikazio asko ditugu.

Zure ustez, nolakoa da Euskal Herriko enpresen digitalizazio maila?

Bi abiadura daude. Batetik enpresarik handiena: haiek hasieratik oso argi izan dituzte abantailak. Bestetik, ertain eta txikiena. Europakoekin alderatuta, tamaina txikiagoa daukate, eta hori galga bat da. Informatika departamentu bat bideragarriagoa izaten da handixeagoetan. Gureetan izaten da figura bat informatikako kontuak hartzen dituena, baina askotan ez da halako gaietan aditua. Enpresa txiki eta ertain asko berandu ohartu dira digitalizazioaren abantailez.

Zergatik?

Askotan ez da premiarik sentitzen. Enpresak etekinak ematen baditu, zertarako aldatu? Gero etortzen dira komeriak, merkatu kuota eta inbertsio gaitasuna galtzen denean. Enpresa batentzat erreakzionatzeko momentu egokiena da etekinekin, merkatu on batekin eta inbertsio gaitasunarekin dagoenean, berak egiten ez badu beste batek egingo duelako.

Eta horrela jokatzen dute hemen?

Argi eta garbi ez. Kasu gehienetan berandu iristen dira, eta gu askotan joaten gara haizea kontra dugula.

Beldurra giza faktore garrantzitsu bat ere izaten da maiz.

Noski, eta ez da soilik digitalizazioarekin gertatzen. Baina Euskal Herrian kultura digitala falta da. Gaur egun tresna informatikoak askoz ere errazagoak eta intuitiboak dira, eta eskuragarriagoak eta merkeagoak. Iraultza digital batean gaude teknologia sozializatu egin delako. Edozein enpresaren datu baseetan —berdin da harategi bat izan hala Volkswagen izan— ahalmen izugarri handiak daude; gakoa da datu horiek erabiltzea. Ez dago digitalizazioan murgil ezin daitekeen enpresa txikirik.

«Joko arauak aldatu dira: langileei eusteko komeriak ditugu, funtzionatzeko arauak aldatu behar ditugu»

Zuen sektorean aldaketak oso bizkorrak dira. Nola egokitzen zarete?

Formakuntzarekin. Iaz 6.500 ordu sartu genituen gure lantaldearen formakuntzan. Ezinbestekoa da software ekoizleek ateratzen dituzten produktuak aztertzea eta horietatik guk zer aplika dezakegun ezagutzea. Hori da gure lana: formakuntza eta esperientzia.

Ehun pertsonako lantalde gaztea duzue. Zuek ez al duzue zailtasunik «talentua erakartzeko»?

Gure sektorean %30etik gorakoa da errotazio tasa. Horrek esan nahi du hiru urte pasatzen direnean aholkularitza bateko lantalde osoa berria izan daitekeela. Gure tasa, berriz, %10ekoa da. Hori abantaila bat da guretzat, gure zerbitzuen luzera begirako proiekzioak egin ditzakegulako, eta gurekin lan egiten duten bezeroek 3-4 urte begirako eraldaketa digital planak egin ditzaketelako.

Baina nola lortzen duzue hori?

Faktore asko daude. Gure konpetentzia enpresa oso handiak dira. Orekaren %100 langileen esku dago, eta etekinen %20 jasotzen dute urtero. Langileak badaki hemen ardurak hartuz badoa enpresaren partizipazioak erosteko aukera izan dezakeela. Joko arau arinagoak ditugu: langile batzuek zuzendaritza batzordea bazter utz dezakete, eta erabaki arriskutsu bat hartu. Gure antolakuntza oso horizontala eta parte hartzailea da. Hori guztia gaur egun asko aipatzen den «soldata emozionalaren» oso parte garrantzitsua da. Enpresetan, eta bereziki gure sektorean, ulertu behar dugu joko arauak aldatu direla. Langileei eusteko komeriak baditugu, funtzionatzeko arauak aldatu behar ditugu.

Luze gabe, zer erronka dituzue?

Gure asmoa da bizpahiru urtean nazioartera ateratzea. Ez dugu Asian edo Amerikan bulegoak ireki nahi hango merkatuetan sartzeko, 24x7ko zerbitzua emateko baizik. Egun ditugun bezero asko Euskal Herrian errotuta egon arren, lantegiak izaten dituzte munduan zehar, eta, beraz, ordutegi ezberdinekin egiten dute lan. Gu hemen hiru txandatan lan egitea ezinezkoa izango litzateke, langileek ez lukete onartuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.