Hauteskundeak Grezian. Atenasko kronika

Asko goibel, gutxi alai

Kanpainan erakutsitako ilusio faltarekin igaro dira hauteskunde gaua eta biharamuna Atenasko kaleetan. Bozek aldaketa gutxi ekarri dute parlamentura, eta are gutxiago greziarren panorama ilunera.

Bi gizonezko egunkarietako azalei begira, atzo, Atenasen. ALEXANDROS BELTES / EFE.
Atenas
2015eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Greziarrek erabaki dute. Azkar pasa da dena, hauteskunde kanpaina zein hausteskundeak. Bai gutxienez urtarrileko hauteskundeekin edo uztaileko erreferendumarekin alderatuz gero. Prentsa aretoan ere, Greziako kazetariak harrituta zeuden: oso azkar hasi ziren emaitzak ateratzen. 24 ordu baino gutxiago igaro ziren hauteslekuak itxi eta Alexis Tsipras Greziako lehen ministro izendatu zutenetik. Espero zen bezala, konfiantzak behera egin du, eta gora egin du, berriz, politikariekiko mesfidantzak. Horren adibide, hauteskunde egunean Atenas erdialdeko hauteslekuetan ikus zitekeen giro tristea. Bozkatzeko guneetan, herritar asko begira zeuden, euren bizilagunak bozkatzera nola sartzen ziren ikusten. Botoa derrigorrezkoa izateak geratzen zitzaion sinesgarritasun apurra galdu du abstentzioaren igoerarekin. Soilik honetan bada ere, inkestak zuzen zeuden. Eskolak irekita zeuden igandea baino ez zen irailaren 20a. Greziarrek 33 milioi euro ordaindu behar izan dituzte, oraingoan, 2015. urtean hirugarrenez bozkatzeagatik.

Aldaketarik gabe esnatu ziren atzo greziarrak, euren parlamentua bezala. Igande gaueko kotxeen klaxonagatik, kaleetan dauden alderdien banderengatik eta telebista guztien hauteskundeen jarraipenagatik izango ez balitz, herritar asko ez lirateke enteratuko hauteskundeak pasa direla. Greziako egunkariek, gehienak indar kontserbadoreen aldekoak, Tsiprasen eta Syrizaren garaipen argia nabarmendu zuten azaletan. «Tsiprasek konfiantzazko boza lortu du, baina greziarrek ez dute politikan konfiantzarik», irakur zitekeen Ethnos egunkarian. Demokrazia Berriaren porrota aipatzeaz gain, askok, Egunsenti Urrekararen gorakada eraman dute azalera, «mehatxu» hitza erabiliz eskuin muturrekoen alderdia aipatzerako orduan.

Galtzaileak eta irabazleak

Bozen erdia zenbatuta ez zegoenean hasi ziren alderdietako hautagaiak euren egoitzetara iristen. Hauteslekuetan egindako inkestak argitaratzen hasi zirenetik argi zegoen gertatuko zena: ez zen aldaketa nabarmenik egongo. Demokrazia Berriak Syrizaren eta Greziako protesten ikur izan den Syntagma plaza erabili zuen hauteskunde gaua jarraitzeko. Soilik bozen herena zenbatuta zegoenean, Syntagman 50 bat pertsona baino ez zeuden: aurpegi goibelak Vangelis Meimarakis hautagaiaren zaleen artean, pantaila erraldoietan Syrizak garaipena nola ospatzen zuen ikusten. Baina kontserbadoreak ez ziren eguneko galtzaile bakarrak izan; ospakizunerako inolako arrazoirik ez zuten Herri Batasunekoek, parlamentutik kanpo geratu dira.

Syrizatik irtendakoen metro gutxira bildu ziren Syrizan geratukoak. Bien arteko distantzia fisikoa txikia izan zen, baina handia aldarteari dagokionez. Emaitzen berri izan ahala, jendea hurbildu zen Syrizako txokora, baina euforia arrastorik gabe. Urtarrilean goraino bete zen Omonia plaza; igande gauean, berriz, oso handia geratu zen jarritako karpa bera ere. Syrizako zale baino komunikabide gehiago zeuden Tsiprasen zain. Denak berdin jarraituko duela uste dutenenei mezua helarazi zien: «Bihartik aurrera, zin egin bezala, Grezia eta Europa aldatzen jarraituko dugu. Orain dela urtebete hasitako gudak darrai». Gainera, ustelkeriaren aurka neurri gehiago hartuko dituela iragartzeko aprobetxatu zuen ekitaldia. Izan ere, Atenaseko kaleetan, politikaz galdetzean, ustelak hitza erabiltzen dute askok.

Anelen eta Syrizaren arteko akordioa lehenengo emaitzak atera bezain laster hasi ziren konfirmatzen. Zalantza oro uxatzeko, Tsiprasekin batera agertu zen Panos Kammenos Aneleko burua Syrizako zaleen aurrean. Bizitzaren paradoxak, Kammenos eskuindarra txaloekin eta abesti komunistekin jaso zuten. Orduan bai, argi zegoen: ez zen aldaketa handirik egongo Greziako parlamentuan. Eta deja vu sentsazioa indartzeko, irain mordoa jaso zituen Wolfgang SchaeubleAlemaniako finantza ministroak, greziarren etsai gogokoenak.

Ezkerraren batasuna

Syrizako jarraitzaileen artean, batasunaren aldeko aldarriak ez ziren falta. «Europako ezkertiarrok batu beharra daukagu. Guk bakarrik ezin dugu EBren gehiegikeriekin amaitu», esan zuen Nikos Tavalas ikasleak(Atenas, 1992). Herri Batasunakoak etaGiannis Varufakis finantza ministro ohiaren jarrerarekin kritiko, eta Egunsenti Urrekararen gorakadagatik harrituta. «Errefuxiatuen kontuagatik izango da? NDrekin haserre daudenek bozkatu dituzte? Ez dakit, baina oso kezkagarria da». Izan ere, hauteslekuetan egindako inkesten arabera, bera bezalako 18 eta 24 urteren arteko gazteen eta langabeen lehenengo aukera alderdi neonazia izan da. «Arazo honi ere aurre egin beharko dio Tsiprasek. Nire familiakoek edo nire bizilagunek Egunsenti Urrekara bozkatzen dutela irudikatzea zaila egiten zait», onartu zuen Tavalasek.

Greziaren Parlamentuaren osaera gutxi aldatu da, eta ezer gutxi Greziaren panorama. 300.000 milioi eurotik gora zor ditu oraindik ere, txirotasuna eta langabezia dira herritarrenkezka nagusia, eta gobernu berriak 60 neurri baino gehiago jarri beharko ditu martxan gaur eta otsaila bitartean EBren hirugarren erreskatea jaso nahi baldin badu.

Arazo horiek gutxi baziren, azken hilabeteotan errefuxiatuen krisia batu zaio. Gerratik ihesi, etengabe iristen ari dira Lesbosera —non Egunsenti Urrekarak gorakada handia izan duen— eta Egeo ekialdeko beste uharteetara.

Tsiprasek legealdi oso bat dauka orain, lau urte baldin eta agintaldia bukatzeko gai bada. Lau urte, etsipen puntu batekin jaso duen babesa konfiantza bilakatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.