Andoni Mariscal. Arotza

«Asko betetzen nau nire sormena egurrean islatzeak»

Gutxi izanik ere, badira eskuzko lanbideen inguruko ikasketak egin dituzten gazteak. Andoni Mariscal da horietako bat. Zurgintza ikasketak bukatu ditu aurten, eta lanean hasteko prest da.

«Asko betetzen nau nire sormena egurrean islatzeak».
Igor Baigorri Perez
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Andoni Mariscalek 19 urte ditu, legazpiarra da, eta zurgintza ikasketak bukatu berri ditu Donostian. Arotz izateko nahia familiatik etorri zaio, aitarekin lanean ibili baita 16 urte zituenetik. Horiek hala, zurgintzako erdi mailako ikasketak hasi zituen, arlo hori gustuko zuelako, eta jende gaztea falta zela sumatzen zuelako. Geroztik lanean jardun da, aitarekin ateak, zoruak eta beste konpontzen eta ipintzen.

Zergatik ikasi zenuen zurgintza?

Aita arotza da, eta, 16 urte nitueneko udan, hau da, duela hiru urte, harekin lan egitera joan nintzen, laguntzaile moduan. Ordutik, oso interesgarria iruditu zitzaidan egurraren sektorea, eta hurrengo urteko udan ere berriro Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan lana; beraz, erabaki nuen bi urteko erdi mailako ziklo bat ikastea, Easo Politeknikoan, Donostian.

Eta zenbat gazte zineten eskolan? Ba al zen emakumerik?

Hogei ikasle hasi ginen lehenengo urtean—hamahiru euskaraz ikasten, eta zazpi gazteleraz— eta adin ezberdinetako jendea ginen: gazteenak 17 urte zituen, eta zaharrenak 35. Bigarren urtean hiruk ikasketak utzi zituzten, eta bostek ez zuten lehen maila gainditu. Bestalde, nire gelan emakume bat zegoen, eta goi mailako zikloan beste bat, 63 urtekoa, bestelako intentziorik gabe ikasten.

Nola ikusten duzu lan mundua belaunaldi erreleboari dagokionez?

Oso gazte gutxi daude benetan zurgintza sektoreko ikasketak egin nahi dituztenak. Beraz, langileen falta handia da, eta handiagoa izango da etorkizunean. Hori dela eta, nire ustez, arotz izateak lan aukera asko ematen ditu, zerbitzu hori behar-beharrezkoa baita.

Zer aldatu da lehengo eta oraingo arotzen jarduna konparatuz gero?

Lehen, gehiena eskuz eginikoa zen, eta trintxak, galgak, eskuko zerrak... erabiltzen ziren. Orain, berriz, industrialagoa da dena. Prozesuaren parterik handiena makinen eta zenbakizko kontrolaren bitartez egiten da, eta material gehienak egurraren deribatuak dira: aglomeratuak eta kontratxapatuak, esaterako.

Zure lanbidean, zer duzu gustukoen?

Gauza asko egin daitezkeela ikusteak eta nire sormena egurrean islatzeak asko betetzen nau. Gainera, proiektu bat amaitu arteegin beharreko prozesua bizitzeak eta ondoren emaitza ikusteak asko pozten nau, eta gogobetegarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.