Ke artean edo ur azpian, itotzen ari dira aseguru etxeak. Ugaritzen ari dira suteak, uholdeak eta haizeteak, eta jakina da: arriskua zenbat eta handiagoa izan, aseguruak orduan eta garestiagoak dira. Prezioen gorakadak, ordea, aseguruak izatea eragozten die askori, eta 2024. urtean hondamendiek munduan eragindako kalteen %37 soilik estali zituzten aseguratzaileek.
«Egia da geroz eta eragin handiagoa dutela ezbehar klimatologikoek», baieztatu du Ainhoa Elizagarai Lagun Aroko teknikariak. Begi bistakoa da: inoizko urterik beroena izan zen iazkoa, eta mundua astindu zuten hondamendien zerrenda luzea da. Kalte ekonomikoei soilik erreparatuta, AEB Ameriketako Estatu Batuetan eta Mexikon, Helene urakanak 72.000 milioi euroren galerak eragin zituen, eta Milton urakanak, 33.500 milioirenak.
Japonian, Noto lurrikarak 17.000 milioi euroren kalteak utzi zituen, eta Valentziako tanta hotzak, 15.400 milioirenak. Txinan, 800 lagun baino gehiago hil ziren Yagi tifoiaren ondorioz, eta galerak 10.000 milioi eurorenak izan ziren. Denera, hondamendiek 400.000 milioi euroren kalteak eragin zituzten, Gallagher Re aseguru etxearen arabera.
4002024. urtean hondamendiek eragindako kaltea, mila milioi eurotan. Ezbehar klimatikoek, iaz, 400.000 milioi euroren kalteak sortu zituzten. Haietatik 143.000 milioi soilik estali zituzten aseguruek, %37.
Horiek horrela, protagonista bilakatu dira aseguru etxeak. Iazkoa erregistratutako urte garestienetan hirugarrena izan zen haientzat, eta, Lagun Aroren arabera, 2022. urtetik %20 eta %30 artean handitu zaizkie kostuak. Errentagarritasun galera nabaria izan dela dio konpainiak, hondamendi naturalei ez ezik, inflazioari ere egin behar izan diotelako aurre: «Joan den hileko aseguru batek izan dezake istripu bat bihar, eta prezioak iazkoak dira, baina kostuak gaur egunekoak».
Egoera bereziki kezkagarria da AEBetan. Han erregistratu dira 2024an gertatutako hondamendien %78; prezioak gorantz doaz, askok ezin dituzte ordaindu, eta arrisku handiko tokietan aseguratzaileak estaldurak ukatzen ari dira.

Hori gertatu da, berriki, Kalifornian. Los Angelesko suteen ondorioz izandako galerek ikaratuta, State Farm aseguru etxe ospetsuak etxeko aseguruak eskaintzeari utzi dio estatuan. Kopuruak izugarriak dira: Travelers konpainiak 1.600 milioi euroren galerak izan ditu, Chubb etxeak 1.400 milioirenak, Allstatek ere mila milioitik gorakoak...
Floridan eta Louisianan ere geroz eta zailagoa da etxeko aseguruak lortzea, eta hori mehatxu bat da tokiko ekonomiarentzat: asegururik ez dutenez, hipotekak lortzeko ere arazoak dituzte erosleek, eta etxebizitzen prezioak jaisten ari dira. «Etxebizitzen ehuneko handi batek ez du asegururik, prezioek eskuraezinak egiten dituztelako», berretsi du Elizagaraik. «Azkenean, estatistika kontu bat da. Eguraldiaren ondoriozko ezbeharrek urtero suntsitzen badizute autoa, aseguruak 20.000 euro balioko du, eta hori ez da eramangarria. Etxeekin, berdin».
«Bide bakarra»
Herrialde ugari konponbide bila dabiltza, eta Hego Euskal Herrira eta Espainiara begira jarri dira. «Zorionez, hemen badago Europako herrialde gehienek ez duten berezitasun bat: Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa. Erakunde publiko bat da, legez ezarritako errekargu baten bidez finantzatzen dena», azaldu du Elizagaraik. Praktikan, aseguru poliza bakarrean bi baleude bezala da; ohiko ezbeharretako kalte ordainak aseguru etxeek ordaintzen dituzte, eta apartekoak, partzuergoak —haize bolada bortitzek eragindakoak, lurrikarek, sumendien erupzioek...—.
Esate baterako, 2023. urtean Euskal Herrian botatako kazkabarrak eragindako kalteak aseguru etxeek ordaindu zituzten, baina Valentziako tanta hotzarenak, partzuergoak. Kalte ordainetan 4.000 milioi euro ordaindu dira hondamendi horretan, eta erakunde publikoak eman ditu osorik. Hala egin zuen 1983an Bizkaian izan ziren uholdeetan ere; ia mila milioi euroren gastuak estali zituen.
«Valentzian etxeen %60 inguruk zuen asegururen bat, baina beste guztiak zer? Estatuak erabakitzen duenaren menpe daude, eta, bakoitzari 20.000 euro ematen badizkiote ere, hori ez da nahikoa etxe bat erosi ahal izateko»
AINHOA ELIZAGARAILagun Aroko auto teknikaria
«Beraz, bai, klimaren bilakaerak prezioari eragin diezaioke ezbehar tasaren kostua handitzen den heinean, baina partzuergoak bermatzen du mundu guztiak estaldura unibertsala izatea, eta arrazoizko prezioan». Errekarguak txikiak dira: auto aseguru bakoitzeko urtean 2,10 euro biltzen ditu partzuergoak, eta etxebizitza aseguru bakoitzeko, zazpi euro. «Guztion ekarpen txiki horiekin, kalte handiei egiten zaie aurre», esan du Elizagaraik.
Sistema hori «oso aurrerakoia» delakoan dago, eta iritzi berekoa da EBZ Europako Banku Zentrala: abenduan proposatu zuen Espainiakoaren antzeko sistema bat ezartzea Europako Batasunean, «arrakala txikitzeko lagungarri izaten ari baita».

Lagun Aroko adituak argi du elkarlan publiko-pribatua dela hondamendiei aurre egiteko «bide bakarra». Valentziako adibidera itzulita, kontatu du partzuergoak ordaindu dituela kalte ordainak, bai, baina aseguru konpainia pribatuen laguntza izan duela haiek kudeatzeko. «240.000 intzidentzia baino gehiago jaso dituzte, eta bi heren ordainduta daude dagoeneko. Hori ez litzateke posible izango erakunde pribatuen laguntzarik gabe, partzuergoak ez baitu azpiegitura nahikorik gai hori arin samar kudeatzeko».
Elizagaraik gogorarazi du aseguru pribatu bat izan ezean ez dagoela partzuergoaren laguntzarik, eta, Euskal Herriko auto eta etxebizitza gehienak aseguratuta daudela baieztatu duen arren, kontzientziazio lanaren garrantzia azpimarratu du. «Valentzian, etxeen %60 inguruk zuten asegururen bat, baina beste guztiak zer? Estatuak erabakitzen duenaren menpe daude, eta bakoitzari 20.000 euro ematen badizkiote ere, hori ez da nahikoa etxe bat erosi ahal izateko».