Ekonomia

Ascobik dio ez dela etxebizitzarik eraikitzen dagoen eskaera handiari erantzuteko

Bizkaiko eraikuntzako patronalak geldialdi zantzuak ikusi ditu sektorean. 2023an 5.527 etxebizitza berri hasi ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2022an baino %3,6 gutxiago.

Langile bat, etxebizitza sozial batzuk eraikikitzeko lanean, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Langile bat, etxebizitza sozial batzuk eraikitzeko lanean, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
pettan uralde
2024ko martxoaren 20a
16:15
Entzun

Etxebizitza eskasiaren arazoak iraun egingo duela uste du Bizkaiko eraikuntza enpresetako patronalak, Ascobi-Biebak. «Etxebizitza berri guztia saldu egiten da», eta «eskaintza arazo bat dago», onartu du Iñaki Urresti elkarteko idazkari nagusiak, eta proiektu askoren bideragarritasun ekonomikorik ezari egotzi dio errua.

Ascobiren arabera, etxebizitza babestuetarako gorde beharreko kopurua da arazoa. Bizitegi horiek prezio txikiagoan saltzen dituztenez, etxebizitza sustatzaileek ez dute nahiko etekinik lortzen. Ildo horretan, Urresti kexu da etxe babestuen ehunekoak «estatu osoko handienak» direla: urbanizatu gabeko zoruetan eraikitzen diren etxebizitzen %75ek izan behar dute babes ofizialekoak, eta %40 dagoeneko urbanizatuta daudenetan. Baina Urreztik azpimarratu duenez, horrek ez du esan nahi etxebizitza babestuaren ekoizpen esanguratsurik egon denik, eta, beraz, dozenaka mila pertsonako itxaron zerrendak daude. Baina ekoizpena «ez da mila etxebizitzara iristen urtean», eta, beraz, ez zaio «inoiz» eskaerari erantzungo.

Hori dela eta, Urrestik eskatu du babes ofizialeko etxebizitzetarako gorde beharreko kopuruak txikitzea. Horrela lor daiteke, haren iritziz, etxebizitza gehiago eraikitzea eta, beraz, babes ofizialekoen kopurua ere handitzea.

«Etxebizitza librea, babestua, salmentarako eta alokairurako ekoizten laguntzeko gauzak aldatu behar dira, bideragarritasun ekonomikoarekin arrazoizko prezioetan ekoitzi ahal izateko neurriak hartuz, merkatu eskatzaileari eskaini ahal izateko», esan du.

5.527

2023an 5.527 etxebizitza berri eraikitzen hasi ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko ekitaldian baino % 3,6 gutxiago. Guztietatik, 3.743 libreak izango lirateke eta 1.784 babestuak, +%7,5eko eta -%21eko aldaketekin, hurrenez hurren.

Geldialdiaren sintomak

Txostenari dagokionez, oro har, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eraikuntzak bere jarduerari eutsi dio 2023. urtean, baina «geldialdiaren» sintomak sumatzen dira, obra publikoen lizitazio bolumenak behera egin duelako eta etxebizitza berrien ekoizpenean «ahulezia» dagoelako.

2023an lizitatutako obra publikoaren zenbatekoa %25 jaitsi da, 1.293 milioi euroraino, 2022ko 1.720 milioien aldean. Lizitatutako obraren bolumenaren atzerakada horrek, Urrestik esan duenez, «2020ko pandemiaren aurreko urteko mailetan kokatzen gaitu».

Toki administrazioak (foru ,aldundiak eta udalak) 2023ko ekitaldian obra publikoetan egindako inbertsio ahaleginaren %48 izan ziren. 2023an 5.527 etxebizitza berri eraikitzen hasi ziren hiru lurraldeetan, aurreko ekitaldian baino %3,6 gutxiago. Guztietatik, 3.743 libreak izango lirateke, eta 1.784 babestuak, +%7,5eko eta -%21eko aldaketekin, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.