2008az geroztik karguan egon ondoren, udazkenean hartuko du erretiroa Arrietak. «Utzi egin nahi dut», argi esan du, baina ez du ezkutatu gustura dagoela eginiko bidearekin.
Nolakoak izan dira hamabost urte hauek?
Esperientzia positiboa izan da. Jende interesgarri asko ezagutu dut. Garai hobeak eta txarragoak izan ditut. 2008ko krisiaren eztanda bizi izan nuen iritsi eta berehala, garai zailak izan ziren akordioak lortzeko. 2012ko lan erreformak eragin handia izan zuen lan harremanetan eta bereziki Euskadiko negoziazio kolektiboan. Erreforma haren oinarrietako bat estatu mailako negoziazioa indartzea baitzen. Horrek akordio interprofesionala eragin zuen, mugarri bat. Gero pandemia... Denetarik izan dut. Baina nire balantzea positiboa da, pozik eta eskertua nago.
Lan gatazkaren bat gogoratzen al duzu bereziki?
Asko, baina bi datozkit burura: Bilboko metroko negoziazio oso zail hura [2011n izan zen];, ondo amaitu zen, poz handia izan zen akordio batekin amaitzea. Eta gero itunpeko irakaskuntzako gatazkarena. Inplikazio handikoa izan zen, eta denbora asko zeraman gogortua.
Askotan isildu behar izan duzu? Zu izan zara partidako epailea.
Zuhurra izaten ikasi behar izan dut. Baina erne, artekaritza ez da ekidistantzia, artekaria inplikatu egiten da prozesuan, proposamenak egin behar ditu, parte hartu behar du. Bere ardura da ez da inor ez molestatzea, zuhurra izan beharra dauka. Eta argi eduki behar du hitz egiten duenean LHKren izenean hitz egiten duela, eta iritzi pertsonalak alde batera utzi behar dituela. Isildu baino gehiago, esandakoa neurtu behar izan dut.
Ordezkoari zer aholku emango zenioke?
Ez naiz aholku eman zalea. Oinarrizko konpetentzia bat behar da, enpatia sortzea, entzuten jakitea. Iritzia eman zaleagoak gara, eta entzutea oso garrantzitsua da. Eta alde ezberdinek gatazketan dituzten jarrerei legitimitatea aitortzea. Legitimitatea elkarrenganako aitortza ezinbestekoa da gatazkak konpontzeko, eta gure lan negoziazio ereduan konpontzeke dagoen auzi bat da.
Gatazketan bi alde daude, enpresa eta langileen ordezkariak. Normalean zein da bestearen legitimitatea aitortzen ez duena?
Lehen goratu dudan zuhurtziaren horren izenean ez dagokit niri esatea nork egiten duen bekatu, ezta ere errudunak seinalatzea.
Nori emango diozu aholku hori?
LHKren presidentearen izendapena lehendakariari dagokio, dekretu bidez. Gizarte eragileekineta [Jaurlaritzako] Lan Sailarekin adostu behar den izendapen bat da. Nor izango den? Egia esan, ez dakit; eta jakingo banu, ez nuke esango. Nire itxaropena udazkenerako argitua egotea da.
«Artekaritza ez da ekidistantzia: artekaria inplikatu egin behar da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu