Arrautzak eta oilasko haragia, gutxiago eta garestiago

Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Supermerkatuetako apaletatik igaro, eta gero eta garestiago dira zenbait produktu. Diru berarekin irten erosketak egitera, eta gutxiago eros daiteke. Joan den uztailean, elikagaien urte arteko inflazioa %12 izan zen Hego Euskal Herrian. Tartean, bada garestitze hori gainditzen duen produkturik: arrautzak eta oilasko haragia.

Iazko ekainean, arrautza kilo batek 2,5 euro balio zuen batez beste, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak argitaratutako datuen arabera —tamaina erdiko arrautza dozena batek 700 gramo pisatzen du gutxi gorabehera—. Urte baten buruan, laurden bat baino gehiago garestitu dira (%28,8); ekainean, 3,20 euro balio zuen kilo batek.

Oilasko haragia ere garestitu da, ez arrautzak bezainbeste, ordea. Kilo batek 4,92 euro balio zuen iazko ekainean. Urtebetean, euro bat garestitu da, kiloko 5,95era arte (+%20).

Oinarrizko produktu horien garestitzeak, ezinbestean, kontsumoa jaitsarazi du. Duela urtebete, ekainean, 37.673.450 arrautza kontsumitu ziren Hego Euskal Herrian. Aurten, bi milioi arrautza gutxiago izan dira: 35.644.780, hain zuzen. Hau da, kontsumoa 13,87 arrautzakoa zen per capita hilean, eta hamabi hilabetean 13,19ra beheititu da(-%4,9).

Oilasko haragia gutxiago garestitu da, baina, proportzioz, kontsumoa gehiago apaldu da. Kilo pasatxo kontsumitzen zen iaz hilabetean, eta, orain, kilora ere ez da iritsi: 900 gramo oilasko haragi jan dira per capita ekainean. Beraz, oilasko kontsumoa %13,5 jaitsi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.