Arrasateko (Gipuzkoa) osasun zentroko eta kanpoko kontsultetako langileek elkarretaratze bat egin zuten atzo, Arrasateko ospitale parean. Osakidetzari eskatu zioten egunotan pairatzen ari diren beroari aurre egiteko neurriak hartzeko. Uztailaren 15an, beste elkarretaratze bat egin zuten kexu horrexekin, baina, ELA sindikatuaren arabera, ordutik ezarritako neurriak ez dira nahikoa izan.
«Beroaren arazoa», ordea, ez da berria; ELAren arabera, 2017an beroaren prebentziorako galdeketa bat bideratu zioten Osakidetzari, baina ez zuten erantzunik izan, eta, beraz, 2018an Lan Ikuskaritzan salaketa bat jarri zuten. Orain, langileen, gaixoen eta erabiltzaileen eskaeraren harira, osasun agintariek aire girotuko aparailu bat ezarri dute solairu batean, konponbide gisa, baina, sindikatuko ordezkarien arabera, instalaziorik gabeko aire girotu sistema bat ezartzeak ez du egoera hobetzen lagundu.
Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, osasun zentroko «solairu guztietan» nabari da arazoa; «estres termikoa» dagoela esan du, eta hori konpontzeko «premiazko neurriak» ezartzeko eskatu du. Azaldu du langileen eta gaixoen «osasun eta osotasun fisikoa» bermatzeko beroaren arazoa lehenetsi behar dela.
ELAk gehitu du «Lan Ikuskaritzaren eskaera bat» dela beroaren arazoari konponbidea ematea, eta salatu du osasun zerbitzuko zuzendaritzak proposaturiko irtenbideak ez duela gaixoen eta langileen ongizatea bermatzen. Hain justu, bigarren solairuko Kardiologiako sailean jarri dute aire girotuko aparailu bat, baina, sindikatuaren arabera, «adabaki» bat besterik ez da. ELAren aburuz, osasun agintariek azaldu dute «gaixoen osasun integrala» lehenestea dela haien helburua; beroaren arazoa konpontzearen eta eraikin berean buruko osasun zerbitzua jartzearen artean aukeratu behar izan dutela azaldu dute, eta «etorkizunean» lehen solairuan ere klimatizazioa jarriko dutela. ELAk, ordea, arazoari ez heltzeko «aitzakia» ikusi du administrazioaren jokaera horretan.
Sindikatuak langileei, gaixoei eta erabiltzaileei dei egin die, elkarretaratzeetan parte hartzen jarrai dezaten; Osakidetzari egotzi diote lehen mailako arta «bigarren mailara» baztertu izana.
Gerizperik ez lan arriskuentzat
Bero izango da gaur eta bihar ere, eta su arrisku handia dago
Arrasateko osasun langileek «beroaren arazoa» salatu dute
Aurreko astelehenean hasi zituzten protestak, eta deitoratu dute Osakidetzak ez duela irtenbiderik eman. ELAk «estres termikoa» salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu