Arrantzaleek hegaluzearen kuotaren erdia soilik harrapatu dute aurten

Maiatzetik urrira arte 12.000 tona inguru arrantzatu dituzte, iaz baino heren bat gutxiago. Prezioa handitu egin da: kiloko 4,13 euro jaso dute arrantzaleek.

Hegaluzeak Getariako portuan, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Hegaluzeak Getariako portuan, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko azaroaren 8a
11:15
Entzun

Hegaluzea arrantzatzeari utzi diote jada Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek. Zapore gaziarekin utzi ere, arrantzaldia espero baino pattalagoa izan baita. Itsas Kofradiak emandako datuen arabera, 24.000 tonatik gora arrantzatzeko eskubidea zuten, baina horren erdia eskas (%51,5) harrapatzeko gai izan dira.

«Itxaropentsu» hasi zuten arrantzaldia, harrapaketa onak egin zituztelako eta prezio onak jaso zituztelako hegaluzeen truke. Uztailaren 10etik 22ra egin zituzten harrapaketarik onenak, baina egun horietatik «arraina sakabanatuz eta gure kostetatik urrunduz joan da», azaldu du Itsas Kofradiak. «Kazea flotak iparraldean amaitu zuen kostera, Irlandako uretatik gertuago euskal uretatik baino. Beita biziko flotak, ordea, kostera Galiziako uretan amaitu du, baina oso gutxi arrantzatuta».

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek iaz baino kuota handiagoa zuten —24.000 tona aurten, eta 18.600 tona iaz—, baina iaz baino %35 gutxiago arrantzatu ahal izan dute.

Hori bai, lonjetara eta arrandegietara hegaluze gutxiago iritsi denez, prezioek gora egin dute. Batez beste, 4,13 euro jaso dute kiloko, iaz baino gehiago.

Maiatzaren erdialdetik urriaren amaiera arte aritu dira baxurako itsasontziak atunetan. Orain, zeregin desberdinetan ari dira. «Artisau arrantzako barku txikien flota arrantza mota ezberdinetara itzuli da, eta beste batzuk algetan aritzen dira. Inguraketa flotan, ordea, batzuk sardina arrantzan ari dira. Beste itsasontzi batzuek, berriz, urtea amaitutzat ematea erabaki dute, eta itsasontzien urteko mantentze lanak egiten hasi dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.