Arrantzaleek horrela erabakita, duela bi egun hasi zen antxoaren kanpaina. Hilabetez geldi egon ostean, neurri bereziak hartuta daude berriz itsasoan. Ehun ontzi baino gehiago dabiltza Bizkaiko golkoan antxoa arrantzatzen, etaprezioekin haserre daude. Emeterio Urrestik, Getariako Kofradiako presidenteak, egoera «lotsagarria» dela salatu du: «Marinelak eta beste hainbat pertsona hartzen ari diren arriskua ikusita, penagarria da merkatuak eman duen erantzuna».
Orain arte, Bizkaiko mendebaldetik haragoko uretan pilatu dira euskal arrantzale gehienak, eta, ondorioz, Bermeoko portuak eta Laredokoak eta Santoñakoak (Kantabria, Espainia) jaso dute ontzi gehien. Baina bada deskargatu gabe geratu den ontzirik ere, antxoaren prezioak behea jo baitzuen astelehenean.
Arrainaren prezioa hiru faktorek baldintzatu dutela azaldu du Urrestik: arrantzatutako antxoaren tamaina txikiak, kontserba enpresentzat antxoa horrek balio ez izateak, eta ontziek portura sartzeko dituzten ordutegiek. «Zoritxarrez, geneukan kezka bete egin da, eta, sorpresarik ez dagoen arren, oso haserre daude arrantzaleak. Jasotako prezioak ikusita, ez du merezi osasuna ontzian jokatzea. Horretarako, etxean geratzea da onena; ez irabazirik, ez galerarik, eta osasuna bermatu».
Koronabirusa dela eta, hainbat segurtasun neurri jarri behar izan dituzte portuetan. Haietako batek, txandakako deskargatzearenak, eragin zuzena du prezioetan.«Kontserba enpresek ez dute erosten arrain txikia, eta arrandegietarako muga bat dago, ez dutelako erosiko salduko ez dutena. Goizean deskargatzen duenak eramaten du preziorik onena, eta, azkenengoak preziorik txikiena».
Hori gertatu zitzaion Lekeitioko Kalamua ontziari astelehenean. Haren aurretik zihoan Ondarroako ontzi bati kiloko 0,10 euro eskaini ziotela ikusita, ez deskargatzea erabaki zuen kapitainak. «Prezio horretan saltzea denbora galtzea da», azaldu du Kalamua-ko neskatilak, Oihana Galateak. «Nire neba da Kalamua-ko kapitaina, eta, entzun zuenean zenbateko prezioan ari ziren arraina erosten, erabaki zuen portura joateko denbora hori arrantzatzen jarraitzeko erabiltzea». Atzo goizean saldu zuen azkenean, Ondarroako lonjan, 0,85 euroan. Portu horretan hobekien ordaindutako prezioa kiloko 1,18 euro izan zen.
Galatea ados dago prezio adostu bat jartzearekin, arrantzaleei etekin duin bat ziurtatzeko. «Urteak daramagu esaten beharrezkoa dela gutxieneko preziobat jartzea. Atzo [herenegun], antxoa hamar, hogei eta 30 zentimoan egon zen [lonjan], eta gaur [atzo] sei euroan egon da arrandegietan. Beti pentsatu dugu arrantzaleei erosteko orduan bitartekariek kontuan hartu behar dutela dendetan zenbatean salduko den».
Kanpainaren orain arteko emaitzekin kezkatuta dago Galatea, baina baita itsasoko langileen osasunarekin ere. «Guk badaukagu gizon bat kanpaina hasi baino lehen konfinamenduan egon dena eta itsasora atera barik geratu dena. Zer esanik ez ontzian dagoen norbait hartzen badu, jarduera guztia eten beharko du Kalamua-k. Ez genuke nahi». Izan ere, maskarekin eta eskularruekin dabiltza lanean, eta egunero ontzitik igo eta jaitsi behar dutenei tenperatura hartzen diete. Halere, testik ez diete egingo. Horrez gain, arrantzale batzuek aste osoa egin beharko dute ontzitik jaitsi barik, kutsatzeko arriskua txikitzeko asmoz.
Beste inguru batzuetara
Urrestik uste du egoera berrikusi beharko dutela arrantzaleek. «Arrainaren tamaina eta kopurua kontuan hartuta, eta birusaren eragina kontuan hartuta, astero-edo berregin beharko da plangintza, neurri berriak hartzeko edo itsasora joatea merezi duen ikusteko». Prezio hobeak lortze aldera, 10.000 tonatik 6.000 tonara jaitsi zuten ontzi bakoitzaren eguneko kuota. Oraingoz emaitzarik eman ez duenez, beste bide batzuk hartu dituzte hainbat itsasontzik. «Flota banatu egin da. Orain Frantziako plataforman egongo da zati bat, eta Kantauri itsasoan beste zati bat; horrela, ontziak portu ezberdinetan deskargatu ahalko dituzte: Getarian, Pasaian, Bermeon, Santoñan...». Atzo Getarian deskargatu zuen ontzi batek, esaterako, kiloa 1,30 euroan saltzea lortu zuen.
Koronabirusa
Arrantzaleak haserre, antxoa oso gutxi pagatu dietelako
Txikia izan da lehen bi egunetako antxoa, eta ez du balio kontserbarako. Itsasontzi batzuek ez dute deskargatu nahi izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu