Arrantza

Arrantzaleak berdela ezin harrapatu dabiltza

Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat eskatu du espezieri buruz. Biomasa egoera onean dago, baina bere ibilia aldatu egin da. Antxoaren kanpaina iazkoa baino hobea izan da.

Arrantzale bat berdela deskargatzen Hondarribiko portuan. JOSE IGNACIO UNANUE
jokin sagarzazu
2023ko maiatzaren 5a
15:49
Entzun

Zer gertatzen ari da berdelarekin? Martxoan kanpaina hasi zenetik maiz entzuten da galdera hori Euskal Herriko portuetan eta arrandegietan. Berdel gutxiago arrantzatzen ari da aurten. Arrantzaleen arabera, egon badago, baina ez ohiko lekuetan, beste modu batera mugitzen ari da eta ur sakonagoetan harrapatzen ari dira.

Egoerarekin kezkatuta, Eusko Jaurlaritzak aldaketa horren arrazoiak aztertzeko eskatuko dio Azti ikerketa zentroari eta IEO Espainiako Institutu Ozeanografikoari, eta izandako galerei aurre egiteko laguntzak iragarri ditu berdela arrantzatzen duen artisau flotarentzat. Hala jakinarazi du Bittor Oroz Arrantza sailburuordeak, Getarian (Gipuzkoa) eginiko agerraldi batean.

Arrantzaleek kezka handiz bizi dute egoera. Baxurako ontzien kanpaina nagusietako bat da berdelarena, hegaluzearenarekin batera. Eta bereziki garrantzitsua da amua erabiltzen duten itsasontzientzat; berdelak urteko emaitzen %50-%70 inguru suposatzen du haientzat. Aurten kolpe «gogorra» jasoko dutela azaldu dute. Honezkero kanpainak amaituta edo bukatzear egon beharko luke, baina kuotaren %40 inguru baino ez dute arrantzatu. Eta berdeletara gehiago ateratzeko itxaropen guztiak galdu dituzte, apiril amaieran arraina urrundu egin ohi delako Asturias (Espainia) aldera.

Inguraketakoak, hobeto

Inguraketa flotaren kasuan, berriz, egoera hobea da. Kuotaren %90 inguru harrapatu dute eta orain berdela utzi eta antxoatan dabiltza. Batzuek eta besteek guztira, 11,6 milioi kilo berdel deskargatu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan, horietatik 7,5 milioi bertako ontziek. Azken asteetan aldaketa handirik ez badago, euskal ontziei esleitutako kuotatik 3,5 milioi inguru utziko dituzte arrantzatu gabe.

Beste kontu batek ere kezkatzen ditu arrantzaleak: prezioa. Gutxiago arrantzatu arren, aurten berdel kiloa 1,05 euroan ordaindu da eta iaz 1,42 euroan pagatu zen. 2022an hegaluze baino berdel tona gehiago deskargatu zen Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan, eta lehen postuan kokatu zen.

Berdelaren kontsumoa, baina, oso txikia da Hego Euskal Herrian, lehorreratutakoaren %10 baino ez, eta erosketa bultzatzeko egindako kanpainek arrakasta eskasa izan dute. Azkenengoa, aurtengoa: Jaurlaritzak Eusko Label produktuen zerrendara gehitu du berdela, antxoarekin eta hegaluzearekin batera.

Ezkutatu egin da

Zergatik izaten ari da aurtengo kanpaina batzuentzat ona eta beste batzuentzat hain txarra? Berdela egon badagoela diote espeziearen biomasa aztertzeko egindako ikerketek eta hala erakusten dute inguraketa ontzien harrapaketek ere. Baina amuarekin arrantzatzen dutenek zailtasun asko topatzen ari direla diote.

«Arrantzaleak ikusten ari dira berdelak bere ohiko ibilbideak aldatu dituela, eta itsasoan oso azpian geratzen dela. Berdela dagoela dirudi, baina ezinezkoa da amuko teknikekin arrantzatzea», adierazi du Miren Garmendiak, Gipuzkoako kofradien elkarteko idazkariak. «Azkenengo urteetan berdel gutxiago etortzen ari da gure kostaldera, erdia inguru, eta jokabide ezberdinarekin», gaineratu du Emeterio Urrestik, Getariako kofradiako presidenteak.

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordeak azaldu duenez, egoera «nahiko berria» da, arrantzaleek Bizkaiko Golko osoan nabari dute, «baina baita beste itsaso batzuetan ere». Benetan zer geratzen ari den jakiteko denbora beharko dela dio, eta «espekulazioetan» ez erortzeko eskatu du. «Oinarri zientifiko eskaseko hipotesiak» zabaltzen ari direla salatu du. «Urte bateko edo urte batzuetako emaitzekin ez da nahikoa. Datu serieak hartu behar dira kontuan».

Hegaluzearen kasuan, adibidez, 2015etik 2017ra jokabide aldaketa batzuk egon ziren, baina normaltasunera itzuli da. «Halako aldaketak ohikoak izan daitezke».

Hipotesien artean, batzuek aipatzen dute Bizkaiko Golkoan hilabete hauetan hegalaburraren presentzia handitu dela, eta ale horietako batzuk ohikoak baino tamaina handiagokoak direla. Hegalaburrak berdela jan ohi du eta horrek eragingo luke itsas hondoan ezkutatzea.

Berdelak Norvegiara migratu duela esaten duenik ere badago, herrialde horrek berdel kuotak eskatu dituelako. Hori guztia azaltzeko aldaketa klimatikoarekin lotutako arrazoiak ere aipatzen dira. «Esaten diren gauza asko frogatu gabe daude. Utz diezaiegun zientifikoei lan egiten», azpimarratu du Orozek.

Antxoa, handia eta gertu

Oso bestelakoa izaten ari da antxoaren kanpaina. Aurreko urteetan euskal arrantzaleen kezka iturri nagusietako bat izan zen, oso azkar amaitzen baitzen. Aurten poliki hasi dute kanpaina, prezioak igoaraziz, eta oraindik kuotaren erdia inguru dute arrantzatzeke.

Batez beste 1,89 euroan ordaintzen ari da antxoa kiloa Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetako enkanteetan, eta iaz garai honetan 1,08 euroan zegoen. Tamaina handiagoko antxoa harrapatu izanak eragin du igoera, kontserbetarako egokiagoak direlako.

Gainera, iaz baino gertuago arrantzatu dute, garraio gastuak murriztuz eta Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetako deskargak handituz. Guztira sei milioi kilo lehorreratu dituzte, iaz baino bi milioi gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.