Koronabirusa

Arrantzale guztiei koronabirusaren probak egiten hasi da Jaurlaritza

Gipuzkoako baxurako 545ekin eta lonjetako 29ekin hasi dira, eta ez dute kasu positiborik aurkitu

Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Bide onetik hasi da arrantzaleen artean koronabirusaren hedapena neurtzeko Eusko Jaurlaritzaegiten ari den azterketa. Asteburu honetan egin dizkiete testak Gipuzkoako baxurako 545 arrantzaleei eta lonjetan aritzen diren 29 langileei. Kasu positiborik ez dute aurkitu. Hurrengo asteetan egin nahi dizkiete COVID-19aren probak Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzale guzti-guztiei. Gizarte Segurantzaren azken datuen arabera, 4.120 langile ari dira atal horretan kotizatzen.

Joan den astelehenean hasi zuten antxoaren kostera Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek, ohi baino hilabete eta erdi beranduago. Segurtasun neurri bereziekin ari dira ontzietan, baina, hala ere, Eusko Jaurlaritzak erabaki du arrantzale guztiei PCR testak egitea, haien lanean oso zaila delako langileen arteko segurtasun distantzia gordetzea. Lotarako orduan eta jatorduetan ere oso gertu egoten dira elkarri.

Kofradietako ordezkariek eskerrak eman dizkiete Jaurlaritzari eta testak egiten laguntzen ari diren DYAko boluntaroiei. Azaldu dutenez, kofradietan ari dira probak egiten, lehorreratu eta berehala.

Datorren asteburuan egingo dizkiete azterketak Bizkaian antxoatan ari diren zazpi itsasontzietako arrantzaleei. 110 arrantzale dira.

Horren aurretik, gaur bertan, azterketa egingo diete Pasaiako (Gipuzkoa) Egunabar arrantzontziko 26 arrantzaleei. Astean itsasoratuko dira berriro, bakailaoa arrantzatzera Norvegiako eta Ternuako uretan.

Behin baxurako arrantzaleei azterketak egin ondoren, Ondarroako hamabi arrasteontzietako 120 arrantzaleekin jarraituko dute. Frantzia iparraldean ari dira orain, baina asteburuan dira portura itzultzekoak, egun gutxi batzuetarako.

Maiatzaren bigarren erdian jarraituko dute azterketa kanpainan, hegaluzearen kosteraren aurretik. Lehenik, kazako arrantza egiten dutenei egingo dizkiete probak, eta, gero, beste arrantza mota batzuetan aritzen direnei.

Bermeoko portuan (Bizkaia) egoitza duten atun hozkailuontzietako arrantzaleei ere egingo dizkiete PCR azterketak. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak azaldu duenez, tripulazioen erreleboa egiteko zain daude. Aireportuen itxierak arrantzale horietako batzuen ordezkapena trabatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.