Ostegunean publikatu zuten erabakia Frantziako Agerkari Ofizialean: urtarrilaren 22tik otsailaren 20ra, Frantziako Estatuaren menpeko uretan debekatua izanen da Bizkaiko golkoan arrantza egitea. Iaz ez bezala, Lapurdiko ontziez gain Bizkaiko lau arrasteontzi ere ukituko ditu neurriak. Ordainean, kalte ordainak emanen dituela iragarri du Frantziako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak: urteko negozio zenbatekoaren %85 emanen diete arrantzaleei. Iaz, bi eguneko greba egin zuten arrantzaleek; aurten, ez da halakorik aurreikusia. Neurriaren funtsa kritikatu eta kalte ekonomikoa salatu dute Baionan.
Izurdeak ernaltzeko garaia da urte hasiera, eta itsasoko ugaztun hori babestea da Frantziako Gobernuak hartu duen neurriaren helburua. Ifremer itsasoa ustiatzeko Frantziako ikerketa institutuaren arabera, 3.000 eta 11.000 izurde artean harrapatzen dituzte urtero Bizkaiko golkoan. Europan, 680.000 izurdeko populazioa dela jotzen dute. Hau da, heriotza tasa %0,6 eta %2 artekoa litzateke. «Hori nahikoa da espezie babestu horren iraupena arriskuan jartzeko», Ifremerren arabera.
Datu horiek zalantzan eman ditu Gael Gueffier Saint Pierre itsasontziaren jabe eta arrantzaleak: «Ez dugu inolako frogarik emanak diren zenbakiei buruz». Haren hitzetan, 1.500 izurde inguru hondartzen dira urtero euskal kostaldean, baina CNRS ikerketa zentroari atxikia den Pelagis behatokiak ez ditu ezagutarazten animaliei egindako autopsiak. «Ez dugu ulertzen erabakia». Izan ere, haren arabera, inoiz baino izurde gehiago da Euskal Herriko kostaldean. «Itsasertzera gero eta gehiago hurbildu dira, eta, ondorioz, gero eta interakzio gehiago da. Istripuzko harrapaketak gertatzen dira, baina albo kalteak dira». Baieztatu du berea bezalako itsasontzi bati ez zaiola sekula gertatu izurde bat harrapatzea.
Gogor mintzatu da neurria ezartzeko eskatzen duten ingurumen elkarteen kontra: «Hilabeteko geldialdia eskatzen zuten, baina lau hilabete nahi dituzte, eta lortu arte segituko dute. Funtsean, arrantzaren abolizioa da haien helburua», haserretu da. «Ez dut sinesten ahal bestelako konponbiderik aurkitzen ahal ez denik. Duda dut bestelako konponbiderik bilatzen ari ote diren». Haren iritziz, badira beste gai batzuk ere lantzen ahalko liratekeenak, hala nola itsasoko kutsadura, edo alga batzuekin sortutako arazoak.
«Erosleak jakin dezala: ondoko hilabetean eskuragarri izanen duten arraina ez da Euskal Herriko kostaldekoa izanen». GAEL GUEFFIER'Saint Pierre' ontziaren jabea
Baionako portuan gelditzen den azken arrantzaontzia da Saint Pierre. Sare arrantzan aritzen da, astelehenetik ostiralera, Donibane Lohizune (Lapurdi) eta Capbreton (Okzitania) arteko uretan. «Goizean jartzen ditugu sareak, eta arratsaldetan jasotzen ditugu. Arraro da egunean ehun kilo baino gehiago arrantzatzea». Ondoren, zuzeneko salmenta egiten du, Baionako Marines etorbidean eta Capbretonen. Euskal kostaldean aurkitu daitezkeen eredu ezberdinak aipatu ditu: badira itsasontzi handiagoak hiruzpalau eguneko kanpainetara ateratzen direnak, eta baita Europako «itsasontzi fabrikak» ere. «Nik urte batean arrantzatzen dudana biltzen dute egunero batzuek», deitoratu du.
Orain dela hiru urte egin zen itsasontziaren jabe; emaztea itsasontziko langile du: «Gure familiako lansariaren %100 gure arrantzatik heldu da», azpimarratu du, eta ohartarazi kaltea dakarkiela hilabete batez gelditzeak. Frantziako Gobernuak urteko zenbatekoaren %80 emanen diela hitzeman die arrantzaleei; ez zaio egokia. «Urteko zenbatekoaren %92 gastuak dira guretzat». Gaineratu du anitz aldatzen dela hilabete batetik bestera zer arrantzatu dezaketen. «Eguraldiaren arabera, itsasoaren arabera, oso desberdina da. Hilabete batez gelditzea oso kaltegarria da guretzat». Adibide konkretua eman du: «Azken egunetan egin duen eguraldiagatik, badu bost egun ez garela itsasora atera. Aski du debekua bukatuta bi astez eguraldi txarra egitea, eta orotara 45 egun egonen gara atera gabe».
Tokiko arrantza arriskuan dela salatu du, eta arrandegiei ere egin die kritika, ironiaz: «Inguruko arrandegi anitzek tokiko arraina saltzen dutela erran ohi dute, harro; harritua naiz haien isiltasunaz. Erosleak jakin dezala: ondoko hilabetean eskuragarri izanen duten arraina ez da Euskal Herriko kostaldekoa izanen, zamaontzi eta kamioietan kilometroak iragandakoa baizik».
Hegoaldeko ontziak
Debekuak Ondarroako lau arrasteontziri eragiten diela azaldu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak asteburuan. Haren arabera, prezioak igotzea izan daiteke indarrean sartu den debekuaren ondorio nagusia, batez ere legatzarekin. «Ez da arrainik faltako, baina harrapaketa txikiagoekin, gerta daiteke prezioa igotzea».
Gaineratu du Jaurlaritza adi egongo dela zer gertatzen den Pasaiako lonjan, han egiten delako legatzaren salerosketarik handiena.
Debekua zabaltzeko izan daitezkeen aukerei buruz, Tapiak esan du aztertu egin beharko dela «nola babestu izurdeak eta, aldi berean, modu iraunkorrean arrantza egin».